Descárgate la app
NKGIk abian jarri du "Arte Gaztearen Topaketak" programaren edizio berria
2019ko maiatzaren 14a
NKGIk abian jarri du "Arte Gaztearen Topaketak" programaren edizio berria
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) "Arte Gaztearen Topaketak" programaren edizio berria bultzatu du, honako modalitate hauetan: Arte Eszenikoak, Arte Plastikoak, Ikus-entzunezkoak, Moda Diseinua eta Musikak. Deialdia datozen egunetan argitaratuko da NAOn, eta hortik hasi eta ekainaren 24ra bitarte, 18 eta 30 urte arteko artistek beren eskaera aurkeztu ahal izango dute.
“Arte Gaztearen 2019ko Topaketak” ekimenak artearen generoen eta hizkuntzen elkarreragitearen aldeko apustua egiten du, kontzeptua lantzeko beharrezko baliabideak bezala. Helburu hori lortzeko, programan lankidetza erako lana ezartzen da, proiektuak trukatzeko ehun artistikoa eta lanerako sareak sortuaz, artista gazteak erakusketa eta banaketa zirkuituetara hurbiltzeaz gain.
Aldi berean, tailer irekiak egiten dira, eta parte-hartzaileek nahiz bestelako artista gazteek har dezakete parte harik eta kopurua bete arte. Modu horretan, hautatutako pertsonen erakusketa, proiekzio, moda-desfile, emanaldi eta kontzertuez gozatu ahal izango da programa osoaren agendan aurretik ezagutzera emango diren gela eta espazioetan; besteak beste, Uharte Zentroa-CACH, Iruñeko Civivox zentroak, dantzalekuak edo Baluarte.
Epaimahaiak osatzen dituzten pertsonak sustapenarekin eta erakusketa-zirkuituekin lotutako profesionalak dira; beraz, artista sarituek beren obra erakutsi eta produzitu ahal izango dute Foru Komunitatean nahiz Foru Komunitatetik kanpo.
Izen-emateak eta sariak
Parte-hartzaile bakoitza banaka edo taldean aurkeztu ahal izango da programan sartzen diren modalitate ezberdinetan: Arte Eszenikoak, Arte Plastikoak, Ikus-entzunezkoak, Moda Diseinua eta Musikak.
Programa Nafarroako edo Foru Komunitateko 18 eta 30 urte arteko adineko gazteentzat da (urte horiek beteta izan behar dituzte izena emateko epea amaitzen den egunean), eta izena emandako talde bakoitzeko kideen %33ak adina gaindi dezake. Halaber, proiektu bakoitzeko parte-hartzaileen %33ak beste nazionalitate edo Estatu komunitate batekoa izan ahal izango du, kulturartekotasuna betetzeko eta artistak garatzen diren taldeko ikerketa-esperientziak lantzeko.
Sariei dagokienez, emandako zuzkidura ekonomikoa produkzio artistikorako, prestakuntzarako, esperimentaziorako edo lanak trukatzeko, erakusketarako, ikerketarako edo NKGIrekin aurrez adostutako beste edozein ekintzarako erabili beharko da. Zuzkidura 2.500 eurokoa izango da proiektu onenarentzat, 1.500 eurokoa bigarren proiektuarentzat eta 1.000 eurokoa hirugarren proiektuarentzat.
Izena emateko inprimakia Gazteriaren Web gunean deskarga eta bete daiteke.
Informazio gehiago: Yanguas y Miranda kalea, 27 behea; 848-423900 eta 848-427841 telefonoak eta encuentros@navarra.es posta elektronikoa.