Descárgate la app
Udan suteak saihesteko suaren erabileran mugak ezarri ditu Nafarroako Gobernuak
2019ko ekainaren 14a
Udan suteak saihesteko suaren erabileran mugak ezarri ditu Nafarroako Gobernuak
Udako kanpaina hastear den honetan, jarduneko Nafarroako Gobernuak urbanizatu gabeko eremuetan sua erabiltzeko hainbat muga ezarri ditu. Neurriak bihar, ekainak 15, sartuko dira indarrean eta irailaren 30a bitartean ezarriko dira. Gainera, suteen aurkako lanean prebentzioa eta herritarren kolaborazioaren beharra nabarmendu du Gobernuak.
Horretarako, badaezpadako neurriak hartu behar direla gogoratu du. Kontuan izan behar da mugapenak desberdinak izaten ahal direla Nafarroako iparraldean eta hegoaldean. Baso-suteen arriskuari aurrea hartzeko, zoru urbanizaezineko suaren erabilera Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan arautu da, gerora uztailaren 31ko 237/2017 Foru Aginduak aldatu duelarik.
Udako suak saihesteko mugapen nagusien artean, honako hauek nabarmentzen ahal dira:
- Sua erabiltzearen aurkako debekua berretsi da mendi edo basolurtzat sailkatuta dauden lekuetan eta baso-hondakinak erretzea debekatu da.
- Erreketak egitearen aurkako debekua berretsi da nekazaritzako lehorreko lurretan.
- Berariaz debekatu da lastoa erretzea.
- Aisialdirako sua erabiltzea baimendu da iparraldean, horretarako prestatuta dauden lekuetan (barbakoak eta kanpoaldeko bestetako instalazioak, baita errepideetako atseden-eremuak ere).
- Ureztalurretan uztondoak erretzea baimendu da, piletan edo errenkadetan jarriz gero.
- Material piroteknikoa eta sua duten globoak nahiz bestelako gailuak erabiltzea debekatu da, zeinahi helburu dutela ere, zoru urbanizaezinean eta zoru urbanizaezinetik 300 metrora kokatuta ez dagoen zoru urbanizagarrian.
- Ezohiko baimenak ematen ahal dira erromerietarako, jai herrikoietarako, erlezaintza lanetarako, landaren osasuna zaintzeko zereginetarako, etab.
- Errekuntzako motorra duten ibilgailuak ezin ibil daitezke hegoaldeko baso-bideetan barna, baimenduta daudenak izan ezik.
Nafarroako Gobernuak gogoratu du berriz ere ez direla zigarro-muturrak, poxpoluak edo antzeko objektuak bota behar landa ingurunean. Hondakinak ere ez dira prestaturiko lekuetatik kanpo utzi behar, sutea eragiteko arriskua dela eta.
Neurri hauez gain, Nafarroako Gobernuak baso suteen aurkako udako kanpaina abiarazi zuen ekainaren 6an, errefortzuzko langileak sartuz Tutera, Azkoien eta Lodosako eskualdeetako suhiltzaileen parkeetan eta heliptero bidezko bi brigadetan.