Descárgate la app
Zenotzen (Ultzama) egingo da ostegun honetatik aurrera arkitektura-campusa, baliabide tekniko berriak eta bizitzeko modu berriak aztertzeko adineko pertsonentzat eta gazteentzat
2019ko ekainaren 27a
Zenotzen (Ultzama) egingo da ostegun honetatik aurrera arkitektura-campusa, baliabide tekniko berriak eta bizitzeko modu berriak aztertzeko adineko pertsonentzat eta gazteentzat
Ultzama Nazioarteko Campusa Arquitectura y Sociedad Fundazioak antolatu du, Nafarroako Gobernuarekin (Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartez), La Caixa Gizarte Ekintzarekin eta Nafarroako Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, eta jarduera ezberdinak garatuko dira ostegun honetan, ekainaren 27an, hasi eta uztailaren 6ra bitarte, ‘Hiria humanizatzea’ goiburupean. Besteak beste, arkitekto ospetsuen arteko eztabaidak eta gradu-ondoko ikasleentzako tailerrak egingo dira.
Aurtengo edizioan, ikasleen lanak helburu bikoitza izango du; alegia, irtenbide arkitektonikoak ematea eta garatzea, egungo gizartean bizitzeko eta elkarbizitza jorratzeko sortzen ari diren premia eta modu berriei erantzuna emate aldera, arreta berezia eskainiaz hirugarren adinekoak eta gazteak bezalako taldeen eskaerei, edota eraikitzeko prozesu berritzaileak eta industrializagarriak sartzea jorratuaz.
Arquitectura y Sociedad Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu zuten 2017ko ekainean, eta, bertan, Arkitekturako Biurteko Biltzarrean Foru Exekutiboaren lankidetza erregulatzeaz gain, udako nazioarteko eskola hau abian jarri zen, prestakuntza eta esperimentaziorako espazio bat prestatze aldera, arkitektura, eraikuntza eta etxebizitza-politika bezalako gaien inguruan hausnarketak eta proposamen berritzaileak sortzeko. Eskolaren bidez sortutako ezagutza eta proiektuak Foru Komunitatean aprobetxatuko dira Nasuvinsak garatzen dituen etxebizitza-politiketan.
Udako eskola Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordea den Miguel Laparrak eta Patxi Mangadok, Arquitectura y Sociedad Fundazioaren ugazabak eta eskolaren zuzendariak, irekiko dute larunbatean, eta ekitaldian baita ere parte hartuko dute Sustapen Ministerioko Etxebizitzako zuzendari nagusia den Javier Martín Ramírok nahiz La Caixako Gizarte Ekintzako eta Nafarroako Kutxa Fundazioko ordezkariek, Ultzama Campusaren babesleak izanik.
Ultzama 2019 Campuseko tailerretan guztira 16 ikaslek hartuko dute parte; hots, karrera-amaierako proiektuko ikasleek eta nazioarteko unibertsitate ezberdinetako titulatu berriek, eta aurreko urteetan bezala, bi lantalde banatuko dira, bakoitza Nafarroako Patxi Mangado arkitektoak eta Portugalgo Euduardo Souto de Mourak babestuta. Taldeek aurreproiektu bana eta bizitzeko eraikinen proposamenak garatuko dituzte Nasuvinsarentzat, sozietate publikoak Mutiloan eta Ardoin dituen partzela errealetan kokatuta.
Nasuvinsak Ultzama Campuseko bi lantalderi proposatu die, alokairurako etxebizitza publikoa sustatzeko testuinguruan, bizikidetza eta gizarteratzea errazten duten eraikinen eta espazio arkitektonikoen planteamenduen gaineko hausnarketa egiteko eta lantzeko, bereziki premia espezifikoak dituzten taldeei erreparatuta; hau da, 65 urtetik gorako pertsonak eta gazteak.
Era berean, ikasleei eskatzen zaie bi bizileku bloke horien eraikuntzan industrializazio eta eraikuntza iraunkorraren prozesuak sartzea, kalitate handiagoko arkitektura eta hiria lortzen aurrera egite aldera.
Erabilgarritasuna etorkizuneko proiektuetan
Bi tailer horien emaitza dokumentu batean jasoko da, ondoren Nasuvinsa sozietateari emateko, proiektuen garapen errealetan erabil dezan, aurreko bi ediziotan gertatu den moduan. Ultzama Campusetik ateratako proposamenen bat inspirazio moduan erabili zen, adibidez, hirugarren adinekoentzako apartamentuen Zure-Tokia proiektua idazteko. Proiektu hori Nasuvinsak sustatzen du Azpilagañako auzoan Iruñeko Udalarekin elkarlanean.
