2019ko maiatzaren 16a

Nafarroako Gobernuak errepideko txirrindulariek sarri erabiltzen dituzten bi bide seinaleztatu ditu

NA-3010 errepidean esku hartu du, Tuteratik Ablitaseraino, eta NA-5300 errepidean, Erriberritik San Martin Unxeraino
Tutera eta Ablitas NA-3010 errepidean txirrindulariak ibili daitezkeela 
azaltzen duen informazio kartela.
camera_alt Tutera eta Ablitas NA-3010 errepidean txirrindulariak ibili daitezkeela azaltzen duen informazio kartela.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak errepideko txirrindulariek sarri erabiltzen dituzten bi bide seinaleztatu ditu: NA-3010 errepidearen 7,7 kilometroko tartea Tutera eta Ablitasen artean eta NA-5300 errepidearen 10 kilometroko kilometroko tartea Erriberritik San Martin Unxeraino. Lan hauen bitartez, errepide horiek bizikleten eta motordun ibilgailuen erabilerara egokitu dira.

Gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako panelek eta seinaleek gogoratzen diete gidariei litekeena dela errepide horietan txirrindulariak ibiltzea, eta ondorioz, beste ibilgailu batzuk aurreratzerakoan, nahitaezkoa dela txirrindulariekiko 1,5 metroko tartea mantentzea, egokitutako tarteetan motordun ibilgailuen abiadura moteltzeko gomendioarekin batera. Informazio panelak jarri dituzte bi errepideetan, baita txirrindularien zirkulazioari buruzko arrisku-seinaleak ere.

Hauxe da, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumontek 2017ko ekainean aurkeztu zuen bideak txirrindulariendako egokitzeko planaren bigarren fasea, Bide-Segurtasunerako Nafarroako Estrategiari atxikita dagoena.

Diziplina arteko talde batek lanean dihardu 2016az geroztik, txirrindulariendako ingurune seguruagoak lortzeko xedez. Talde horretan ordezkatuta daude Barneko eta Obra Publikoetako zuzendaritza nagusiak, Foruzaingoa, Trafikoko Probintzi Buruzagitza, Trafikoko Guardia Zibila, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioa.

Hauxe da taldeari egokitutako lana: kolektiboak gehien erabiltzen dituen bideak identifikatzea, hauen ezaugarriak aztertzea, eta bizikletaz ibiltzeko egokiak ote diren zehaztea irizpide tekniko ebaluagarrien arabera. Trafikoaren eguneroko intentsitatea, ibilgailu astunen kopurua, bideak sarean duen garrantzia eta bide-bazterren zabalera dira irizpide horietako batzuk, bidearen kontserbazio-egoerarekin batera.

2017ko azaroan, planaren lehendabiziko fasea abiatu zen, lau errepidetako zortzi tarte seinaleztatuz; 102 kilometro, guztira, N-135, NA-2330, NA-1720 eta NA-150 errepideetan, Esteribarren, Erron, Artzibarren eta Urrotzen.

Bibikleta-erreia

2018an, talde honek bide berriak identifikatu zituen; horien artean, lehen aipatutako biak. Hauek egokitzeko lanak aurten egin ahal izan dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eta Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusiak finantzaturiko 13.155 euroko aurrekontuaren bitartez.

Bestalde, Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusiak 20.133 euro inbertitu ditu NA-3010 errepideko bizikleta-erreiaren 600 metroko tartea egokitzeko, Tudela eta Ablitasen artean, eta horretarako, zintarriak ezarri ditu tarteka-marteka (350 metroraino) bizikleta erreia bazterretik bereizteko.

Taldeak sorreran ezarri zitzaion zereginetan jarraitzea aurreikusi da, Nafarroako beste leku batzuetan ildo bertsuko jarduketa-proposamenak eginez.