Descárgate la app
I+Gko 133 proiektu garatzeko ia 11 milioi euroko diru-laguntza banatuko da 144 entitateen artean
2019ko ekainaren 25a
I+Gko 133 proiektu garatzeko ia 11 milioi euroko diru-laguntza banatuko da 144 entitateren artean
Jarduneko Nafarroako Gobernuak 2019ko I+Gko proiektuetarako deialdiaren emaitza ezagutarazi du, zeinaren bidez 10,8 milioi euro bideratuko dituen, %50a EGEF funtsetatik hartuz, laguntzak eskatu dituzten 144 entitateek 133 proiektu abian jar ditzaten. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 1,8 milioi euro jasoko ditu aurkeztutako 28 eskaeretatik 23tan oniritzia jaso ostean.
Laguntzak hiru aurrekontu-ekitalditan banatuko dira: 2,6 milioi 2019an; 5,4 milioi 2020an eta 2,7 milioi 2021ean. Zenbateko horiek guztiak Europako Eskualde Garapenerako Funtsak kofinantzatu ditu FEDER 2014-2020 programaren bitartez.
Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko deialdian, 188 entitatek 248 eskaera aurkeztu zituzten guztira, eta horietarik 189 onetsi dira. Hots, dirulaguntza eskatu duten lau entitatetatik 3k eta aurkeztutako 4 proiektutatik 3k I+G garatzeko laguntza jasoko dute Nafarroan.
Gogoratu behar da entitate bakoitzak eskaera bat baino gehiago aurkezten ahal zuela modalitate hauetan: banakakoa, beste entitate batzuekin gauzatutako proiektu kolaboratibo bati atxikitakoa edota ezagutzaren transferentzia xede duena.
Guztira, 176 proiektu aurkeztu dira: banakako 115 proiektu, 20 proiektu kolaboratibo eta ezagutzaren transferentzia xede duten 41 proiektu. Banakako 87 proiektu onetsi dira, eta guztien artean, 4,06 milioi euro jasoko dituzte; onartutako 13 proiektu kolaboratiboek 1,5 milioi jasoko dituzte eta ezagutza transferitzeko 33 proiektuk 5,27 milioi.
S3ko sektoreak
Laguntzen guztizko zenbatekoaren % 93 S3 deritzon Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategian zehaztutako lehentasunezko sektoreetara bideratuko da, honela banatuta:
- Automobilgintza eta mekatronika: laguntzen % 26
- Energia berriztagarriak eta baliabideak: % 23
- Elikadura katea: % 21
- Osasuna: % 17
- Sormen industriak eta industria digitalak: % 4
- Turismo integrala: % 2
Funtsen hiru laurdenen bidez (% 77) S3an ezarritako erronketako batzuk finantzatuko dira. Gogoan izan behar da % 25 Nafarroako industria 4.0 bihurtzeko erabiliko dela eta % 10 ekonomia zirkularra sustatzeko.
Entitaterik aktiboenak
NUP izan da entitaterik aktiboena, aurkeztutako eskaera kopuruan (28) nahiz jasotako zenbatekoa, 1,87 milioi (deialdiaren % 14,5). Erakunde akademikoak aurkezturiko 23 eskaera onartu dira.
200.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasoko duten gainerako entitateen artean, honako hauek nabarmentzen ahal dira: Automobilgintzako I+G+b Fundazioa, 356.067 eurorekin; Elikadura arloko Segurtasunerako Zentro Nazionala (CNTA), San Adrianen kokatua, 293.863 eurorekin onartuak dituen hiru proiektuetarako; eta Nafarroako Industria Elkartea (AIN), 286.541 eurorekin onartuak dituen bi proiektuak finantzatzeko. Halaber, Industrial Augmented Realy (iAR) enpresaren hiru proiektu onetsi dira (bat modalitate bakoitzeko) eta 109.676 euro jasoko ditu.