2019ko ekainaren 12a

Haurrak babesteko dekretu bat onartu du Nafarroako Gobernuak

Gizarte Eskubideak garaturiko ezohiko neurri bat da, Atzerriko Adingabe ez Lagunduen etorrerari erantzuteko

Jarduneko Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran, Eskubide Sozialetako Departamentuak haurrak babesteko garatutako dekretu bat onetsi du. Ezohiko neurri horren bidez, Departamentuak, azken bi hilabeteotan (apirila eta maiatza bitartean 79 adingabe) izandako  Atzerriko Adingabe ez Lagunduen kopuruaren igoerari erantzuna emanen dio. Orain arte arreta jaso dutenekin batera guztira 173 adingabe dira.

Gure komunitatean, bakarrik dauden adingabeen etorrera Estatuko beste leku askotan dagoen errealitate berberarekin lotuta dago, izan ere, 2018an, bakarrik dauden atzerriko 13.000 adingabe artatu baitziren. Kopuru hau kontuan harturik, Nafarroak biztanleriaren arabera egokituko litzaiokeenetik gertu dagoen adingabe-kopurua jaso du. Autonomia-erkidegoen artean egindako banaketa biztanleriaren arabera eginez gero, Nafarroak 170 eta 208 adingabe bitartean hartu beharko zituzkeen.

Dokumentazioa erregularizatzea, prestakuntza eta laneratzea dira adingabe horien itxaropen nagusiak. Gehienak funtzionamendu egokitua duten adingabeak dira, autonomia maila altukoak, eta gizartean txertatuz bizi-baldintzak hobetzea dute helburu.

Nafarroako Gobernuko Haurren eta Familiaren Zuzendariordetzatik erantzun azkarra emateko garatzen ari diren ekintzei esker, behar bezalako harrera eman ahal izan zaie iritsitako adingabe guztiei, babesgabetasunezko egoerak baztertuz eta beste autonomia-erkidego batzuetan gertatu diren baztekeria prozesuei aurrea hartuz.

Gainera, aplikatutako esku-hartze ereduaren hasiera-hasierako helburua adingabeen erabateko gizarteratzea eta laneratzea lortzea da, eta horren emaitzak begi-bistakoak dira lehendabiziko ekintzetan ere.

Artatutako adingabe atzerritarren ezaugarriak eta profilak

Adingabeak mutilak izan ohi dira kasuen % 97tan eta neskak kasuen % 3tan, eta 16,8 urteko batez besteko adina dute. Gehienek 15 urte baino gehiago dituzte (% 89) eta 16-17 urteko adin-tartea da ugariena (% 73), den-denak Afrikako hainbat herrialdetatik eta Magrebetik etorriak direlarik.

Legezko betebeharra

Adingabe hauen babesgabetasunezko egoera estu-estu lotuta dago gurasorik edo haien zaintzaz eta tutoretzaz ardura daitekeen senide edo ahaide heldurik ez egotearekin.

Bakarrik dauden adingabe atzerritarren berehalako arreta 1989ko Haurren Eskubideen Adierazpenean nahiz haurrak babesteko Estatuko eta nazioarteko araudi espezifikoetan jasotako betebeharra da. Ildo horretan, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema Aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Lege Organikoaren 10. artikuluak hezkuntzarako, osasun-arretarako eta gizarte-eskubideetarako eskubidea aitortu die. Honen osagarri gisa, Haurrak eta Nerabeak Sustatu, Artatu eta Babesteko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak du lurralde mailako eskuduntza haurren babesari buruzko gaietan.

Baliabideak

Sosetan izandako gehikuntzaren (hiru milioi euro) helburua da haurrak babesteko baliabide-sare espezifikoa zabaltzeko beharrezko administrazio-esparrua eta baliabideak bideratzea, betiere adingabeen arreta eta laguntza integrala bermatzeko xedez. Horretarako, esku hartzeko metodologia berri bat ezarri da, eta horren bitartez, oinarrizko beharrak estaltzeaz gain, heziketa ibilbideetan nahiz lanerako gaitasunak hartzeko prestakuntza ibilbideetan txertatuko direla bermatu nahi da, astia eta aisialdiko esparruetan komunitateko bizitzan mugiltzeko ekintzak ere bideratuz.

Iripide horien arabera, eta haurrak babesteko baliabideak kudeatzen dituzten entitateen lankidetzaz, egoitzako eta ingurune irekiko baliabide-sarea zabaltzen ari da, gaitasun linguistikoak eta profesionalak hobetzeko nahiz helduarorako prestatzeko ibilbideak ezartzeko asmoz, honako gako hauek kontuan harturik:

  • Migrazio proiektua ezaugarri duten adingabe hauen babes sozialeko beharretara egokitutako metodologia.
  • Norberaren autonomia garatu eta komunitatean behar bezala txertatzea ahalbidetzen duten testuinguruen sorrera.
  • Norberaren beharretara egokitzeko malgutasuna, aldi bateko arreta integrala emanez, 16 eta 20 urteko bitarteko adin-tartean etenik gabeko arreta eredua bermatzeko.
  • Adingabeen komunitate barneko dimentsioa hobetzeko diseinatua (gaztea komunitate ingurune jakin batean finkatzea, horrekiko loturak indartuz).
  • Iraunkortasun ekonomiko handiagoko eredua, izan ere, % 25eko aurrezki ekonomikoa suposatzen du egun indarrean dauden egoitza-harrerako ereduan aldean, azken hauetan, profiletara egokitutako baliabide gehiago behar baitira, baita artatutako adingabeen beharretara egokitutako esku-hartzea ere.

