2019ko maiatzaren 26a

Normaltasunez ireki dira Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako bozkatzeko prestatu diren 976 mahaiak

483.771 hauteslek botoa eman ahalko dute arratseko 8ak arte

Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako prestaturiko 976 hauteskunde mahaiak normaltasunez ireki dira gaur goizean, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak bildu dituen datuek erakusten dutenez. Nafarroako 483.771 hautesleek 20:00ak arte gauzatu ahal izango dute beraien eskubidea.

Informazio hau emateko unera arte, gertakari txikiak baino ez dira izan, dagoeneko bideratu direnak, sei bat udalerritan. Hauteskunde lokalen inguruan hauteskunde propaganda egotearekin eta boto-paper batzuk ez egotearekin erlazionaturiko gertakariak izan dira.

Legebiltzarrerako hauteskundeak bat datoz Foru Gobernuaren eskumen diren kontzejuetarako hauteskundeekin eta Europako Legebiltzarrerako eta udalerrietarako hauteskundeekin. Azken bi horien eskumena Gobernu Zentralarena da.

Hauteskunde jardunaldia behar bezala garatzen dela bermatzeko, Administrazioko 760 ordezkari izendatu dira, mahaiko kideei laguntzeko, eta Foruzaingoko, Nafarroako Udaltzaingoetako, Goardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko 1.660 agentek eraturiko segurtasun dispositiboa prestatu da.

Herritarrek 20:00etara eman ahal izango dute botoa, 976 mahai jasoko dituzten 358 hauteskunde lokaletan. Bozketak amaitu ondoren zenbaketa hasiko da, eta Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez kontsultatu ahal izango dira. Kontzejuetarako hauteskundeen emaitzei dagokienez, webgune berean eskainiko dira astelehenean, maiatzaren 27an.