2019ko maiatzaren 17a

IAT zerbitzua Nafarroan emateri buruzko informazio oharra

Nafarroan, bi kontzesionariok jarduten dute Ibilgailuen Azterketa Teknikoko guneetan. Batetik, TÜV Rheinland-ek Iruñeko guneetan jarduten du, Mercairuñan, Arbizun eta Donezteben hain zuzen. Bestetik, Revisiones de Navarra SAk Noain, Azkoien, Lizarra, Tutera eta Zangozako guneetan jarduten du.

TÜV Rheinland-ek kudeatzen dituen hiru guneek ordua eskatzeko sistemarekin funtzionatzen dute. Ordua webgunean (mugikorrerako aplikazioa ere badute), telefonoz edo tokian bertan eska daiteke.

Revisiones de Navarra SAren bost guneetan, berriz (Zangozan izan ezik), arreta mistorako sistema bat dago ezarrita, hau da, ordua eskatzeko eta ordurik gabe joateko aukera dago. Gune horiek linea bat baino gehiago dituzte, eta, beraz, linea batzuk dira ordua dutenentzat, eta besteak ordua hartu gabe zuzenean doazenentzat. Gune horietan ordua webaren bitartez bakarrik har daiteke. Noainen, adibidez, maiatzaren 13tik sistema berria aplikatzen ari dira ordua hartu gabe doazen turismo-automobilentzat. Iristen doazen heinean, sailka multzokatzen dira eta hitzordua ematen zaie ordubeteko tartearekin, antolatzeko eta errenkadan jarri behar ez izateko.

Zangozaren kasuan, ez da ordurik ematen, eta, beraz, heltzen doazen heinean ematen zaie arreta. Duela gutxi, arreta emateko zerbitzua astelehenetik ostiralera zabaldu da, orain arte astean hirutan bakarrik ematen baitzen.

Harremanetarako datuak eta gune bakoitzeko ordutegiak agiri honetan daude: “La ITV paso a paso”. Azken hilabeteotan, arreta-zerbitzuaren ordutegiak nabarmenki zabaldu dira, eta aurreikusita dago Noaingo gunean etengabeko arreta-zerbitzua jartzea, Iruñeko Mercairuñan dagoenaren pare.

920/2017 Errege Dekretua betetzeko jarduerak

2018ko maiatzaren 20an indarrean sartu zen 920/2017 Errege Dekretuak langile, prestakuntza, instalazio eta azterketa-ekipo eta -prozedurei dagokionez IAT guneek bete beharreko baldintzak zehazten ditu, kalitatea bermatu eta bide-segurtasuna eta ingurumenaren babesa hobetze aldera.

Arautegi berriaren ondorioz, turismo-automobil bati azterketa teknikoa egiteko lehen 12 minutu behar baziren, orain 20 minutu behar dira. Halabeharrez, azterketa teknikorako gaitasuna izugarri areagotu beharra zegoen ibilgailu kopuru berdinari arreta emateko.

Horregatik, bi kontzesionarioek 2018an zehar eta 2019aren hasieran neurriak hartu dituzte, eta horiei esker, gure erkidegoan azterketa teknikorako ahalmena izugarri areagotu da. Neurri horiek guneetako linea kopurua areagotzean (17,5etik 21,5era), publikorako arreta-zerbitzuaren ordutegia zabaltzean (astero 280 ordu izatetik 389,5 ordu izatera) eta jende gehiago kontratatzean (59 ikuskatzailetik 86 ikuskatzailera) oinarritu dira.

Halaber, ordua hartzeko sistema txertatzen eta web eta telefono bidezko arreta-sistemak hobetzen joan dira pixkanaka. Bestalde, ordurik gabeko arreta-zerbitzuaren kalitatea hobetzeko neurriak hartu dira jada, Noainen aste honen hasieran hartutakoa kasu.

Ibilgailuen azterketa teknikoak lehen 12 minutu irauten bazituen orain 20 minutu irauten ditu. Hala eta guztiz ere, 920/2017 Dekretua indarrean sartu aurretik baino IAT gehiago egin dira Nafarroan. Pasadan urteko lehen hiruhilekoarekin alderatzen badugu, 2019an 10.000 ibilgailu gehiagori egin zaie azterketa teknikoa, eta horrek esan nahi du % 8ko gorakada egon dela.

Nafarroako Gobernuak zerbitzua hobetu nahian lanean jarraitzen du, bi kontzesionarioekin harremana mantenduz aldi oroz.