2019ko maiatzaren 16a

Hondakinen kudeaketarako ereduak aurkezteko jardunaldia Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzan

Elizalde kontseilariak Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legea aurkeztu du EBko “Green Week”en inguruan, Portugalgo, Alemaniako, Danimarkako eta Belgikako beste esperientzia batzuekin batera
Elizalde kontseilaria eta Mikel Irujo, Belgikako, Portugalgo, Alemaniako 
eta Danimarkako adituekin. 
Elizalde kontseilaria eta Mikel Irujo, Belgikako, Portugalgo, Alemaniako eta Danimarkako adituekin.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Hondakinak prebenitzeko jardunbide egokiei eta ikasbideei buruzko lan bilkura batean parte hartu du gaur goizean Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzan Isabel Elizalde kontseilariak. Europako Batzordeak urtero antolatzen duen Green Week edo Aste Berdearen inguruan egin da saioa. 

Isabel Elizaldek Hondakinen inguruko Foru Legearen ildo orokorrak eta horrek, pasa den ekainean onartu zenetik, Nafarroako hondakinen arazoan duen eragina azaldu ditu.

Kontseilariak zehaztu du “Nafarroako hondakinen legea Europako ordenamendura egokitzen dela, eta ezinbesteko trantsizio ekologikorako urrats bat ere badela”. Elizaldek euskarri moduan Hondakinen 2017-2027 Planaren Segimendu Txostena erabili du, bertan biltzen baitira Nafarroako 2017ko hondakin guztiei buruzko datuak eta 2018ko aurrerapena.

Hondakinak sortzearen hazkundea banatzea

Haren ustez, ahalegin garrantzitsuena da prebentzioa eta gutxiago sortzea; era horretan, ondorengoa nabarmendu du: “hazkunde ekonomikoak ez du hondakin gehiago sortu behar”, murriztu eta baliabide bihurtu baizik, ekonomia zirkular berriaren ildotik.

Egoera-txosteneko datuen artean, Elizaldek bio hondakinak aipatu nahi izan ditu bereziki; hots, materia organikoa. Nafarroako mankomunitate ezberdinetan zabaltzen jarraitzen dute (2014an %24 eta 2017an %53); beraz, hori lortzea eta behar bezala tratatzea da Foru Komunitatearen erronka garrantzitsuenetariko bat.

Portugal, Alemania, Danimarka eta Belgikako esperientziak

Jardunaldian zehar, Isabel Elizalde kontseilariarekin batera egon dira Nafarroak Bruselan duen delegatua, Mikel Irujo, edota ondorengo espezialistak: Susan Freitas, Portugalgo LIPOR-ekoa (Gran Portoko udalerri arteko hondakinen kudeaketa), bio hondakinak murrizteko plana azaldu duena; Henning Wilts doktorea, Alemaniako Wuppertal Institutukoa, hondakinak murriztearen inguruan Alemaniako eta Danimarkako jardunbide egokien hiru adibide sakondu dituena; eta Céline Schaar, Bruxelles Environment-ena, Bruselako planak nabarmendu dituena herritarren portaera-aldaketa lantzeko "zero hondakin" aldera.

Jardunaldia Paolo Marengoren hitzaldiarekin amaitu da; ACR+ Sarekoa da, eta Nafarroa sare horretako kidea da. Aipatu behar da isurpenak murrizteko jardunbide eta ikasgai egokiei buruzko ekitaldia "ekitaldi nabarmena" moduan adierazi duela Europako Batzordeak Green Week 2019 Aste honetan.