2019ko maiatzaren 31a

Mezenasgo Sozial berriarekin, kenkarirako eskubidea duten gizarte entitateen mesedeko dohaintzak 16,3 milioitara gehitu ziren 2018an

64 gizarte entitate profitatu ziren 67.820 zergadunek egindako dohaintza horietaz
 Laparra lehendakariordea Mezenasgo Sozialari buruzko datuak aurkezten.
camera_alt  Laparra lehendakariordea Mezenasgo Sozialari buruzko datuak aurkezten.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Eskubide Sozialetako jarduneko lehendakariode Miguel Laparrak aurkeztu ditu gaur 2018ko ekitaldiari dagozkion Mezenasgo Sozialari buruzko datuak. 2017an indarrean sartu zen eredu berri honek hainbat abantaila fiskal ezarri ditu gizarte-zerbitzuetan, garapenerako lankidetzan zein gizon eta emakumeen arteko berdintasunean diharduten irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendutako ekarpen ekonomikoak sustatzeko.

Nafarroako Zerga Ogasunak azterturiko informazioaren arabera, 2018an, dohaintzen guztizko balioa 16.335.304 eurokoa izan zen, eredu berria abian jarri zen aurreko urtean baino % 3 handiagoa. Aurreko mekanismoarekin (Sozialki Konprometitua Zigilua) alderatuta, kopuru horrek ia 5ez biderkatu du aurreko legealdiaren hasieran (2015) kenkarirako eskubidea zuten dohaintzen kopurua (3,3 milioi).

Dohaintzen % 63 pertsona fisikoei dagokie eta % 37 enpresei. Hortaz, partikularrek, herritarrek ekarpen handiagoa egin dute gizarte entitateen jarduerak garatzeko enpresek baino.

2018an, 67.820 zergadunek egin zituzten gizarte entitateen mesedeko dohaintzak, hots, aurreko urtean baino % 28 gehiagok, eta 2015ean baino % 189 gehiagok (23.477 zergadun orduan). Igoera adierazgarri gertatu da, halaber, dohaintzak jaso dituzten entitateen kopuruan: 19 entitate 2015ean, 45 entitate sistema berriarekin 2017an, eta 64 gizarte entitate 2018an, 3,4 aldiz gehiago.

Zergadunek dohaintzan emandako batez besteko zenbatekoak ere dexente gehitu dira aurreko sistemarekin alderatuta: 300 euro inguru 2017an eta 141 euro 2015ean, azken urtean batez besteko kopurua 59 eurotan murriztu den arren.

Ogasunaren ikuspegitik, dohaintza horiek 5,3 milioi euroko zerga-kenkaria eragin dute 2017an (201ko datuak egun irekita dagoen errenta kanpaina bukatu ondoren ezagutuko dira). Gogoratu behar da Sozialki Konprometitua Zigiluaren zerga-kostua 0,58 milioikoa zela, hau da, oraingoaren hamarrena.

Kasu gehienetan, dohaintza-egileen % 69k 150 eurotik beherako dohaintza txikiak egiten ditu, “mikromezenasgoa” deritzona, eta zergadunen % 2k baino gehiagok baizik ez ditu egiten 1.000 eurotik gorako dohaintzak. “Mikromezenasgoa” da 2018an gehien hazi dena: 9.468 dohaintza-egile gehiago eta % 26ko igoera dohaintzan emandako kopuruetan, 3,6 milioitara iritsiz. Aldiz, 1.000 eurotik gorako dohaintzetan, 109 zergadun gehiago izan arren, 1,7 milioi gutxiago bildu dira 2018an, 6,7 milioitara iritsiz (% 20 gutxiago).

Dohaintza-egile gehienek gizarte-zerbitzueko hainbat esparrutan lanean diharduten gizarte entitateak babestu dituzte: dohaintza-egileen % 44, hots, guztizko zenbatekoaren % 37. Bigarrenik, garapenerako lankidetza nabarmendu da, dohaintza-egileen % 25ekin, baina aurrekoaren kopuru bertsuarekin: % 35,5. Gizarte-zerbitzueko esparru espezifikoen artean, desgaitasuna nabarmendu da, dohaintza-egileen % 20 bildu duelarik, nahiz eta dirutan txikiagoa izan: guztizko zenbatekoaren % 11,5.

Gehiago irakurri

2018an, dohaintzen igoera arras nabarmena izan da garapenerako lankidetzaren arloan, 2017ko dohaintza-egileen bikoitza gaindituz eta dirutan % 68 gehiago bilduz (2,4 milioi gehiago). Gorakada garrantzitsua gertatu da, halaber, desgaitasunaren aloan, % 44 dohaintza-egile gehiagorekin eta dirutan % 42 gehiago bildu delarik. Gizarte-zerbitzuetako entitate orokorren kasuan, dohaintza-egileen kopurua % 4 gehitu da, baina guztizko ekarpenak 2,6 milioi txikiagoak izan dira (-% 30).

