2019ko ekainaren 19a

7 esparru profesionaletan esperientziaren bidez lortutako gaitasunak egiaztatzeko epea ireki da

Tanatopraxia, garbiketa, fabrikazio mekanikoan edo biltegiko operazioetan kualifikatuta dauden pertsonek titulu ofiziala lor dezakete

Eskubide Sozialetako Departamentuaren menpean dagoen Nafar Lansarek izena emateko epea ireki du, ebaluazio prozesurako zein 2019-20an komertzioan, industrian, etxeko lanetan, garbiketan, biltegian, fabrikazio mekanikoan eta tanatopraxian  izandako esperientziaren bidez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko.

Deialdiak lan-esperientziaren bidez hartutako gaitasunak dituzten pertsonentzat dira; alegia, lanbide bat garatzeko kualifikatuta egon arren, hori egiaztatzen duen titulazio ofizialik ez dutenentzat.

Prozedura honen bitartez, Profesionaltasun Ziurtagiria lortu ahal izango da, eta estatuko lurralde osorako balioko du. Modu horretan, mugikortasun-aukerak gehitzeaz gain, lanpostu bat lortu edo prestakuntza-ikasketak egiten jarraitu ahal izango da.

Hona hemen deitutako profesionaltasun ziurtagiriak, 1. eta 2. mailakoak:

- Saltoki txikiak kudeatzeko jarduerak (2. maila)
- Salmenta-jarduerak (2. maila)
- Etxeko enplegua (1. maila)
- Tanatopraxia (3. maila)
- Biltegiko operazio osagarriak (1. maila)
- Fabrikazio mekanikoko operazio osagarriak (1. maila)
- Eraikinetako lurzoruen eta altzarien garbiketa (1. maila)

Epea erabat irekita dago. Lanbide horietatik, azken lauak lehen aldiz deitu dira 2019. urte honetan. Nabarmentzekoa da tanatopraxia. Modu horretan, NEZ-NLk sektorearen eskariari erantzuteaz gain, arlo horretan prestatuta dagoen jendeari titulazio ofiziala eskuratzeko aukera ematen dio. Nafarroan, egoera horretan, 50 pertsona daude gutxi gorabehera.

Hedapen-bideoak

Prozesu horiek langileen eta langabeen artean hedatzearren, NEZ-NLk hiru azalpen-bideo egin ditu: Zer da eta zertarako balio du esperientzia bidez lortutako gaitasunen egiaztatzeak? Zer egiazta daiteke? Eta zeintzuk dira horretarako baldintzak? Euskaraz nahiz gazteleraz ikus ahal izango dituzue NEZ-NLren Youtubeko kanalean.

Lan-esperientzia egiaztatzeko prozesuan parte hartzeko, dagokion deialdian aurrez izena eman behar da www.empleo.navarra.es web gunearen bitartez.

Bestalde, web gunean zehaztutako baldintza eta lehentasun batzuk bete eta justifikatu behar dira. Behin horiek egiaztatuta eta pertsona onartua izan bada, prozedurak hiru fase ditu. Lehena aholkularitza-fasea da; hau da, sektore profesionalean aditua den pertsonak gaitasunak identifikatzen eta historial profesionala egiten laguntzen du, hurrengo faserako prestatzearekin batera.

Bigarrena ebaluazio-fasea da, eta, bertan, gaitasun profesionalak erakusten dira adituek osatutako batzordearen aurrean. Horrela, dokumentazioa aurkeztu behar da, elkarrizketa profesionala egin edo postuko lanaren simulazio praktikoa, beharrezkotzat joz gero. Azkenik egiaztapen-fasean, NEZ-NLk erakutsitako gaitasunak erregistratzen eta ziurtatzen ditu.

Beste sektore profesional batzuentzat interesgarria dela justifikatzen bada, enpresa-erakundeen edo entitate sozialen eskaeraren bitartez, NEZ-NLk bestelako espezialitateen deialdia egin dezake. Azkenik, enpresek edo elkarteek haien langileen edo bazkideen gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozesuak eskatu eta finantza ditzakete.

2018-2019 deialdian, guztira 400 pertsonak hartu zuten parte egiaztatzeko prozeduran.