Descárgate la app
Gobernuak LGTBI+ pertsonen berdintasunerako lehen ekintza Plana onartu du
2019ko maiatzaren 22a
Gobernuak LGTBI+ pertsonen berdintasunerako lehen ekintza Plana onartu du
Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran akordio bidez onartu du 8/2017 Foru Legeari jarraiki LGTBI+ pertsonen berdintasunerako lehen ekintza Plana. Helburu du aniztasunaren ikuspegia hartuko duen ekintza instituzional koordinatua garatu eta pertsona hauen beharrei erantzuna ematea.
Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran akordio bidez onartu du 8/2017 Foru Legeari jarraiki LGTBI+ pertsonen berdintasunerako lehen ekintza Plana. Helburu du aniztasunaren ikuspegia hartuko duen ekintza instituzional koordinatua garatu eta pertsona hauen beharrei erantzuna ematea.
Gogoratu behar da ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasun erreala eta eraginkorra erabat bermatzeko printzipioak, bitartekoak eta neurriak ezartzen eta arautzen direla. Hori guztia sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu edo genero identitatea medio egindako diskriminazio guztiak prebenituaz, zuzenduaz eta ezabatuaz, Nafarroako Gobernuak eskumena duen eremu publiko eta pribatuetan.
Helburu eta printzipio zuzentzaileak
Planean jasotzen dira, besteak beste, 2019-2022 denboraldiko ekintza-esparrua, lortu nahi diren helburuekin eta arlo publikoan eremu ezberdinetan hartu beharreko neurriekin, gauzatzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak, neurriak pixkanaka ezartzen joatea, erantzukizunak banatzea eta aurreikusitako ebaluazio-jarduerak.
Planak hiru helburu nagusi ditu:
-LGTBI+ pertsonen beharrak eta sexu eta genero aniztasunaren ikuspegia artatzea modu sistematikoan eta orokorrean Nafarroako erakundeen jardueran oro har. Esku-hartze publikoa koordinatuta egingo da eta lurralde osoan ezarrita, eta pertsona horiek zuzenean artatzeko lehendik dauden zerbitzu publikoak sendotuta.
-Administrazioan lan egiten duten profesionalak trebatzea, prestakuntza horren bitartez ekintza instituzional eta erantzun egokia eman ahal izateko.
-Aldaketa soziala sustatzea sentsibilizazioaren bitartez, sexu eta genero aniztasunen eta dibertsitate afektiboen berdintasunean, errespetuan eta onarpen positiboan oinarrituta, edota LGTBI+ pertsonen parte-hartzea era positiboan artikulatuta.
Bestalde, Plana eraentzen duten printzipioak LGTBI+ pertsonen giza eskubideak babesten eta bermatzen oinarritu behar dute; sexu eta genero aniztasuna errespetatzen; genero ikuspegia eta ikuspegi feminista kontuan izaten; eta arreta berezia eskaintzen ahulkortasunari. Horretarako, prozesu parte-hartzailea garatu behar da, lurralde-oreka ziurtatuaz, aurrekontu-bermeekin eta erantzukizun publikoarekin.
Ardatz estrategikoak
Ekintza Plana 4 ardatz estrategikotan egituratzen da. Lehen ardatza Ekintza Instituzionalaren ingurukoa da, eta hor, aldi berean, bi ekintza-eremu jasotzen dira: berdintasun eraginkorraren zeharkakotasuna eremuka (Hezkuntza; Bizitzako Zikloak; Giza Eskubideak eta Ahulkortasunak; Osasuna, sexu eta ugalketa eskubideak; Lan-arloa; Aisia, Kultura eta Jarduera Fisikoa-Kirola; Memoria; Segurtasun Publikoa; Garapenerako Nazioarteko Lankidetza) eta koordinazio instituzionala.
Bigarren ardatz estrategikoan, Administrazioan lan egiten duten langileen Prestakuntza eta Trebakuntzekin lotutako ekintza guztiak sartzen dira. Hirugarren ardatza Sentsibilizazioari eta Parte-hartzeari buruzkoa da, eta jada abian diren kanpainei jarraipena emateaz gain, landa-eremuetan LGTBI+ pertsonen ikusgarritasuna sustatzeko ildo berezia lantzen da. Azkenik, laugarren ardatzean, LGTBI+ pertsonen Arretarako ekintza guztiak biltzen dira.
Ekintza ezberdinen artean, honako hauek dute lehentasuna: sexu eta genero aniztasunaren helburuak Administrazioaren Departamentu ezberdinek garatutako plan, programa eta ekintza guztietan sartzea, LGTBI+ politiken zeharkakotasuna bermatuaz, eta LGTBI+ pertsonen diskriminazio ezarako jarduerak egitea. Halaber, datuen bilketan sistematikoki sartuko da sexu aldagaia sexu eta genero aniztasuna kategorizatzen duten kategoria ezberdinetan.
Era berean, baterako hezkuntzara bideratutako bestelako ekintzak jasotzen dira, sexu-orientazio eta genero identitate edo adierazpen medio ez diskriminatzeko ikuspegi orokorrarekin. Osasunari dagokionean, LGTBI+ pertsonen osasun fisikoa, mentala, sexuala eta ugalketakoa bermatzeko eskubidea babestea da helburua edo lan-eremuan diskriminazioak detektatzeko Protokoloa lantzea. Modu berean, diskriminazio eta indarkeriaren biktimak diren LGTBI+ pertsonen eskubideak babesteko eta horiei laguntzeko edota gorroto-delitu horiek kudeatzeko neurriak proposatzen dira.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak LGTBI+ pertsonak artatzeko duen Zerbitzu Publikoa sendotzea aurreikusten da, Nafarroako arreta-zerbitzu ezberdinetan gerta daitezkeen LGTBIfobia episodioak jorratzeko protokoloa garatzearekin batera, LGTBI+ pertsonak babestea, defendatzea eta horiei tratu egokia ematea bermatzeko neurri egokiak ezartzearren eta LGTBIfobia egoerak identifikatze aldera.
Planean, orobat, lurralde-ikuspegiko ekintzak jasotzen dira, arlo hauetan jorratzeko: gazteria, aisia, kultura eta jarduera fisikoa eta kirola, garapenerako nazioarteko lankidetza, edota lan-arloa, lan-ingurunean diskriminazioak detektatzeko protokoloa eginaz, lanean pertsona horiek eskubide osoa izan dezaten.
Proposaturiko ekintza guztiekin urteko lan-programak osatuko dira, eta horien ardura Departamentuek izango dute. Ekintza Planaren segimenduaren eta ebaluazioaren agente arduradunak hauek izango dira: Nafarroako Berdintasunerako Institutua (NBI), 8/2017 Foru Legearen garapenerako departamentu arteko lan-taldea, Berdintasuneko departamentu arteko batzordea eta Nafarroako LGTBI+ Kontseilua bera, pasa den astean eratutakoa.