2019ko maiatzaren 14a

Osasun Departamentuak Agoitzeko Osasun Etxeko handitze eta espaziok berritzeko lanak esleitu ditu

Eraikin berriak 575.000 euroko inbertsioa izanen du eta pediatriako bi kontsulta, larrialdietarako gela eta gaueko guardietako langileentzako egongelak izanen ditu
Agoitzeko Osasun Etxea 
Agoitzeko Osasun Etxea   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak Agoitzeko Osasun Etxeko handitze eta egungo hainbat toki berritzeko lanak egiteko esleipen prozesuari ekin dio.

Obrak lizitaziora atera dira 575.00 euroko aurrekontuarekin, eta lanak uztailean hastea eta 10 hilabetetan egitea aurreikusten da.

Osasun Etxea handitzeko, eraikin berria gehituko da, eta, bertan, pediatriako bi kontsulta eta larrialdietako gela berria jarriko dira, dagozkien itxarongelekin. Horrez gain, apartamentu baterako espazioa gordeko da, gaueko guardia-zerbitzuko osasun-langileentzat.

Solairu bakarreko eraikin berria 700 metro karratu inguruko partzelan eraikiko da, eta egungo osasun-etxeari gehituko zaio galeria baten bitartez.

Barruko espazioak berritzea

Proiektuaren barnean, baita ere, osasun-etxeko egungo hainbat gela berrituko dira. Zehazki, erabilera anitzeko gela, larrialdietako kontsulta, komunak, biltegia eta egungo eraikineko bulegoa. Espazioak berritzeko lanek soilik barruko egungo antolamenduetan eragingo dute.

Osasun-arreta 50 herri baino gehiagorentzat

Agoitzeko oinarrizko zonak guztira 3.854 osasun-txartel esleituta ditu; hau da, 3.201 heldurenak eta pediatria-adinean dauden 653 adingaberenak.

Osasun Etxean goizez familiako hiru mediku eta familiako eta komunitateko hiru erizain, pediatra bat eta pediatriako erizain bat eta gizarte-langile bat aritzen dira lanean. Etengabeko arreta, gauez eta jai-egunetan, hiru mediku eta hiru erizainari dagokie.

Goizeko ordutegian, osasun-etxeaz gain, Orotz-Beteluko eta Urrotzeko kontsultategiak artatzen dira. Agoitzeko oinarrizko zona hartzen duten gainerako herriak 50 baino gehiago dira, eta Artzi, Lizoain, Longida, Izagaondoa eta Untzitibarrekoak dira.