2019ko maiatzaren 31a

Gidatu behar izanez gero alkoholik eta drogarik ez kontsumitzearen aldeko kontzientziazio-kanpaina instituzionala jarri da martxan

Udan, Foruzaingoak alkoholemia- eta droga-kontrol gehiago egingo ditu, bereziki Nafarroako zaindarien jaietan.
collections Irudi galeria

Nafarroako jarduneko Gobernuak gaur jarriko du martxan gidatu behar izanez gero alkoholik eta drogarik ez kontsumitzearen aldeko kontzientziazio-kanpaina instituzionala, «Aukeratu ongi zure helmuga» goiburupean.

Horrez gain, Foruzaingoak alkoholemia- eta droga-kontrol gehiago egin nahi dizkie gidariei udan, bereziki Nafarroako zaindarien jaietan.

Nafarroako Bide Segurtasunerako Estrategian jasota dagoen ekimen honen lehenengo fasea maiatzaren 2tik 7ra egin zen. Edukiontzi bat jarri zen Iruñeko eta Tuterako zenbait tokitan, eta, barruan, benetako istripuetan oinarritutako zentzumen-esperientzia bat eskaini zitzaien herritarrei, non GPS batek zoritxarreko amaierara eramaten baitzituen alkohola eta beste substantzia batzuk kontsumitu ondoren. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako jarduneko kontseilari María José Beaumont izan zen esperientziako lehenengo parte-hartzailea.

Bigarren faseari ekingo zaio gaur, eta istorioak entzun ondoren parte-hartzaileek egun haietan bizi izan zituzten esperientziak eta izan zituzten erreakzioak ezagutaraziko zaizkie herritarrei. Horren haritik, bideo bat jarriko da zinemetan eta sare sozialetan, iragarki laburrak sartuko musika-irratietan, eta sentsibilizazio-kartelak itsatsiko Nafarroako hainbat tokitan.

Kanpaina honekin erlazionatutako informazioa herritar guztiei zuzenduta dago, baina batez ere gazteei, eta Nafarroako Gobernuaren atarian horretarako jarri diren web-orrietan ikus daiteke, azpidomeinu hauetan: eligebientudestino.navarra.es (gaztelaniaz) eta aukeratuongihelmuga.nafarroa.eus (euskaraz).

Bide Segurtasunerako Europako Behatokiak (ERSO) emandako datuen arabera, Europako errepideetan gertatzen diren heriotza guztien % 25 inguru alkoholaren kontsumoarekin lotuta daude. Gidariaren odolean alkohol-kontzentrazioak gora egin ahala, istripuen intzidentzia-tasa ere handitu egiten da.

0,8 g/l-ko alkohol-tasa duen gidari baten istripuen intzidentzia tasa edan ez duen gidari batena baino 2,7 aldiz handiagoa da. Kalkuluen arabera, alkohol-tasa 1,5 g/l-ra igotzen denean, istripua izateko probabilitatea alkoholik kontsumitu ez duen gidari batena baino 22 aldiz handiagoa da.

Hildakoen % 44k alkohola edo drogak kontsumitu zituzten

Toxikologiako Institutu Nazionalaren azken memoriaren arabera, 2017an trafiko-istripuan hil ziren eta autopsia egin zitzaien 651 gidarien % 42,1ek alkohola, drogak edo psikofarmakoak kontsumitu zituzten. Nafarroan, kopuru hori % 44koa izan zen, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak emandako datuen arabera.

Horrez gainera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak azken memorian azaldu duenez, bide-segurtasunaren kontrako delituak ia hirukoiztu egin dira: 2017an, 791 espedienteri eman zitzaien hasiera alkoholaren edo drogaren eraginpean gidatzearen delituagatik, eta 2018an, berriz, 2.055 espedienteri (% 159ko gorakada). Proba egiteari ezezkoa ematearen delituek ere gora egin dute, 2tik (2017) 24ra (2018).

Kanpaina honekin batera, Foruzaingoak alkohol- eta droga-kontrol gehiago egingo ditu udan, bereziki herriko jaietan, halako jokabideak saihesteko; izan ere, jokabide horiek trafikoaren segurtasuna arriskuan jartzen duten faktore nagusietako bat dira, eta trafiko-istripu asko eragiten dituzte, zauritu eta hildako ugarirekin.

Iaz, Foruzaingoak 62.995 alkoholemia-kontrol egin zituen, eta, haietan, 863 gidarik eman zuten positibo (gidari guztien % 1,37); haiez gain, 4.065 droga-kontrol egin zituen, eta 1.317 salaketa izan ziren (% 32,4) listu-testek detektatzen dituzten bost droga motetako batean edo gehiagotan positibo emateagatik; hain zuzen ere, kannabinoideak (% 57,9), anfetaminak edo metanfetaminak (% 43), kokaina (% 25,6), eta opiazeoak (% 3,1).

Oraingoz, kontrolen erritmoa bera da 2019an. Izan ere, Foruzaingoak 18.110 alkoholemia-kontrol egin ditu, eta 224 gidarik eman dute positibo (% 1,24); haiez gain, 2.182 droga-kontrol egin ditu, eta 555 gidarik eman dute positibo (% 25,5). Edonola ere, kontrolen kopuruak gora egingo du Nafarroako herrietako jaiak hasten direnean, baita sanferminetako kanpaina berezia martxan jartzen denean ere.

Ekipo berriak

Nafarroako Bide Segurtasunerako Estrategiak alkohola bizkor detektatzeko ekipo berriak emango dizkio Nafarroako Foruzaingoaren Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloari, lehendik dituenekin batera erabiltzeko. Teknologia berri honekin, hiru bat segundo iraungo du probak; horrela, kontrol kopurua handitu ahal izango da, eta bizkor identifikatu ahal izango dira alkohola kontsumitu duten gidariak.