Descárgate la app
Nafarroak politika integrala eta koordinatua eskatzen du Pirinioetako agente guztiengandik abeltzaintza hedagarriaren eta hartzaren arteko baterako existentzia bermatzeko
2019ko maiatzaren 17a
Nafarroak Pirinioko eragile guztien artean koordinatutako politika integrala eskatu du hartzaren eta abeltzaintza estentsiboaren koexistentzia bermatzeko
Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendari Nagusi Navarra Eva García Balaguerrek Pirinio osorako plan integrala koordinatu behar dela adierazi du gaur, hartza berriz ere sartu izanak abeltzaintza estentsiboaren iraupenerako zailtasun gehiago sor ez dezan, “sektore estrategiko honek giltzarrizko eginkizuna betetzen baitu gure mendiak zaintzeko eta gainbeheran dauden eskualde horietako biztanleriari eusteko”.
Garcíak Madrilen parte hartu du gaur goizean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioan deitutako nazioarteko bileran, Frantziako eta Espainiako ministerioen ordezkariak eta hartza berriz ere sartu izanaren ondorioak pairatzen dituzten Nafarroa, Aragoi eta Katalunia autonomia-erkidegoen ordezkariak tarteko zirela. Frantziako Gobernuak Biarnon Claverina eta Sorita hartz eme esloveniarrak askatu zituenetik, hauxe da eragindako administrazio guztien artean antolatu den lehendabiziko bilera.
Topaketan izan dira, besteak beste, Frantziako Gobernuko Uraren eta Biodibertsitatearen Zuzendari Thierry Vatin, Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Biodibertsitatearen eta Elikadura-Kalitatearen Zuzendari Javier Cachón, Kataluniako Generalitateko Ingurumen Politiken Zuzendari Nagusi Ferran Miralles eta Aragoiko Gobernuko Ingurumeneko Zuzendari Nagusi Pilar Gómez.
Ingurumeneko Zuzendariak administrazio maila guztien arteko lankidetza eta koordinazioa eskatu du, tokiko administrazioa barne, kudeaketa egokia egin ahal izateko, eta haren esanetan, “nahitaezkoa da hartzaren kudeaketa lurraldearekiko lankidetzaz egitea, tokiko eragileekiko elkarrizketari eutsiz, bereziki kalte-arriskurik handiena dutenekin”.
Eva Garcíak laguntza finantzarioa eskatu die Frantziako eta Espainiako ministerioen ordezkariei hartzaren presentziak eragindako behar berriei aurre egin ahal izateko. “Nafarroan, hartzaren plana bi estatuen finantzaketarekin eta Europako finantzaketarekin ere indartu behar da, azpiegiturak eta bordak egokitu, artaldeei eta hartzari jarraipena egiteko sistemak hobetu, uxatzeko teknologiak abiarazi, artzainak, bitartekariak nahiz lurraldeko talde teknikoen laguntzaileak kontratatu eta formakuntza bermatu ahal izateko”.
Frantziako Gobernuko Uraren eta Biodibertsitatearen Zuzendari Thierry Vatinek argi utzi du bere gobernuak ez duela Pirinioan hartz gehiago sartzeko asmorik eta espainiar administrazioarekiko hurbilketa metodoaren desegokitasuna aitortu du. Vatin ados agertu da maila tekniko nahiz instituzionaleko lankidetza-bide zuzenak ezartzeko proposamenarekin.
Nafarroako Gobernuak haserrea azaldu zuen 2018ko urrian Frantzia Gobernuak emandako informaziorik ezagatik eta horrek “espeziearen borondatez kanpoko birsartzearen” aurreko neurriak hartzeko aukera saihetsi izanagatik. Hartz emeak askatu eta hilabete geroago, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak dagoeneko aplikatzen ari den plana aurkeztu zuen. Orain arte, 18 geolokalizatzaile instalatu dira hainbat artaldetan, bi hesi elektrifikatu eraiki dira, artzakurrak jarri dira eta abeltzainei lagunduko dieten artzainak kontratatzeko prozedura ireki da. Horrekin batera, lurreko zaintza hobetu da animaliak lehenago detektatu eta gertuen dauden abeltzainak jakinaren gainean jarri ahal izateko.
Orain arte Frantziak baizik jasotzen ez zuen igorgailuen seinalerako sarbide zuzena lortu da, baina argi gelditu da nahitaezkoa dela teknikoki hobetzea satelite bidezko informazioa sarriago jaso ahal izateko. Horren kariaz, Nafarroak hartzari jarripena egiteko sistemak eta teknologiak sendoagoak izan daitezela eskatu du. Hartara, bileran, Espainiako eta Frantziako aditu teknikoen taldeak berehala elkartzea erabaki da, hartz emeen mugimendu eta ohiturei buruzko ezagutza sakondu eta giltzarrizko informazio kualitatiboa partekatzeko, eta uxatzeko neurriak tarteko dituzten esku hartzeko protokoloen aplikaziorako irizpideak hobeto koordinatzeko.