Nafarroako meatzaritza sektoreak meategietarako eskola bisiten programa proposatu du datorren ikasturterako

Enpresek dibulgaziozko ibilbideak eta hitzaldiak eskainiko dizkiete Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleei
2019ko ekainaren 25a
Magnesitas Navarras.
camera_alt Magnesitas Navarras.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako meatzaritza arloko bi elkarteek, AEMINAk (Nafarroako Meatzaritza Enpresen Elkartea) eta AFARIMEk (Nafarroako Agregakin Fabrikatzaileen eta Erauzketa bidezko Meatzaritza Industriaren Elkartea), Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, ikastetxeei zuzendutako meategietarako bisita-programa diseinatu dute 2019-2020 ikasturterako. Nafarroako Gobernuko Meategien Atalak informazio-gutuna bidali du astelehen honetan, sektorearen proposamenaren berri emateko.

Ekimen honen bidez, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek bertatik bertara ezagutzen ahalko dituzte nolako neurriak hartzen diren ingurumenaren gaineko inpaktua murrizteko, nolakoa den meategi barne egungo lana, eta zeintzuk diren meategietan lan egiten duten profesionalak. Horrela, erauzketa jarduerei buruz jaso ohi duten informazioa handitzeko aukera izanen dute, izan ere, honelako jarduerek nekazaritza edo industria gisako beste jarduera ekonomiko batzuek baino ezagutza sozial txikiagoa dute.

Bisitetan argi utzi nahi dute meatzaritza industria guztiak lehengaiez hornitzen dituen jarduera dela, izan ere, gizarteak erabiltzen dituen produktu guzti-guztiak, janaria eta zura izan ezik, meategiren batetik ateratakoak dira: aerosorgailuetatik panel fotovoltaikoetaraino, farmakoak, soroen ongarriak, ordenagailuak, etxebizitzak eraikitzeko materialak, ibilgailuak eta abar barne hartuz.

Horretarako, sektoreak Nafarroan zehar sakabanatuta dauden hainbat harrobi eta legar-hobi hautatu ditu: Magnesitas Navarras harrobia, Eugin, eta Zubirin duen lantegia; Calinsa-LHOIST enpresaren agregakinen ustiategia, Tiebasen; Hormavasaren legar-hobia, Castejonen, eta Cementos Portland Valderrivas enpresaren harrobia eta Olaztin duen lantegia. Horiez gain, Geoalcali enpresak Zangoza eta Xabier aldeko potasa meategia ustiatzeko egindako zundaketen laginak gordetzeko erabiltzen duen Zangozako nabea bisitatzeko aukera ere izanen da.

Ordezko edo osagarrizko jarduera gisa, ikastetxeei proposatu zaie meatzaritza arloko profesionalak ikastetxe edo institutuetara joatea jarduera horri buruzko dibulgaziozko hitzaldiak emateko, ikasle eta irakasleei gai horri buruz nahi bezainbeste galdera egiteko aukera eskainiz.

Bisita guztiak doakoak izanen dira, eta zenbait kasutan, azalpenak hainbat hizkuntzatan jasotzeko aukera izanen da.

Interesatuta dauden ikastetxeak harremanetan jar daitezke Nafarroako Gobernuko Meategien Atalarekin 848 42 64 67 telefonoan edo minas@navarra.es helbide elektronikoan.