2019ko ekainaren 28a

324.000 euroren truke esleitu dira X Izpien ekipo berriak Tafallako eta Doneztebeko osasun-zentroetarako

Tafallako erradiologiako ekipoa berrituta, diagnostiko probak gehitu eta Eskualdeko Larrialdietako Zerbitzuaren laguntza-gaitasuna indartu ahal izango dira

Osasun Departamentuak Doneztebeko eta Tafallako osasun-zentroetarako X Izpien bi ekiporen erosketa esleitu du guztira 324.000 euroren truke (BEZ barne).

Hornidura horien helburua da herritarrei arreta hobea ematea, osasun-profesionalen ebazpen-gaitasuna gehitzea eta Iruñera beharrezkoak ez diren joan-etorriak egitea saihestea irudi bidezko diagnostikoak lortzeko.

Erradiologiako bi gelak robotizatuta egongo dira, eta maiztasun handiko X Izpien sorgailu bat izango dute mikroprozesadore batek kontrolatua, aparatua automatikoki kokatzeko, irudien abiadura eta kalitatea nabarmen hobetuaz. Horrez gain, ekipoak aukera ematen du gaixoak proba egiterakoan jasotzen duen erradiazio-dosia ezagutzeko.

Tafallako gelak, halaber, telemetria izango du; hau da, irudi bakar batean konbentzionalek baino luzera handiagoko alde anatomikoak ikusteko aukera ematen duen teknologia, jaurtiketa gutxirekin ia gorputz osoaren irudiak lortzeko aukera ere eskainiaz.

Proba erradiologikoak jada ez dira formatu fisikoan egiten, formatu digitalean baizik, eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko-Osasunbideako sarearen edozein puntutan ikus ahal izango dira.

Ordutegi zabalagoa Tafallan

Tafallan, instalazioaren aurretik, lehengo ekipoa kendu eta gela egokituko da. Ekipoa berrituta, Tafallako osasun-zentroan proba-mota gehiago egin ahal izango dira, barrutiko Lehen Arretako taldeei dagokienean (Tafalla, Erriberri-Caparroso, Zarrakaztelu, Azkoien eta Larraga-Artaxoa) nahiz Tafallako Eskualdeko Larrialdietako Zerbitzuarentzat (ELZ), Iruñera joan-etorririk egin beharrik izan gabe.

ELZ apirilean ireki zen, eta, horrekin batera, proba diagnostikoak egiteko ordutegia asteko egun guztietara zabaldu zen, 22:00ak arte, jai-egunak barne.