Emaitza hauen harira, Laparrak oso balorazio positiboa egin du Mezenasgo Sozialari buruzko Foru Legeak abiarazitako erreformaren inpaktuari buruz, “izan ere, Nafarroako herritarren konpromiso solidarioa sustatzeaz gain, askoz ere gizarte entitate gehiagotara iritsi da, beraien jarduerak baliabideen askatasun eta autonomia osoko kudeaketatik abiatuta garatzeko aukera erraztuz”. Gainera, haren esanetan, “eredu berriak Sozialki Konprometitua Zigiluari atxikita ageri ziren eta entitate gehienak kontra zituzten baldintzapen politikoak eta administrazio arloko estutasunak gainditu ditu. Eredu berri hau entitateek berek egindako proposamenetatik abiatuta gauzatu da, Gizarte Ongizatearen Nafarroako Kontseiluaren baitan eratutako lantaldean egin duten lan handiari esker”.

Hauexek dira lantalde horretan parte hartu zuten erakundeak: CERMIN, Pobreziaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Sarea, Nafarroako GGKEren Koordinakundea eta REAS, baita Eskubide Sozialetako Departamentua, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Nafarroako Zerga Ogasuna ere.

Zerga kenkariak

Pertsona fisikoen kasuan, PFEZ aitorpenean % 80ko zerga-kenkaria egiten da gizarte entitateei dohaintzan emandako lehen 150 euroetarako eta % 35ekoa kopuru horretatik aurrera. Estatu mailan, kenkari horiek % 75ekoa eta % 30ekoa dira, hurrenez hurren, eta erabilera publiko entitateei egindako dohaintzetarako bakarrik.

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergan, erakunde onuradunei dohaintzak egiten dizkieten subjektu pasiboek ondorengo onura fiskalak dituzte: zerga-oinarria zehazteko, dohaintzen zenbatekoak partida kengarriak dira eta, gainera, zergaren kuota likidoan % 20ko kenkari bat egiteko eskubidea dute. Onura fiskal horiek iraungitako "Sozialki Konprometitua" Zigilurako ezarritakoekin alderatzen badira, dohaintza txikietarako pizgarri handiagoak ikusten dira, mikromezenasgoa deiturikoa. Hala, lehengo zigiluaren kasuan, PFEZen egindako kenkariak % 40koak ziren beti; orain, berriz, % 80rainokoak izaten ahal dira lehen 150 euroetan.

Aitortutako entitateak

Mezenasgo Sozialerako zerga-pizgarri hauek erakunde onuradunei egindako dohaintzetan aplikatzen dira, baina erakunde horiek Eskubide Sozialetako Departamentuak edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako nahitaezko aitortza izan behar dute, gizarte-zerbitzuetan, garapenerako lankidetzan zein gizon eta emakumeen arteko berdintasunean jarduteko nolabaiteko finantzaketa publikoa jaso dutela egiaztatzeko.

Horrekin batera, honako baldintza hauek bete behar dituzte: irabazi-asmorik gabeko entitateak izatea eta interes publikoko fundazio edo elkarte gisa eratuta egotea, Ministerioaren dagokion erregistroan inskribatutako GKE edo gizarte-ekimeneko kooperatibak izatea, edota eta aurreko erakundeen federazio eta elkarteak izatea. Gainera, Nafarroan jarduerak eginda izan behar dituzte azken lau urteetan, jasotako errenten eta diru-sarreren % 70 gutxienez interes orokorreko helburuetara bideratu eta Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren Foru Legearen betebeharrak betetzeaz gain.

Ereduak administrazio-izapideak erraztu eta hautazko irizpideak ezabatu ditu lehen aitortza eskuratzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa-eskarian eta urterik urte aurreikusitako berritzean, Nafarroako Gobernuko hainbat unitatek aitortu eta programa publikoetan parte hartu ohi duten gizarte entitateak diren heinean. Sinplifikazio horren harira, entitate onuradunen kopurua gehitu da, baita aplikatutako zerga-kenkarien kopurua ere.

“Gizarte entitateendako dirulaguntzetan izandako igoera garrantzitsuaz gain, legealdi osoan bikoiztu baitira, eta horiekiko lankidetza-harreman berria ezarri duen Kontzertu Sozialei buruzko Foru Legearen onespenaz gain, Mezenasgo Sozialaren eredu berriaren helburua ‘gizarte zerbitzuen arloan hirugarren sektorearekiko aliantza estrategikoa eraikitzea’ izan da, berrikitan onartu den Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan jasotakoaren arabera”, adierazi du Laparrak, eta horrekin batera argi utzi du “akordio horren bitartez zerbitzu horien ekintzak indartzen direla, ezinbesteko eginkizuna betetzen baitute sektorerik ahulenen arretan”.