Descárgate la app
Hezkuntza Departamentuak, Iruñan “Haurtzaro” izeneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea sortzeko baimena eman du
2019ko ekainaren 18a
Hezkuntza Departamentuak, Iruñan “Haurtzaro” izeneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea sortzeko baimena eman du
Jarduneko Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran akordio bat hartu du, zeinaren bidez, Hezkuntza Departamentuak eta Iruñeko Udalak hitzarmena sinatzea onesten den, “Haurtzaro” deituriko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea eraikitzeko. Eskola Artika kaleko 1.zenbakian kokatuko da.
Modu honetan eta hemendik aurrera, Haur Hezkuntzako ikastetxearen kudeaketa ekonomikoa errazteko Hezkuntza Departamentuko finantziazio hitzarmenaren barne sartuko da. Ofizialki sortu arte, orain arte diru-laguntzen deialdiaren bidez finantzatu da zentroa.
1979tik funtzionamenduan dagoen Iruñeko “Haurtzaro” Haur Hezkuntzako eskolak zortzi plaza ditu eta 0 eta 3 urte bitarteko umeak hartzen ditu. Iruñeko Udalak Hezkuntzako Departamentuarekin egindako akordioaren bidez, konpromisoa hartu du, martxoaren 6ko 28/2007 Foru Dekretuan biltzen diren Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolen baldintza fisikoak erregulatu eta betetzeko. Bi erakundeek aurreko urtean sinatutako akordioak hiru urteko epea zehaztu zuen Dekretuan bildutakora egokitzeko Foru Komunitateak haur eskolak ordenamendutik kanpo izan ez ditzan, eta bide batez, 2012tik luzatutako egoerarekin amaitzeko.
Iruñeko Udaleko eta Hezkuntza Departamentuko akordioak Donibaneko, Hello Egunsenti eta Mendebaldeko 0-3 haur eskolei eragiten die. Horiek 2020rako egokitu beharko dituzte.
10 zentro eraiki dira
Legealdi honetan, 0 eta 3 urte bitarteko haur eskolak erregulatzen zituen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretura heltzeko falta ziren 14 eskoletatik 10 eraiki dira. 2015-16 ikasturtean Agoitzeko haur eskola sortu zen; 2016-17an Arangurengo zein Atarrabiako eskolak eta Iruñeko Izartegi. 2017-18an, Basaburuan, Mendillorrin eta Iruñean Goizeder eraiki ziren. Gainera, Valtierra eta Antsoaingo eskolak ere lehen aipatutako araudira egokitu dira, lehenengoa 2017-18an eta bigarrena aurreko ikasturtean.
Eskola horiek guztiak Departamentuak tokiko entitate zein udaletxeekin sinatutako hitzarmenei esker finantzatzen dira. Oraindik eraiki gabeko 4 eskola daude, beren instalazioak arautzen dituen araudira eta finantzazio hitzarmenetara ez heltzeagatik. Lau eskola horiek ondorengoak dira: Donibaneko eskola, Hello Egunsenti, Iruñeko Mendebaldea eta Sesmako eskola. Horiei urtero, deialdien bidez, diru-laguntzak emanen zaizkie.