2019ko ekainaren 14a

Nafarroako Gobernuak eskutitz bidez Emanzipa gazte alokairu programari buruzko informazioa emanen die onuradunak izan daitezkeen gaztei

Dagoeneko 1.000 eskaera baino gehiago onetsi dituzte

1990 eta 1996 urte bitartean jaiotako 40.000 gazte nafar baino gehiago, Nafarroako Gobernuak bidalitako  Emanzipa programari buruzko informazio eskutitza jasotzen ari dira. Programa hori,   duela gutxi onetsitako abenduaren 26ko 28/2018 Legeak dioenaren arabera, etxebizitza izateko eskubide subjektiboaren modalitateetako bat da.

EmanZiparen 1.302 eskaera jaso dira guztira aurtengo urtarrilaren 1era bitarte, eta 1.002 onetsi dira.

Eskatzaileen %60a baino gehiago emakumeak dira, eta horrek berresten du horiek gehiago emantzipatzen direla diru-sarrera baxuagoak izan arren; hau da, urtean 11.300 bat euro, gizonen 12.600 euroren aldean. Aurkeztutako kontratuen hilabeteko batez besteko errenta 500 euro ingurukoa da, eta ia erdia Iruñeko etxebizitzetakoak dira.

Orain arte onartutako prestazioetan hilean 170.000 euro baino gehiago eman dira alokairurako zuzeneko laguntza gisa.

EmanZipa

EmanZipak etxebizitzarako sarbidea izateko eskubide subjektiboa errentamenduan gauzatzea proposatzen du, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n 23 eta 30 urte bitarteko adina duten gazte emantzipatuei edo emantzipatu nahian dabiltzanei zuzenduta dago.

Errentaren %50aren baliokidea den zenbateko ekonomikoa jasotzeko aukera ematen du; hots, hilean gehienez 250 euro.

Eskaerarekin batera ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar, eta telematikoki egiten da; eskaera bati batez beste 5 minutu eta hogeita hamabost segundotan ematen zaio alta. Era berean, ez da beharrezkoa Nasuvinsa sozietate publikoak kudeatutako etxebizitza babestuen eskatzaileen erroldan aurretik izena emanda egotea. Laguntza gehienez hiru urtekoa da, eta elkarren segidakoak izan daitezke urte horiek.

Errentariak 20.000 euroko gehienezko diru-sarrerak izan behar ditu (zerga oinarriaren zati orokorra gehi salbuetsitako errentak), edo 30.000 eurokoak, bi kide edo gehiagoko familia-unitateen kasuan.

Etxebizitza parteka daiteke, eta kasu horretan, dagokion zatia emango litzaioke, errentamendu-kontratuan dauden titularren kopuruaren arabera.

Hona hemen kontuan hartuko diren beste baldintza batzuk: gutxienez 3.000 euroko diru-sarrerak izatea, Nafarroan erroldatuta egotea, etxebizitzaren titularra ez izatea (jasotako salbuespenetan izan ezik: etxebizitza desegokiak, edo azken bost urtetan etxebizitzarik ez transmititzea, 90.000 eurotik beherako diru-sarrerak sortu dituztenak salbu). Era berean, 90.000 eurotik beherako ondasunak eta eskubideak izango dituzte, ez dute ahaidetasunik izango errentariarekin (odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren bigarren mailaraino), hilean gehienez 650 euroko errenta izatea, eta urtero dedukzioa berritzea, baldintzak betetzearen edo ez betetzearen arabera eman beharrekoa.

Informazio gehiago eska daiteke edo zalantzak galdetu horretarako soilik jarritako posta elektroniko honetan: emanzipa@navarra.es

Nola eskatu EmanZipa

EmanZipa programako laguntzak jasotzeko, eskaera telematikoki egin behar da, eta horretarako beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea edo IFZ+PIN identifikazio-sistema erabiltzea. Kudeaketa hori helbide honetan egin behar da: www.vivienda.navarra.es.

PINa erraz eta doan eska daiteke hemen sakatuta, eta Nafarroako Zerga Ogasunak etxera bidaliko du.

Bestalde, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar. Hala ere, komeni da alokatzeko kontratua eskura izatea, zenbait datu adierazi beharko baitira, batez ere ondorengoak (datu pertsonalez, ekonomikoez eta familiaren datuez gain, kasuen arabera):

- Alokatutako etxebizitzaren helbidea eta logela-kopurua.

- Errentatzailearen IFZ eta izena.

- Kontratuaren hasiera-eguna eta ordaindutako hileko errenta.

- Errentariaren eta errentatzailearen bankuko kontu-zenbakia.

Eskaera izapidetu eta onartu ondoren, posta elektronikoz jakinaraziko da. Interesatuek bankuko ordainagiriak aurkeztu behar dituzte, telematikoki gehituta. Nahitaezkoa da banku-ziurtagirian eskaeraren titularrari dagokion errentaren ordainketa islatzea.