Ultzama Campusaren udako nazioarteko eskolan izena emandako 16 ikasletatik erdiak lana barneko ikasle moduan egingo dute Zenotzeko Zaldizko Zentroan, Ultzaman, eta atzerriko arkitekturako goi zentro ezberdinetakoak dira —lau Estatu Batuetako unibertsitatetakoak, bi Italiakoak, bat Portugalgoa eta beste bat Txilekoa—. Beste erdiari dagokionean, berriz, hiruk Nafarroako Unibertsitatean ikasi dute, kasu honetan Nasuvinsaren bekarekin, eta beste bostak Estatuko gainerako lekuetako beste hainbat eskolatakoak dira, tartean, Madril, Bartzelona, Valentzia, Malaga eta Granada.
Proiektuen tailerren sarrera gisa eta baita Ultzama Campusaren zati gisa ere, ostegun honetako (ekainak 27) arratsaldetik aurrera Topaketen programa garatuko da, eta, ikasleekin batera eta eztabaida eta hausnarketarako espazio moduan, nazioarteko arkitekto ospetsuak bilduko dira, eraikuntzan eta irakaskuntzan esperientzia dutenak, arkitekturarekin sozialki eta profesionalki konprometitutako agenteen truke intelektuala eta elkarbizitza sustatzeko helburuarekin.
Eztabaidak eta hausnarketak izen handiko arkitektoekin
Herrialde ezberdinetatik etorritako 25 arkitekto, gazteak eta seniorrak, hausnarketa-lanetan arituko dira aurkezpen eta eztabaida-saio ezberdinetan zehar, Campusaren hiru egunetan, Zenotzeko Zaldizko Zentroan. Hain zuzen ere, industrializazio-prozesuek eskaintzen duten aukeraz arituko dira, eraikuntza hobetzeko eta kalitatezko arkitektura sortzeko estrategia gisa; hots, gizarte osoarentzako espazio bizigarri eta irisgarri moduan.
Besteak beste, Topaketetan parte hartuko dute nazioarteko honako arkitekto eta irakasle hauek: Edward Baum, Johan Celsing, Inès Lamunière, Ákos Moravánszky, Franz Graf edo Juan Calatrava; baita ondorengo arkitekto gazteek ere: Lina Ghotmeh, Sara de Giles edo Juan José López de la Cruz; eta Fernando Oíza, Manuel Blasco eta Maite Apezteguía bezalako Nafarroako ordezkariek; nahiz Campusaren anfitrioiak berak, Patxi Mangadok.
Topaketa horietan, halaber, herritarrentzat irekitako bi saio antolatu dira Ultzama Campusean parte hartzen duten bi arkitekto adituren eskutik. Lehen saioa bihar, ostiralean, ekainaren 28an, izango da 19:00etan, Arquitectura y Sociedad Fundazioak Iruñeko Iturralde Suit kaleko 3-5 zenbakian duen egoitzan. Bertan parte hartuko dute Portugalgo Joao Nunes ikerlariak eta Alemaniako Matthias Sauerbtuch irakasleak. Bigarren saioa, berriz, etzi, larunbatean, hilaren 29an, izango da 19:00etan Jorge Oteiza Museoan, Juan Herrerosekin, Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko katedradunarekin. Bi saioak Wilfried Wang-ek moderatuko ditu; hots, Berlingo Hoindn Partner-en sortzaileak eta Texasko Unibertsitateko irakasleak.
Patxi Mangado arkitektoak bultzatuta, Arquitectura y Sociedad Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, hausnarketarako eta eztabaidarako foroa osatzeaz gain, arkitektura alderdi ugaritan berriz pentsatzeko ekimenak sustatzea helburu duena, gizartearen zerbitzura dagoen jarduera intelektual eta funtzional moduan. Fundazioak egindako jarduerarik ezagunenen artean aurkitzen dira Arkitekturako Nazioarteko Biltzarrak, bi urtetik behin eta dagoeneko bost ediziotan egin direnak Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregian, munduko arkitekto eta pentsalari nabarmenenetariko batzuen parte hartzearekin.