2019ko maiatzaren 27a

Umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko protokoloan emaginak eta erizaintzako profesionalak sartu izanak % 72 hobetu du programa honetarako irisgarritasuna

2018an, aurreko urtean abiarazitako umetoki-lepoko minbizia detektatzeko programak 24.314 kontsulta artatu zituen, 2016ko kontsulta-kopurua bikoiztuz

Umetoki-lepoko minbiziaren prebentzio programan artatzeko zain dauden emakumeen kopurua 15.137tik 4.251ra gutxitu zen 2017ko apiriletik 2019ko apirilera bitartez, eta horrek esan nahi du programa horren indarraldiko lehendabiziko bi urteetan, % 72ko murrizketa lortu dela.

Bestalde, ia-ia bikoiztu da epealdi horretan kontsultetan artaturiko emakumeen kopurua. Horrela, 2018an, 24.314 emakume artatu ziren kontsultetan, eta 2016an, hobekuntza-ekintzak hasi baino urtebete lehenago, 12.553 emakume.

Arreta prebentiboan izandako kontsulta kopuruaren hazkunde hori Sexu eta Ugalketarako Arreta Zentroetan gikekologia arloko abordatze eta arretaren arloko esperientzia duten emagin eta erizaintzako profesional gehiago sartu izanak eragin du. Profesionalek horiek beharrezko gaikuntza dute zitologia egiteko eta aurrekari pertsonalak nahiz familiarrak, zantzuak eta sintomak biltzen dituen historia osoa lantzeko. Kontuan izan behar da erizaintzako profesionalak zitologiak egiteko laginak hartzean hasiak zirela Sexu eta Ugalketarako Arreta Zentro batzuetan eta gainerako autonomia-erkidegoetan.

Arretan izandako atzerapena haurdunaldiei nahiz patologia ginekologiari buruzko hitzorduen presioak eragin du, prebentziorako hitzorduak murriztera bultzatu duen heinean, eta horren harira, erizaintzako profesionalek gaitasunak hartu izanak “egoerari buruzko azterketa eta emaitzak errazteko aldaketak eragin ditu”, Osasun Departamentuak jakinarazi duenez.

Gainera, kontsulta prebentiboetan, pazientearen egoera ginekologikoari buruzko balorazioa egin eta auto-zainketarako gomendioak ematen zaizkie. 2017az geroztik lantzen ari den protokoloan bertan, ginekologoak parte hartzeko irizpideak ezarri dira, teknikoki gomendagarria bada beste miaketa bat egitea, edo diagnostiko edo segimendu kliniko bat egin behar bada. Era berean, estamentu guztietako profesionalek ezarritako protokolo berriak egon daitezkeen sintomak identifikatzen laguntzen du, eta arriskuen eta alarma-zantzuen balorazio xehea eta pertsonalizatua egiteko aukera ematen du.

Era berean, kontsultarako beste arrazoirik egonez gero, emaginak edo erizainak balorazioa egingo dio, eta ginekologoarengana bideratuko du, behar izanez gero.

Gaur egun, ez dago ebidentzia zientifikorik ekografiak edo detekzio goiztiarrerako beste froga batzuk sistematikoki egiteko. Emakume gehienengan (% 92-94) emaitza normala izaten da.

Aurrekariak

2017an, populazio-programa berriaren antolaketa eredua diseinatzen hasi zen, nafar biztanleen beharretan oinarrituta. Populazio-programa berria garatzera bideratutako aurretiko urrats gisa, erizaintza nahiz ginekologiako profesionalen eta Nafarroako Ospitaleguneko zuzendaritzaren ekimenez eta Nafarroako Sexu eta Ugalketa Osasuneko Batzordearen babespean, umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko protokoloa berrikusi eta eguneratu zen ebidentzia zientifikoko irizpideen arabera eta Minbiziaren Prebentziorako Estatuko Estrategian jasotako gomendioekin bat eginez.

Horretarako, minbizi ginekologikoaren baheketari dagokionez, ongi kontuan hartu zen egungo ebidentzia, izan ere, umetoki-lepoko minbizirako bakarrik frogatu du eraginkortasuna egungo ebidentziak, umetoki-lepoko zitologiaren bidez eta giza papilomaren HPV birusa detektatuz. Halaber, kontuan hartu da, momentuz, Foru Komunitatean, tumore horren baheketa hautazkoa dela, eta emakumeak eskatuta edo sistemak berak eskainita egiten dela.

Tamaina honetako programa bat abian jartzean, denbora behar da zerbitzu asistentzialak, harrera, Sexu eta Ugalketarako Arreta Zentroetako pazienteak bideratzeko zirkuituak, eta erabiltzaileek baliatu beharreko Lehen Mailako Osasun Zentroak antolatzeko.

Teknika diagnostikoei dagokienez, Nafarroan, ingurune likidoko zitologia erabiltzen hasi da hori egin dakiekeen pazienteetan, Zerbixeko Minbizia Goiz Detektatzeko etorkizuneko populazio-programa martxan jarri zain egon gabe, izan ere, honetarako, 20 eta 65 urte bitarteko emakumeen screening edo despistaje proba gisa, zitologiaren bidez edo zitologiarik gabe, bost urtez behin HPVaren hibridazioaren erabileraz baliatzeko aukera aztertzen ari dira, Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkartearen (SEGO) gomendioei jarraiki.