2019ko maiatzaren 31a

Erreprodukziorako agente kartzinogeno, mutageno eta tokixoen arriskuen menpe dauden langileen Erregistroa sortuko du Nafarroako Gobernuak

Hori arautzen duen Foru Dekretuaren proiektua jendaurrean egongo da ikusgai Gobernu Irekiaren Gardentasun Atarian ekainaren 18ra bitarte, agente sozial ezberdinek beren ekarpenak egin ahal ditzaten.

Nafarroako Gobernuak Gobernu Irekiaren Atarian argitaratu du erreprodukziorako agente kartzinogeno, mutageno eta toxikoen arriskuen menpe dauden langileen Erregistroa sortzea arautuko duen Foru Dekretuaren proiektua. Erregistroa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Laneko Osasunaren (NOPLOI) 2017-2020 Ekintza Planean jasotako ekintzen artean aurreikusten da, Osasun-agintaritzak laneko minbiziaren prebentzio nagusia bultzatzeko duen tresna gisa.

Gardentasunaren Foru Legean aurreikusten den moduan, dokumentua jendaurrean egongo da Nafarroako Gobernuaren Gardentasunaren Atarian 2019ko maiatzaren 29tik ekainaren 18ra bitarte. Prozesu honen bitartez, enpresek, erakunde sindikalek, prebentzio-zerbitzuek eta inplikaturiko bestelako agenteek hobetzeko behin-behineko proposamenak egin ditzakete.

Parte-hartze soziala errazteko, NOPLOIk dagokion informazioa argitaratuko du hileroko buletinean, aurrean aipaturiko erakunde gehienei bidaltzearekin batera. Dokumentazioa, halaber, NOPLOIren web orrialdean agertzen da, Laneko Osasunaren atalean.

Bigarren erregistroa, Asturiasen ondoren

Erregistroak laneko arriskuaren ikerketa erraztuko du minbizia diagnostikatu zaien pertsonengan eta ugalketa-osasunerako arazoak dituztenengan, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari lagunduko dio gaixotasun profesional moduan onartzeko prozeduran. Halaber, osasun-zerbitzuek lanaren ondoko zaintza planifikatu ahal izango dute. Nafarroa erregistroa prestatzen duen bigarren komunitatea izango da, Asturiasen atzetik, 2016an egin baitzuen.

Foru Dekretuan Nafarroako Lan Osasunaren 2017-2020 Ekintza Planean aurreikusitako jarduerak garatzen dira, langileen osasuna zaintzeari dagokionean nahiz Segurtasunaren eta Osasunaren Espainiako Estrategiari erreparatuta.

Prebentzio-zerbitzuen egitekoa izango da NOPLOIko Laneko Osasunaren Zerbitzuari urtero jakinaraztea agente horien arriskuaren menpe dauden langileen zerrenda.

Foru Dekretua indarrean sartu ondoren, Nafarroan kokatutako enpresetako prebentzio-erakundeek esku artean duten atzera begirako informazio guztia bidali beharko diote NOPLOIko Laneko Osasunaren Zerbitzuko Laneko Osasunaren Zaintzako Atalari.

Dokumentuan Norberaren Datuak Babesteko Lege Organikoa bete behar dela esaten da, eta, bertan jasotako betebeharrak betetzen ez badira, zehazpen-prozedura aurreikusten da. Halaber, eranskin batean arauan jasotako agente kimiko arriskutsuak identifikatzen dira.

Laneko minbizia

Minbiziaren eta heriotza-tasaren azken erregistroak 2008-2012 denboraldikoak dira, eta denboraldi horretan, Nafarroan 841 minbizi diagnostikatu ziren laneko arriskuen ondorioz eta horiekin lotutako 348 heriotza gertatu ziren.

Estatuan gaixotasun profesional moduan laneko minbizi-kasuen %0,1a aitortzen den bitartean, Alemanian aitorpen hori %13koa da, 2005eko azterketaren arabera. Laneko agente edo baldintza kantzerigenoen arriskuen mendekotasunaren eta minbizien agerpenaren arteko latentzia-denboraldi luzeak azaltzen dute zati batean datu zehatzagoak lortzeko dagoen zailtasuna.

Testuinguru horretan, egokitzat jo da Nafarroako erregistroa sortzea, osasun-agintaritzaren tresna gisa, laneko minbiziaren prebentzioa bultzatzeko eta laneko arriskuaren ikerketa errazteko minbizia diagnostikatu zaien pertsonengan eta ugalketa-osasunerako arazoak dituztenengan. Aldi berean, erreferentzia moduan erabili ahal izango da gaixotasun profesionala bezala aitortzeko prozeduran, eta osasun-zerbitzuei lanaren ondoko zaintza planifikatzen lagunduko die.

Horrez gain, arriskuaren mende dauden langileak identifikatuta, agente-mota horiei buruzko datuak lortu ahal izango dira kaltetuei laguntzeko, tumoreren bat garatu edo ugalketa-arazoak badituzte, eta lanaren ondoriozko gaixotasun bezala aitortzeko prozesuetako administrazioei ere laguntzeko.