2019ko ekainaren 20a

Errefuxiatuen Munduko Egunean, gizarte zerbitzuen ehun profesional eta entitate inguru prestakuntza jardunaldi batera bertaratu dira

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Errefuxiatuei Laguntza emateko Espainiako Batzordea (CEAR) eta Nafarroako Gurutze Gorria erakundearekin, ekitaldia antolatu du

 Errefuxiatuen Munduko Eguna dela eta, gizarte zerbitzuen 90 profesional baino gehiago eta esparru horretan lan egiten duten entitateak Civican Entzunaretoan egin den "Behartutako migrazioa. Errefuxiatua" izeneko prestakuntza jardunaldira bertaratu dira.

Eskubide Sozialetako Departamentuak antolatu du ekitaldia, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken, Plangintzaren eta Ebaluazioaren Kalitate eta Ikuskaritza Zerbitzuaren bitartez, eta Errefuxiatuei Laguntza emateko Espainiako Batzordearen (CEAR) eta Nafarroako Gurutze Gorria erakundearen laguntzarekin.

Eskubide Sozialen jarduneko lehendakariordeak, Miguel Laparrak, errefuxiatuak hartu eta laguntzeko helburuarekin profesionalei prestakuntza emateko jardunaldi praktikoari hasiera eman dio. Bertaratuen artean egon dira Mikel Martínez Nafarroako Gurutze Gorria erakundeko ordezkari berezia eta Idoia Oneca Errefuxiatuei Laguntza emateko Espainiako Batzordearen Nafarroako koordinatzailea.

Jardunaldia

Errefuxiatuari laguntzeko prestakuntza-jardunaldian, gaian adituek bi hitzaldi eman dituzte: lehenbizikoa, “Derechos humanos y migraciones” izenekoa, Nazioarteko Harremanetan doktorea eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zientzia Politikoko irakaslea den Itziar Ruizek eman du, eta, bigarrena, “Derechos de los niños y niñas que llegan solos y solas a España”izenburupean, María Arecesek Raíces Fundazioaren adingabe eta gazteetan espezializatutako Laguntza Juridikoko programaren koordinatzaileak.

Gero, Errefuxiatuei Laguntza emateko Espainiako Batzordearen Nafarroako Ordezkaritzako Zerbitzu Juridikoko eta Nafarroako Gurutze Gorriko kideek mahai-ingurua egin dute. “Harrera-eta babes-mekanismoak” izenburupean, errefuxiatuei zuzendutako babes-mekanismoak, harrera-programa eta esku-hartzea izan dituzte mintzagai.

Gema Mañúk Inklusio eta Babes Sozialeko jarduneko zuzendari nagusiak eman dio amaiera jardunaldiari.