Descárgate la app
Nafarroan Haurren babesa baloratzeko Prozesuaren II. Eskuliburua onetsi da
2019ko maiatzaren 24a
Nafarroan Haurren babesa baloratzeko Prozesuaren II. Eskuliburua onetsi da
Nafarroako Foru Komunitateko haur babes arloan, "Haurren babesgabetasun egoeretan detekzioa, jakinarazpena, balorazioa eta esku-hartzea egiteko prozeduraren II. Eskuliburua" Eskubide Sozialetako lehendakariordearen Foru Legearen bidez, onartuta izan da.
Agiria adostu diren oinarrizko irizpide, protokolo eta tresnen multzoa da. Helburu du zaurgarritasun-egoeran dauden familiak, haurrak eta nerabeak babesten dituzten erakundeek eta eragileek egoerak antzematean, baloratzean eta esku hartzean darabiltzaten prozedurak bateratzeko jarduerak burutzea.
Eskubide Sozialetako Departamentuak agiria idazteko zeregina zuzenduko du, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bitartez, eta partaidetza-prozesu baten bidez gauzatuko da. Horretarako, departamentu arteko ekintzak sustatu ditu, haurrak babestearekin lotutako alderdi guztiak koordinatzeko, erakunde publikoei, hirugarren sektoreko erakundeei zein haurren eskubideak defendatzen dituzten bestelako eragileei dagokienez. Bestalde, agiriak orain arte erabilgarriak izan diren jardueretan eta ereduetan sakonduko du, eta programak eta baliabide metodologikoak berrituko ditu, beharrezkoak izango baitira gizarte konplexuen erronka berriei aurre egiteko.
II. Eskuliburua 6 agiritan egituratuta dago
Nafarroako Haurren babesa baloratzeko Prozesuaren II. Eskuliburua 6 agiri bereizitan egituratzen da:
1. agiria da nagusiena, eta Nafarroako haurrak eta nerabeak babesteko sistemaren maila guztien egitura, funtzioak, programak eta eskumenak testuinguruan kokatzen ditu.
2., 5. eta 6. agiriak separatak dira, eta gizarte-, osasun- eta hezkuntza-sistemen berezko funtzioen gaineko infomazio zehatza dute.
3. agiriak arriskua eta babesgabetsauna baloratzeko jarraibide-panel osoa jasotzen du, babesik ez duten haur eta nerabeek bizi ditzateken kasu guztiei dagokienez.
Azkenik, 4. agiriak helburu orokor eta zehatzen multzo bateratua biltzen du, artatutako haurrekin, nerabeekin eta haien familiekin esku hartzeko plan zehatzak garatzeko.
Era berean, onartutako agiri teknikoa erabiltzeko funtsezko osagarritzat, departamentu arteko prestakuntza-programa bateratua emango da, prebentzioari eta haurrak babesteari buruz, eta adingabeak babesten dituzten profesional guztiak hartuko ditu barne. Ildo horretatik, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak urtebeteko epea ezarri du, egoitzetan eta eremu irekietan adingabeekin lan egiten duten hiru departamentuetako eta erakundeetako teknikariek agiria ezagutu eta horren gaineko prestakuntza jasotzeko.