2019ko maiatzaren 15a

Foru intereseko inbertsio izendatu dira BS Cocinadosek Funesen eta Harivenasak Arakilen egingo dituzten proiektuak

Biak elikadura sektorekoak dira eta 150 eta 50 lanpostu zuzen sortuko dituzte hurrenez hurren

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran bi akordio onetsi ditu zeinen bidez foru intereseko inbertsio izendatu diren bi proiektu berri, bata BS Cocinados SLrena Funesen, eta bestea Harivenasa SLrena Arakilen. Biak elikadura sektorekoak dira eta 150 eta 50 lanpostu zuzen sortzea aurreikusi dute hurrenez hurren.

Bi proiektuek Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin bat egiten dute hainbat arlotan: elikadura katea lotzeko erronkekin, elikadura osasungarriaren apustuan, eta tokiko garapen ekonomikoa eta tamaina erdiko enpresen gehitzearekin.

BS Cocinados Slren kasuan, Funesen hoztutako patata tortilen ekoizpen fabrika berria sortuko da. 18 milioi euroko inbertsioa eta zuzeneko 150 lanposturen sorrera aurreikusi da, zeharka sor daitezkeenekin batera. Proiektu berri honekin, enpresak %30 igoko du produkzio ahalmena eta hala nazioarteko merkatuetara helduko da, gainera, produktuaren kalitatea hobetzeko teknologia berritzailea erabiliko du eta elikadura segurtasuna bermatuko du. Aipatzekoa da Corellan taldearen beste fabrika bat dagoela.

Harivenasa SLri dagokionean, egun Noainen oloa eta beste zereal batzuk gizakien kontsumorako eraldatzeko fabrika gutxinaka Arakilera leku aldatuko da, eta bertan jarraituko du zerealen malutak eta ezohiko irinak ekoiztuz (artatxikia, kinoa eta artobeltza). 24 milioi euroko inbertsioa eta zuzeneko 100 lanpostuetara iristea aurreikusi da, egun dituen 50ak bikoiztuz, sortu ditzakeen zeharkako lanpostuekin batera. Harivenasa SL Nafarroako Rural Kutxaren Harivenasa 2000 taldeko enpresa da.

Foru intereseko inbertsioak

Gogarazi beharreko da Exekutiboak foru intereseko inbertsio moduan izendatu ditzakeela Nafarroaren garapen ekonomikoan zein gizarte eta lurralde garapenean aparteko garrantzia duten proiektuak. Izendapen hori duten ekimenak lehentasunezko bultzada dute eta hala Nafarroako administrazio publikoan tramiteak egiterakoan azkartasuna eskuratzen dute. Hala, ekimena martxan jartzeko orduan erdira gutxitzen dira tramiteen epeak, baita planteamendu urbanistikoak, esleipenak edo irekiera eta funtzionamendu izapideak.