Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 15 milioi euroko inbertsioa egingo du industria-lurzoruko zazpi jardueratan, enpresen eskaerari erantzuteko
2019ko maiatzaren 23a
Nafarroako Gobernuak 15 milioi euroko inbertsioa egingo du industria-lurzoruko zazpi jardueratan, enpresen eskaerari erantzuteko
Nafarroako Gobernua lurraldeko industria-sustapenerako zazpi jarduera egiteko plana lantzen ari da, 15,2 milioi euroko inbertsioarekin. Nasuvinsa sozietate publikoak egingo ditu lanak, produkzio-ezarpen berrietarako lurzorua eskatu duten hainbat enpresaren eskariari erantzuna emateko.
Jarduera-plan honekin, osotara, 309.123 metro karratuko industria-lurzorua garatu eta komertzializatuko da Iruñerrian eta Nafarroako Arakil, Arguedas, Cascante edo Monteagudo, Lodosa eta Irunberriko herrietan, baita Sakanako eskualdean eraikin industriala jaso ere ondoren alokairuan emateko.
Plan honetan aurreikusitako zazpi eremuetan industria-lurzorua erosteko konpromisoa adierazi duten enpresen artean, ondoko hauek aurkitzen dira dagoeneko: Harivenasa Arakilen; Estampaciones Mayo eta Integralia Ezkirotzen, Comarca-2 poligonoan; Cárnicas Iruña Irunberrin edo Congelados de Navarra Arguedasen. Era berean, elikagaien industria sektoreko enpresa baten kokapen berrirako 30.000 metro karratuko erreserba dago Erriberan, Cascante edo Monteagudoko eremuetan; eta Lodosako poligonoan, bertako kontserba-enpresa batek instalazioak zabalduko ditu. Aldi berean Arakilen, Harivenasaren kokapenaz gain, Nasuvinsak industria-nabe berri bat eraikiko du alokatzeko, elikagai industria sektoreko multinazional batek egindako eskariari erantzuteko.
Industria berrindartzea
Nafarroako Gobernuak zazpi enpresa-ezarpen eremu horietarako lurzorua eta azpiegiturak Nasuvinsaren bitartez garatuko ditu, planak eskatzen duen inbertsioa bere gain hartuko baitu, industria-sarea suspertzearekin eta kalitatezko enplegua sortzearekin batera, inbertsio publikoak ekonomikoki bideragarriak izatea bultzatzen duen itzulera ahalbidetzen duen formularen bidez.
Nasuvinsak egindako ekonomia eta finantza bideragarritasunaren txostenak, zazpi industria-eremuetarako inbertsio bakoitza ez ezik, bere ezaugarriak eta enpresen eskariak ere aztertzen ditu. Baita inbertsio horiek eragin dezaketen suspertze industriala eta itzulerak ere, ondorengo salmenten bitartez, Barne Errentagarritasun Tasa (BET) positiboa izatea ziurtatzen dutelarik.
Inbertsio nagusienak –guztira 10 milioi eurotik gorakoak- Nasuvinsak Sakana eta Iruñerrian egingo dituen hiru jarduerei dagozkionak dira. Zehazki, lehenengo jardueran, 115.000 metro karratu garatuko dira Etxarrenen (Arakil), elikagaien sektoreko Harivenasa enpresak berriki iragarri moduan, eta beste 3.500 metroko eremua, beste produkzio-jarduera baterako alokatuko den Nasuvinsak berak eraikiko duen industria-naberako. Bestalde, Ezkirotz-Galarren kokatutako Comarca-II poligonoan, Estampaciones Mayo eta Integralia enpresek eskatutako zabaltze lanak egingo dira, 30.000 eta 10.000 metro karratu hurrenez hurren. Iruñerrian dagoen enpresa-eskariaren aurrean, Inbertsio hori bera Nasuvinsak beste 20.000 metro karratu garatzeko baliatuko du.
Baita ere, nabarmentzekoak dira Arguedas, Irunberri eta Lodosako industria-poligonoen zabaltze-lanetarako zuzendutako 3,5 milioi euro. Horietako bakoitzean 30.000 metro karratu garatuko dira, ondoko enpresen eskariari erantzuteko: Congelados de Navarra, nazioartekotzeko prozesu sakon batean murgilduta dagoena, Erriberan; Orkoienen kokatutako Cárnicas Iruñak lantegi berria izango du Zangotzan; eta aurreikusitako hirugarren zabaltze bat Lizarrako Erriberan.
Plana osatzeko, Cascanteko poligonoan beste 30.000 metro karratu prestatuko dira, instalazio berriak irekitzea aurreikusten dituen eta Erriberan finkatuta dagoen elikagaien sektoreko enpresa baten eskariari erantzuteko.
Hirigintza zazpi operazio hauek Nasuvinsaren Jarduera Industrialen Planaren lehen fasean kokatzen dira. Plan honen bigarren fase bat garatzen hastea aurreikusi du sozietate publikoak, aurrekoan egindako antzeko inbertsio eta azalerekin. Lehen faseko zazpi poligonoetako bostetan –Lodosan, Arakilen eta Cascanten bereziki, baina Arguedasen eta Irunberrin ere-, lehen enpresa-ezarpenak finkatzen doazen heinean, lurra garatzea aurreikusten du bigarren fase honek.