Abian jarri diren egoitza baliabideak

Lehen harrera eta balorazioa egiteko programa, 35 plaza dituena. Haurrak Babesteko Sistemarako sarbidea da. Egoitza izaerako presazko eta egonaldi laburreko programa da. Artatutako adingabeen egoera pertsonala, familiarra eta soziala aztertu eta baloratzea du helburu, antzemandako beharrei ongien egokitzen zaizkien babes-neurriak erabaki ahal izateko; programan honetan gehienezko egonaldia 45 egunekoa da.

Ingurune irekiko egoitza harrerako programa, bizitoki-baliabideetan banatutako 60 plaza dituena. Komunitate esparruan eratutako egoitza programa da, 16 eta 18 urte bitarteko adingabeei zuzendutakoa. Programa honen bitartez, lau-bost adingabez osatutako bizikidetza-unitateak sortzen dira, eta heziketa talde batek ematen die gizarteratzeko laguntza eta ikuskapena.

Oinarrizko egoitza harrerako programa. 15 plaza dituen egoitza izaerako programa hau 16 urtez beheitiko adingabeei zuzenduta dago, egoitza psikosozialaren ondorioz arreta terapeutikoa behar dutenak barne. Programa honen bitartez, lau-bost adingabez osatutako bizikidetza-unitateak sortzen dira, eta heziketa talde batek ematen die gizarteratzeko laguntza eta ikuskapena.

Autonomia Programa. Ingurune irekiko programa honek 20 plaza ditu. Egoitza Harrerako programetan egonaldia bukatu eta bizimodu autonomoa egiteko prestaketa-prozesua hasia duten 18 urtez goitikoei gizarte eta hezkuntza arloko laguntza eta sostengua ematea du helburu. Programa honek gizarte arloko ikuskapen eta laguntza zerbitzua du, baita autonomia-prozesua bultzatzeko laguntza ekonomikoa ere, ostatu eta mantenu gastuak, bestelako ohiko gastuak eta prestakuntzari lotutakoak estaltzeko. Programa hauek abian jartzeko behar den gizarte inbertsioak hiru milioi euroko urteko ekarpen gehigarria suposatzen du.

Hezkuntza baliabideak

PISEP Programa. 16 eta 17,5 urte bitarteko adingabeendako prestakuntza programa, Hezkuntza Departamentuarekin batera gauzatutakoa. Prestakuntza soziolinguistikoa eta profesionala du helburu (16 urtez beheitiko adingabeak derrigorrezko irakaskuntzara igarotzen dira).

Enplegurako prestakuntza programak. 17,5 urtez goitikoei zuzendutakoak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatutakoak. Laneratzeko gaitasunak hartzea du helburu.

Aisia eta astialdiko esparruetan komunitatean murgiltzeko programa. Babes Sisteman artatutako adingabe guztiei zuzendutakoa, komunitate arloan gauzatutako txertatze prozesuak erraztu eta horietan laguntzeko, aisia eta astialdiko esparru eta jardueren bitartez.

Halaber, ekimen espezifikoa lantzen ari da komunitate islamikoarekin, adingabe hauei laguntza eta sostengua eman diezaien. Berariaz nabarmendu behar da proiektu honek komunitate islamikoan lortutako erantzun ona, adingabe horien migrazio-prozesua elkarren artean normaltzeko eskainitako lankidetza eskertzeaz gain.

Esperientzia

Hezkuntza Departamentuarekin batera 60 adingaberi Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programetan (PISEP) parte hartzeko aukera eskainiz abiarazitako esperientziak arras emaitza onak ekarri ditu. Urtarrilaz geroztik, 50 adingabe prestakuntza hartzen ari dira ibilgailuen mantentze-lanetan, sukaldaritzan, elektrizitatean, biltegiko lanetan, zurgintzan eta nekazaritza-lorezaintzan. Azken hilabetean, energia berriztagarriei buruzko modulu berri bat sortu da, eta honetan beste 10 adingabe sartu dira. Aldez aurreko ebaluazioaren arabera, adingabe hauen % 80k profesionaltasunaren ziurtagiria lortuko dute eta ia guztiek prestakuntza prozesuetan jarraitzeko asmoa agertu dute, adingabe hauekin lortutako motibazio handiaren seinale.

Gizarte ingurunean txertatzeko prozesua ere arras positiboa izan da, izan ere, babes-sistemarako iritsiera ez da behin ere egin erreforma-sistemaren bitartez. Hona iristean, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak poliziara joaten dira adingabe gisa identifikatzeko eta haurrak babesteko-sisteman sar ditzatela eskatzeko.