Descárgate la app
Foru Administrazioko 27.105 langile publikoak biharko hauteskunde sindikaletan parte hartzera deituta daude
2019ko maiatzaren 21a
Foru Administrazioko 27.105 langile publikoak biharko hauteskunde sindikaletan parte hartzera deituta daude
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere erakunde autonomoen zerbitzurako lan egiten duten 27.105 langile publikoek eta bere erakunde autonomoek, bihar, maiatzak 22, eginen diren hauteskunde sindikaletan parte hartzera deituta daude.
Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako Departamentuak emandako datuen arabera, hauteskunde hauetan botoa emateko eskubidea izanen dute 26.779 funtzionariok (estatutupekoak zein administrazioak kontraturikoak) eta lan-kontratua duten 326 langilek.
Administrazioaren barneko 14 hauteskunde-arlotako langile horiek 264 ordezkari hautatu beharko dituzte 14 sindikatuk aurkezturiko 3.711 hautagairen artean.
Hauteskundeetan parte hartuko duten sindikatuei dagokienez, LABek 724 hautagai aurkeztuko ditu, ELAk 500, CCOOk 480, UGTk 437 eta AFAPNAk (Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Elkartea) 419. Hautagaiak hauteskunde-arlo gehienetan aurkeztuko dira.
Horiei gehitu behar zaizkie ANPE irakasleen sindikatua, STEILAS irakaskuntzako sindikatua, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkartea (APS), Zentral Sindikal Independentea eta Funtzionarioena (CSIF), Erizaintzako Langileen Sindikatua (USAE), SATSE erizaintzako sindikatua, Nafarroako Medikuen Sindikatua (SMN), Justizia Administrazioko Langileen Sindikatua (STAJ) eta Unión Sindical Obrera (USO).
Hauteskunde arloak eta mahaiak
Hauteskundeak hainbat arlotan banatutako 96 mahaitan, estatutupeko nahiz administrazioak kontraturiko funtzionarioendako 11 mahaitan eta langileendako 3 mahaitan eginen dira.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua da hauteskunde hauetan hautesle eta hataugai gehien izanen duen erakundea. Guztira, 11.200 pertsona deituta daude botoa ematera, eta 22 mahairen bitartez, hauetako batzuk ibiltariak direlarik, eta 07:00etatik 23:00etara bitarteko ordutegi aldagarriak baliatuz, 63 ordezkari hautatu beharko dituzte zortzi sindikatuk aurkezturiko 1.439 hautagairen artean.
Hautesle kopuru handiena duen bigarren taldea unibertsitatekoak ez diren irakasleena da. 9.276 pertsona dira guztira, eta 55 ordezkari hautatu beharko dituzte 36 mahairen bitartez eta, nagusiki, 11:00etatik 17:00etara bitarteko ordutegiaren barnean, bederatzi sindikatuk aurkeztutako 1.017 hautagairen artean.
Botoa emateko langile kopuru handiena duen hirugarren arloa Administrazio Nukleoa da: 3.747 hautesle. Horietarik 3.469 funtzionarioak dira eta 308 kontratatutako langileak. 44 ordezkari hautatuko dituzte zazpi sindikatutako 471 hautagairen artean, eta horretarako, 15 mahai izanen dituzte: 11 mahai finko, 09:00etatik 16:00etara bitartean, eta lau mahai ibiltari.
Hauexek dira gainerako hauteskunde-arloak, parte-hartzaile kopuruaren arabera antolatuta: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia (751 hautesle eta 18 ordezkari), Justizia Administrazioren zerbitzuko pertsonala (629 eta 17), Babes Zibila eta Nafarroako Suhiltzaileak (533 eta 17), Nafarroako Zerga Ogasuna (356 eta 18), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (297 eta 13), Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (161 eta 9), Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua (96 eta 7) eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua (59 eta 7). Arlo hauetan askotariko hauteslekuak eta ordutegiak daude.
Ondoko bi hauteskundeak
Hauteskunde sindikal hauek ekainaren 10ean osatuko dira, Furozaingoaren barneko deialdiarekin. Guztira, 1.070 hautesle parte hartzera deituta daude 23 ordezkari hautatzeko.
Gainera, litekeena da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lan-araubideko pertsonalak datorren urtean 13 ordezkari hautatazea, aurreko hauteskunde sindikalak 2016ko uztailaren 1ean izan baitzituzten.
Hauteskunde errolda % 11 inguru hazi da 2015az geroztik, izan ere, orduko hartan 25.836 hautesle izan ziren eta egun 27.105 dira guztira, ondorengo egunetan botoa emanen duten 1.490 langileez gain.
2015-2016ko emaitzak
2015eko maiatzaren 20rako deitu eta urte bereko ekainaren 10ean eta 2016ko uztailaren 1ean osatutako azken hauteskundeetan, LABek 74 ordezkari lortu zituen, ELAk 44, CCOOk 41, AFAPNAk 26, eta UGTk eta SMNk 19.
Beste hamaika erakunde hauek ere lortu zituzten ordezkariak: SATSE (11), ANPE, CSIF eta STEILAS (10), SPA (9), APF (8), USAE (6), STAJ (4), APS eta USO (3) eta ESK (2).