Descárgate la app
Artilezko Hodeiak stand-a eta Lazeria zurezko ontzitegia, Artisautza Azokako saridunak
2019ko ekainaren 21a
Artilezko Hodeiak stand-a eta Lazeria zurezko ontzitegia, Artisautza Azokako saridunak
Iruletzako Artilezko Hodeiak stand-ak eta Ebanistería Tomásek egindako Lazería ontzitegiak stand eta artisautza lan onenengatik, hurrenez hurren, Artisautza Azokako XIII. edizioan, sariak jaso dituzte. Azoka Gaztelu Plazan aurreko ostegunetik irekita dago eta igandera arte iraunen du.
Manu Ayerdi Ekonomiaren Garapenerako Jarduneko Lehendakariordeak ostiral honetan, eguerdian, entregatu ditu sariak, epaimahaiaren erabakia jaso ondoren. Oraingo honetan, hauek izan dira epaimahaiko kideak: Carlos Martínez Ondare Historiko Zerbitzuko zuzendaria; Mikel Ozkoidi Ondare Etnologiko eta Immaterial Negoziatuko burua; Flor Verón, Wül Tailerreko 2018ko edizioko pieza onenaren sariaren irabazlea; eta José Martín, Segoviako Jotapunto tailerreko stand onenaren sariaren irabazlea.
Artilezko eta Lazería
Une honetan Ziordian dagoen tailerra duten Adriana Ojerrek eta Alain Floresek stand onenaren lehen saria lortu dute, Iruñeko Artisautza Azokara etorri diren lehen aldian. Artilezko Hodeiak izeneko standak, bokazio zabala duen artisautzako lanaren erakusketa zaindua erakusten du. Bikote gazteak prezio zuzena ordaintzen dio abeltzainari, modu jasangarrian hazitako animalien artilearen truke. Material horrekin, txarrantxatze, haritze eta gauzatze prozesua hasten dute, modu artisanalean, artilearekin apainketa elementuak (lanparak edo tapizak) eta ehungintzakoak eginez, plantillak edo oinetakoak, bertzeak bertze.
Zaragozan dagoen Ebanistería Tomás-ek, ontzitegi ederra landu, trazatu eta ezkoztatu du, haritzez eta astigarrez, Lazería izenekoa, eta 2019ko Artisautza Azokako pieza onena aukeratu dute. Tomás Duaso Ansó egileak ezin du jakin zenbat ordu eman dituen pieza erabilgarria, ederra eta apaindura geometriko bikaina duena, Aragoiko tradizio mozarabetik oso gertu dagoena, egiten.
Nafarroako Gobernuak, Turismo eta Merkataritza zuzendaritza nagusiaren bitartez, bultzatzen duen Nafarroako 2019ko Artisautza Azokak, dinamizazio programa bat du, eta baita partaidetzan oinarritutako tailerrez eta Nafarroako artisautza lanbideen erakusketez osaturiko programazioa ere. Eta edizio honetan, berrikuntza gisa, zuzeneko 7 antzerki emanaldi antzeztuko dira, plazara hurbiltzen diren guztiak alaitzeko. Antzerki animazioak emanaldi bikoitza izanen du, 12:30ean eta 18:00etan, “La rueda de la fortuna” eskainiko duten Ines Bengoa eta Maider Galarza antzezleen eskutik.
Artisautzaren, turismoaren, merkataritzaren eta kulturaren arteko lankidetza
Ayerdi lehendakariordeak adierazi duenez, erakusketa “erakusleiho bikaina da gure lurreko artisauentzat, eta bertze erkidego batzuetatik datozen profesionalen lanarekin aberasten da”. Ekonomiaren Garapen arduradunak gogorarazi duenez, azken urteetan Nafarroako Gobernuak bere plan estrategikoetan artisautza, turismoa eta kultura elkarren artean erlazionatu nahi izan ditu. “Izan ere, azaldu duenez, Nafarroako Turismoko standa ere badaukagu Azokan. Azpimarratu nahi dugu, baita ere, artisautza gure ondare etnografikoko eta kulturaleko parte dela, kulturarekin lankidetzan aritu behar dela, eta artisautzako modalitate desberdinetan prestakuntza profesionalizatua izanik bide berriak aurkitu ditzakeela”, adierazi du amaitzeko.
Parte hartzea eskatu zutenen artean Azokako Balorazio Batzordeak aukeraturiko artisautzako 37 tailerrak Gaztelu plazan instalatu dira. Zehatzago esanez, modalitate hauetako artisauek hartuko dute parte: brontzea, era artisauan eginiko oinetakoak, pilotak, zeramika, kandelagintza, larrua, forja, egile-betaurrekoak, irungintza, zura, bitxigintza, jostailuak eta panpinak, ehungintza, beira eta papera. Aniztasun hori ikusita, oso Artisautza Azoka anitza dela esan behar da, eta bertan dauden artisautzako produktuak Andaluziatik, Aragoitik, Asturiasetik, Kantabriatik, Gaztela Leonetik, Gaztela Mantxatik eta Euskaditik datoz, Nafarroako artisauez gain.
Artisautza Azokak, partaideentzat merkataritza arloko erakusleiho izateaz gain, betidaniko ofizioetan eta moduetan oinarriturik etorkizunari begiratzen dion jarduera erakusten du, tekniken eta produktuen bilakaera sorkuntzaren bitartez lantzen duten gazteen bidez.
Izan ere, Iruñeko Arte eta Ofizioetako Eskolako ikasleen partaidetzarekin eginiko kartelak, ingudean pieza bat lantzen ari den neska errementari gaztea erakusten du. Emakume artisauek protagonismo handia dute Azokaren XIII. edizioan, standetan erakusten diren lanetan eta emakumeak ondare immaterial kolektiboa lantzeko orduan betetzen duen tokiari buruzko gogoetan. Horrela, Museo Zerbitzuarekin lankidetzan, joan den astean, Konplutentseko Mª Angeles Querol katedradun emerituaren hitzaldia antolatu zen Nafarroako Museoan, “Emakumeak eta Kultur Ondasun Immateriala, Non gaude?” gaiari buruzkoa.