2019ko maiatzaren 17a

Oinarrizko gizarte zerbitzuen buru diren tokiko entitateentzako Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak finantziazio dekretu berria abalatu du

Arauaren helburu nagusien artean daude, gutxienezko finantziazio sistema homogeneoa gizarte zerbitzuen oinarrizko eremu guztietan bermatu, zein talde profesionalak indartu eta egonkortu, besteak beste
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak atzo izandako bileraren 
momentuetako bat.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak atzo izandako bileraren momentuetako bat.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak, guztien adostasunarekin, ostegun honetan, maiatzak 16, ontzat eman du oinarrizko gizarte zerbitzuen buru diren tokiko entitateentzako finantziazio dekretu berria.

Eskubide Sozialetako Departamentuak proposamen teknikoa egin ondoren, araua Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera landu da, testua ezagutzera emateko eta ekarpenak biltzeko, baita oinarrizko gizarte zerbitzuen hainbat eremutako teknikari eta politikariekin ere. Araua jendaurreko erakusketan izan da Gobernu Irekiaren atarian apirilaren 16tik maiatzaren 10era bitartean, herritarren ekarpenak bildu ahal izateko.

Berritasun nagusien artean, arauak finantzaketa-sistema orekatua ezarri du oinarrizko gizarte zerbitzu guztiei gutxieneko finantzaketa bermatzeko, tokian tokiko beharren arabera. Horrekin batera, oinarrizko talde profesionalak indartu ditu lau programetako funtzioak garatu ahal izateko eta finantzaketaren egonkortasuna bermatu du, orain arte urteko dirulaguntza-deialdien bitartez kontratatzen ziren profesionalak barne hartuz; hala nola, enplegu sozial babestuaren programan edota Droga-mendekotasunen Foru Planean gizarte-laguntza ematea xede duten profil profesionalak.

Bestalde, Dekretu berriak bermatu die toki entitate guztiei, finantzaketaren zati bat gizarteratze nahi gizarte-larrialdiko prozesuetako laguntza-beharren estaldurarako erabiltzeko aukera.

Egiturazko kostuak, espezifikoak eta etxez etxeko udal zerbitzuetan artaturiko mendeko pertsonak, finantzaketaren ardatzak

Finantzaketari buruzko dekretu berriak hiru eremutan banatu ditu finantzatu beharreko kostuak: egiturazko kostuak, kostu zehatzak eta mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko etxez etxeko udal-zerbitzuen kostuak.

Egiturazko kostuei dagokionez, aintzakotzat hartu dira oinarrizko gizarte zerbitzuen funtzioak garatzeko beharrezkoak diren gastuak, oinarrizko lanbide-taldearen kostuak, funtzionamenduko gastuak eta lurralde-sakabanatzetik eratorritakoak barne hartuz. Ildo horretan, finantzaketa tokian tokiko beharretara egokitzeko, biztanleria hamar zatitan sailkatu da, eta horietako bakoitzean tokiko erakundeak eduki beharreko oinarrizko lanbide-taldea zehaztu da.

Oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen kasuan, gizarte-laneko, gizarte-hezkuntzako, administrazioko eta familia-laneko profesionalak bermatzearen alde apustu egin du zerbitzu guzti-guztietan.

Halaber, lehen mailako arreta sistema indartzeko, gizarte-laneko nahiz gizarte-hezkuntzako profesionalen ratioa handitu da haur eta familien programan eta gizarteratze programan, baita familia-laneko profilak ere autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna duten pertsonak artatzeko programan, administrari kopurua areagotzeaz gain. Kontzeptu honetan, Nafarroako Gobernuak oinarrizko taldeko langileen kostu estimatuaren erdia finantzatuko du, eta % 80a esku-hartze bereziko eremuetan.

Funtzionamenduko gastuei dagokienez, halakotzat jo ditu gastu korronteak zein langileen arlokoak, oinarrizko talde profesionalean aurreikusitakoak izan ezik.

Azkenik, sakabanatze geografikoa ere aintzat hartu da, betiere kontuan hartuz sakabanatze horrek oinarrizko gizarte zerbitzuen gastuak handitzen dituela. Horretarako, lurralde-sakabanatzeari buruzko berariazko indizea zehaztu da. Funtzionamenduari zein sakabanatzeari lotutako gastu guztiak Nafarroako Gobernuak finantzatuko ditu.

Arauan sartutako bigarren kontzeptua, kostu espezifikoena, toki entitate bakoitzaren behar sozialei erantzutearekin lotuta dago. Hartara, oinarrizko eremu bakoitzaren errealitate soziala eta gizarte zerbitzuetan artaturiko biztanleria desberdina izan daiteke lurralde mailako ezaugarrien arabera. Horren kariaz, dekretuak tokiko errealitatearekin bat datozen adierazle haztatuak erabiltzea proposatu du; hala nola, lan-eskatzaileen portzentajea edota 65 urte edo gehiago dutenen eta 18 urte edo gutxiago dutenen portzentajeak. Halaber, aintzakotzat hartuko dira oinarrizko gizarte zerbitzu bakoitzean egindako guztizko esku-hartzeen kopurua, mendekotasunaren aitorpen ofiziala duten pertsonen portzentajea, babesgabetasun arriskuan edo egoeran dauden adingabe artatuen portzentajea eta errenta bermatua jasotzen duten familia-unitateen kopurua. Atal honen finantzaketaz Nafarroako Gobernua arduratuko da.

Azkenik, mendekotasunaren aitorpen ofiziala duten pertsonen arretaren kostu estimatuaren % 100aren finantzaketa arautu da, Pertsonen Autonomia Sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea betez.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua foru Gobernuko, tokiko entitateen, gizarte-elkarteen, eragile ekonomikoen eta unibertsitateetako ordezkariek parte hartzen duten kide anitzeko kontsulta-organoa da.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra da burua, eta haren barruan daude Gizarteratzeko eta Babes Sozialeko zuzendari nagusi Gema Mañú; Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Inés Francés; Nafar Lansareko zuzendari kudeatzaile Paz Fernández; Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñi; Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaile Mertxe Leránoz: eta Osasuneko zuzendari nagusi Luis Gabilondo, besteak beste.

Halaber, kontseiluan ordezkatuta daude Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordea (CERMIN), Kamira Sozietate Kooperatiboa, Kultura arteko Hezkuntza Zerbitzua (SEI), Pobreziaren eta Gizarte-bazterkeriaren Kontra Borrokatzeko Sarea, Iruñeko Miserikordia Etxea eta gizarte-langileen, fisioterapeuten eta gizarte-hezitzaileen elkargo profesionalak.

Azkenik, erakundean beste hauetako ordezkariak ere badaude: Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Helduak Babesteko Kontseilua, ordezkari gehien dituzten enpresa eta sindikatu elkarteak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea.