Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak maiatzaren 26ko hauteskundeetako gailuak prestatzen jarraitzen du
2019ko maiatzaren 14a
Nafarroako Gobernuak maiatzaren 26ko hauteskundeetako dispositiboa prestatzen jarraitzen du
Nafarroako Gobernuak maiatzaren 26an, igandean, izanen diren hauteskundeetako dispositiboa prestatzeko lanean dihardu, izan ere berea du foru eta kontzejuetako hauteskundeen eskumena, udal eta Europako hauteskundeen eskumena Estatuko Administrazioarena delarik.
Hauteskundeei buruzko informazio guztia navarra.es atariko webgune berezian eskuratzen ahalko da, baita hauteskunde-eguneko parte-hartzeari buruzko aldez aurreko datuak eta emaitzak ere.
Aldi bereko lau hauteskunde-prozesuen prestaketa lanak koordinatzeko, apirilean, hauteskunde-prozesuen kudeaketari buruzko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumontek eta Barne Ministro Fernando Grande-Marlaskak, baliabide telematikoak partekatzeko, gastuak elkarren artean ordaintzeko eta hauteskunde-mahaietan bi administrazioen ordezkari bakarra ezartzeko.
Milioi erdi hautesle inguru daude izena emanda hauteskunde-erroldan; zehazkiago esanda, Nafarroan egoitza duten 482.379 pertsona eta atzerrian bizi diren beste 27.234, Nafarroako Hauteskunde Erroldaren Bulegoak emandako datuen arabera. Kopuru horiek erreklamazioak aurkezteko epea ireki baino lehenagokoak dira, eta ondorioz, litekeena da aldakuntzaren bat edo beste egotea.
Zernahi gerta ere, atzerrian bizi diren pertsonen % 10ek, gutxienez, botoa emateko eskubidea gauzatuko dute, izan ere, eskaera egiteko epea apirilaren 27an itxi zen eta ordurako 1.726 eskaera jaso ziren; horietarik, 1.611 eskaera atzerrian etengabe bizi diren egoiliarren (CERA) posta bidezko bozketarako dira, eta 115 eskaera aldi batez Estatu espainiarretik kanpo bizi diren egoiliarrendako (ERTA).
Hauteskunde eguna behar bezala garatuko dela bermatzeko, Administrazioaren 760 ordezkari tarteko dituen dispositiboa aurreikusi da boto-zenbaketarako, eta pertsona horiek arduratuko dira hauteskundeen emaitzak biltzen dituzten aktetako datuak ezagutzera emateaz. Joan den larunbatean, Barne Ministerioarekin koordinatuta, boto-kontaketaren eta datuak ezagutzera ematearen simulazioa egin zen, arrakasta osoz egin ere. Horrekin batera, segurtasuna bermatzeko beste dispositibo bat ere abiatuko da, astelehenean, hilak 20, Segurtasun Batzordean zehaztuko denaren arabera.
Mahaiak eta boto-txartelak
Herritarrek bozkatzeko eskubidea gauzatzen ahalko dute posta bidez (maiatzaren 16ra arte eskatzen ahalko da bertaratuz eta 24eko 14:00etara arte eman) edo modu presentzialean igandean, maiatzak 26, 09:00etatik 20:00etara bitartean, 08:00etan eratuko diren hauteskunde-mahaietan.
Mahaietan, hautagai-zerrenda guztien boto-txartelak, gutun-azalak eta kabinak izanen dira, botoaren sekretua babesteko. Aldi berean lau hauteskunde egingo direnez, hautesleek kolore desberdinetako launa boto-txartel eta gutun-azal erabiltzen ahalko dituzte: sepia Nafarroako Parlamenturako, zuria udaletarako, berdea kontzejuetarako (hala badagokio) eta urdina Europako Parlamenturako.
Horren harira, hamaika hautagai-zerrenda aurkeztu dira Nafarroako Parlamentuko 50 jarlekuetarako, eta gutxienez, botoen % 3 behar da horietako bat lortzeko. Hauexek dira aurkezturiko haugai-zerrendak: Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Podemos, Izquierda-Ezkerra, Equo, Libertate Nafarra, Representación Cannábica Navarra, SAIN eta Vox.
Guztira, 4.443.900 boto-txartel inprimatu dira Parlamenturako hauteskundeetarako, 2.860.500 udal hauteskundeetarako eta 44.200 kontzejuetarako hauteskundeetarako.
Hauteskundeak bukatu bezain laster, boto zenbaketa abiatuko da, eta hauteskundeei buruzko araudiaren arabera, lehendabizi Europako hauteskundeetako botoak zenbatuko dira, jarraian udal hauteskundeetakoak, hirugarrenik kontzejuetarako hauteskundeetakoak, eta azkenik, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetako botoak.
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak boto-zenbaketak aurrera egin ahala kontsultatzen ahalko dira www.navarra.es webgunean. Bertan, parte-hartzeari buruzko datuak ere eskainiko dira 14:00etatik eta 18:00etatik aurrera. Kontzejuetarako hauteskundeen emaitzei buruzko informazioa biharamunean emango dira ezagutzera, eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen behin-betiko emaitzak asteazkenean plazaratuko dira, maiatzak 29.
Hauteskunde partzialak udazkenean
Nolanahi ere, zenbait herritan, udaletarako eta kontzejuetarako hauteskundeak errepikatu beharko dira udazkenean, izan ere, 31 udalerritan eta 84 kontzejutan ez da hautagairik aurkeztu.
Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 181. artikuluaren arabera, hauteskunde-barrutiren batean hautagairik aurkeztuko ez balitz, sei hilabeteko epean, hauteskunde partzialak egingo lirateke hauteskunde-barruti horietan.
Halaber, Nafarroako kontzejuetarako hauteskunde-prozesua arautzen duen martxoaren 16ko 12/1991 Foru Legearen 16. artikuluan jasotakoaren arabera, kontzejuren batean hautagairik aurkeztuko ez balitz, hauteskunde partzialak egingo lirateke, bigarren itzuliko udal hauteskundeen egun berean.
Hauteskunde partzialetarako hautagairik ez balego, kudeaketa batzordea sortu beharko da.