2019ko maiatzaren 14a

Nafarroako Adineko, Erretiratu eta Pentsiodunen Federazio eta Elkarteen Konfederazioaren aurkezpena

Laparra lehendakariordea Zuzendaritza-Batzordearekin bildu zen apirilaren 25ean konfederazioarekin lotutako gaiak aztertzeko
Ezkerretik eskuinera,  José Antonio Sesma Aizpurúa, Jose Manuel Allo y 
Carrillo de Albornoz,  Joaquín Almoguera Latasa, Inés Francés, Miguel 
Laparra lehendakariordea,  Asun Apesteguía eta  Manuel Burguete.
Ezkerretik eskuinera,  José Antonio Sesma Aizpurúa, Jose Manuel Allo y Carrillo de Albornoz,  Joaquín Almoguera Latasa, Inés Francés, Miguel Laparra lehendakariordea,  Asun Apesteguía eta  Manuel Burguete.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Eskubide Sozialetako Departamentuko lehendakariorde Miguel Laparrak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Inés Francésekin batera, Nafarroako Adineko, Erretiratu eta Pentsiodunen Federazio eta Elkarteen Konfederazioko Zuzendaritza-Batzordearekin bildu zen apirilaren 25ean. Konfederazioaren lana ezagutzea, horrekin lotutako gaiak aztertzea eta adinekoen baldintzak hobetzeko elkarrekin lan egitea izan ziren topaketaren helburuak, besteak beste.

Zuzendaritza Batzordearen izenean, honako hauek izan ziren: Joaquín Almoguera Latasa lehendakaria, José Antonio Sesma idazkaria, José Manuel Allo y Carrillo de Albornoz diruzaina eta Iruñeko Adinekoen, Erretiratuen eta Pentsiodunen Federazioko Asun Apesteguía eta Manuel Burguete. Egun, konfederazioa hitzarmena lantzen ari da Eskubide Sozialetako Departamentuarekin laguntza teknikoa finantzatzeko.

Konfederazioak, Adinekoen Kontseiluarekin batera, kolektiboari ahotsa emateko eta horren kezkak zein ekimenak bistaratzeko tresna izan nahi du. Horrekin batera, elkarteen arteko esperientzia eta jardueren trukea ahalbidetu nahi du, adinekoen arteko elkartegintza eta zahartze aktiboaren aldeko estrategian zehaztutako ekintza-ildoak bultzatzeaz gain.

Hauexek dira gauzatzen dituen zeregin nabarmenenetako batzuk: adinekoei dagozkien arazoak ezagutzera ematea eta horiek eskubideak babest eta sustatzea; adinekoen federazioen jarduerak koordinatu eta bultzatzea; bazkidetutako elkarteen egiturei laguntza teknikoa, formakuntza eta informazioa eman eta federatutako entitateen arteko komunikazioa sustatzea eskueran dituen baliabide guztien bitartez; elkarteetako kideen garapen pertsonala bultzatzea zahartze aktiboaren ikuspegitik; erakunde publikoekin lankidetzan jardutea kolektiboa bistaratzeko, honen irizpideak, esperientziak eta ikuspuntuak aintzat hartuz; geriatria zerbitzuak sustatzea adineko biztanleriaren goranzko joeraren arabera; bazkidetutako entitateei ahokularitza ematea legeek pentsioei buruz, osasunari buruz zein menpekotasunerako laguntzei buruz eskeintzen dituzten baliabideen inguruan; eta kultura edo aisialdiko jarduerak antolatzea.

PAGNAren eta NUPen babespean sorturiko konfederazioa

2016ko azaroan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren ekimenez eta Adinekoen Kontseiluak bultzatuta, gogoeta-prozesua abiatu zen Nafarroako kolektibo sozial honen parte-hartze eta elkartegintzari buruz. Zeregin honetan parte hartu zuten, halaber, Nafarroako Gobernuko Herritarren Arreta eta Partaidetzarako zerbitzuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Departamentuak.

Foru Komunitateko hainbat tokitan osatutako taldekako lehendabiziko fasearen ondoren, 2017ko otsailean, gogoeta egiteko jardunaldia antolatu zen Iruñean, adinekoen elkarte eta kluben ordezkarien parte-hartzeaz, kolektibo honen egoerari buruzko lehen diagnosia lantzeko eta hobekuntza-proposamen orokorrak egiteko:

Nafarroako adinekoen elkartegintza eredua birpentsatzea.

Klub eta elkarteen arteko koordinazioa eta baterako ekintza erraztuko duen egituraren bat sortzea.

Adinekoen Kontseiluaren egitura, funtzioak eta funtzionamendu orokorra birdefinitzea.

Klub eta elkarteen finantzaketa sistema hobetzea.

Jarraian, parte-hartze bidezko barne prozesua gauzatu zen, eta horren ondorioz, Adinekoen Kontseilua aldatzeko proposamena bideratu zen urriaren 24ko 88/2018 Foru Dekretuaren bitartez (2018ko azaroaren 15eko NAO).

Halaber, PAGNAk klub eta elkarteen finantzaketa sistema erreformatzeko zenbait proposamen aurkeztu zituen. Azkenik, eremu guztietako adinekoen elkarteen ordezkariekin eratutako talde eragilearen sorrera bultzatu zen NUPen eta PAGNAren babespean, Nafarroako adinekoak ordezkatzen dituzten gizarte-entitateen arteko koordinazio-egitura sortzeko xedez, eta lan horren guztiaren buruan, konfederazioa eratu da.

Proposamen honen bitartez, entitateen arteko komunikazio eta koordinazio eskasaren arazoa konpondu nahi zen, kudeaketan, jardueren antolaketan, aholkularitza lanetan zein bestelako zereginetan lagunduko dien baterako tresna eskainiz, bereziki elkarterik txikienei. Lehendabiziko eztabaiden ondoren, eskualdekako federazioak sortzea erabaki zen (gizarte-zerbitzuen eremukako antolaketaren arabera), eta horiek guztiak koordinatuko lituzkeen egitura konfederala, Eskubide Sozialetako Departamentuaren finantzaketa publikoarekin jarraituko lukeena.

Bestalde, konfederazioa sortzeko, nahitezkoa zen hasieran gutxienez hiru federazio izatea: Erriberako Ate Irekiak Federazioa; Iruñeko Adinekoen, Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartea, eta Iruñerriko Adinekoen, Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartea, hauexek baitira proiektu berri honen bazkide sortzaileak.