Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak administrari laguntzaile izateko 136 lanpostuko oposaketa deitu du
2019ko ekainaren 5a
Nafarroako Gobernuak administrari laguntzailea izateko 136 lanpostu dituen oposizioa deitu du
Jarduneko Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko Administrazioaren zein atxikitako erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario-erregimeneko administrari laguntzailea izateko 136 lanpostu dituen oposizioa deitu du. Deialdia Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 31ko 1490/2019 Ebazpenaren bidez onartu eta gaur argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Hautaketa-probak urriaz geroztik hasitea aurreikusi da. Hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskaerak bihartik uztailaren 5era bitartean aurkezten ahalko dira, azken eguna barne. Eskaera online aurkeztu beharko da Nafarroako Gobernuaren webgunean dagoen deialdi honi buruzko tramite-fitxan.
Honetarako, 15,60 euroko tasa ordaindu beharko da, eta ordainketa horretatik salbu geldituko dira % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak eta deialdia argitaratu aurretik gutxienez hilabetez lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.
136 lanpostu horiek hiru txandatan banatuko dira: 61 lanpostu txanda irekian, 62 lanpostu igoera txandan eta 13 lanpostu erreserbako txandan, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, bidezko diren igoera txandako zein txanda irekikoei gehituko zaie; eta igoeran txandan gertatuz gero, txanda irekikoei gehituko zaie.
Lanpostu-kopurua egonkortze-tasari dagokion Administrazio Erroaren arloko zatikako lan-eskaintza publikoan onartu zen, uztailaren 18ko 53/2018 Foru Dekretuaren bitartez.
Osasun Departamentuari dagozkion lanpostu hutsen zerrenda Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 6ko 2744/2017 Ebazpenean abiatu eta zuzendari beraren martxoaren 11ko 667/2019 Ebazpenean bukaturiko lekualdatze-lehiaketaren ondoren osatu ahal izan da.
Hautaketa-probak
Oposizioa urriaz geroztik hasiko da, eta lehenengo ariketan, galdera batzuk (test motakoak) erantzun beharko dira, hizkuntza-gaitasuna, zenbakizko gaitasuna, ortografia eta pertzepzioko trebetasuna frogatzeko, 0 eta 30 puntu bitarteko kalifikazioa tarteko. Bigarren ariketan, I. eranskinean bildutako Nafarroako Administrazioko administrazio-jarduerari eta oinarrizko araudiari buruzko gaiak aztertuko dira, 20 puntuko gehienezko kalifikazioarekin.
Bi ariketak baztergarriak izanen dira, eta bazterturik geldituko dira haietako bakoitzean gutxienez ezarritako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Onartutakoak 1.000 pertsona baino gehiago badira, bigarren probara kalifikazio hoberenak dituzten 1.000 izangaiak bakarrik sartuko dira, baita milagarren postuan dagoenaren kalifikazio berbera lortu duten pertsona guztiak ere.
Bigarren probak informatikako ariketa praktiko bat izanen du, gehienez 30 puntuko kalifikazioa izanen duena, baita testu baten hamar minutuko transkribapena ere, ordenagailuaren teklatuarekin duen lastertasuna eta eraginkortasuna baloratzeko (20 puntu).
136 lanpostuetako 20k euskarazko hizkuntza-eskakizuna dute (B2 edo C1 mailak) eta titulazioaren bitartez edo ezagutza-mailari buruzko proba eskatuz eta gaindituz egiaztatzen ahalko da.
Deialdian, halaber, Administrazio Erroan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan (O-NOZ) eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutan aldi batez kontratatu beharreko izangaien zerrendak zehaztu dira, baita O-NOZeko barne-sustapeneko zerrendak ere.