Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak bere gain hartu ditu Sartagudako Memoria Parkea eta bere eskulturak
2019ko maiatzaren 10a
Nafarroako Gobernuak bere gain hartu ditu Sartagudako Memoria Parkea eta bere eskulturak
Nafarroako Gobernuak Sartagudako Memoria parkea eta eskultura kudeaketa publikoa beregain hartu du
Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritza orokorraren bidez, Sartagudako Memoria Parkea kokatuta dagoen lursailen erabilearen dohako lagapena bere gain hartu du. Halaber, bertan aurkitzen diren eskulturen eta ondasun higigarrien dohaintza ere jaso du.
Horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok hitzarmen bana sinatu ditu Sartagudako Udalarekin eta Alargunen Herria eta AFFNA36 Elkarteekin, gaur goizean Nafarroako Jauregian egin den ekitaldian. Sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Sartagudako Udaleko María Ángeles Martínez Aparicio alkateordeak eta Alargunen Herria eta AFFNA36 Elkarteetako lehendakariek, Máximo Martínez Morenok eta Jokin de Carlos Minak, hurrenez hurren.
Ekitaldian zehar, kontseilariak adierazi du hitzarmen horiek “Gobernuak memoriaren politika publikoekiko duen konpromiso sendoa erakusten dutela, 36ko biktimak onartzeko eta gogoan hartzeko”. Sartagudako Memoria Parkea “esangura handieneko memoria-lekuetariko bat da; horregatik, babes berezia izango du, eta Gobernuak berak bere gain hartuko ditu horren kontserbazio eta garapen lanak, elkarteekin eta Udalarekin elkarlanean”, esan du. Memoria, kontseilariaren arabera, “iraganari begirada kritikoa eginez eraikin behar da, eta horretan paper oso garrantzitsua betetzen dute Parkea bezalako memoria-lekuek”. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Sartagudako Udalari bere lankidetzarengatik eta Alargunen Herria eta AFNNA36 Elkarteei egin duten lanarengatik.
Ekitaldian, halaber, hitz egin dute Alargunen Herria eta AFFNA36 Elkarteetako lehendakariek, Máximo Martínez Morenok eta Jokin de Carlos Minak nahiz Sartagudako Udaleko alkateorde Mª Angeles Martinez Apariciok.
Udaleko ordezkariak alkatearen izenean esan du “Nafarroako Gobernua baino beste inor hoberik ez dela Memoriaren Parke honetaz kargu egiteko”, eta foru Exekutiboak azken lau urte hauetan memoria historikoaren arloan egindako ahalegina nabarmendu du.
AFFNA36 Elkartearen izenean, berriz, Jokin de Carlosek gogora ekarri ditu Sartagudatik eta elkarte ezberdinetatik “2003az geroztik lan egin dutenak Parke hau posible egiteko, senitartekoentzat esanahi handiko lekua izanik eta Nafarroa osokoarena izango dena hemendik aurrera”.
Azkenik, Alargunen Herria Elkarteko Máximo Martínezek esan du “2001ean inoiz ez zutela pentsatu Parke hau errealitate izango zenik. Lagapen honekin zirkuluari amaiera emango zaio injustizia horiek berriro gerta ez daitezen”.
Parkea
Sartagudako Memoria Parkea Nafarroako monumentu memorialista nagusia da, 1936ko uztaileko estatu-kolpearen ondoren eraildako herritar nafarren oroimenean eta omenez eraikia. Sartagudako Alargunen Herria Elkarteak eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak (AFFNA36) bultzatuta, Sartagudako Udalaren laguntza jaso zuen, Parkea egiteko udal-lurzorua eman baitzien, eta Nafarroako Parlamentuaren babesa ere bai, 2003ko martxoaren 10eko adierazpen instituzionalari esker.
Eraikuntza erakunde publikoen eta partikularren ekarpenekin ordaindu da, eta, 2008ko maiatzaren 10ean inauguratu zenetik, senitartekoen, elkarteen eta oro har herritarren erreferentzia-puntua izatera iritsi da, 1936ko kolpe militarraren ondoren sortutako indarkeria dela-eta bidegabe errepresaliatutako pertsona guztien memoria aldarrikatzeko eta Nafarroako gizarteak iragan traumatikoa ez ahazteko adierazitako borondatearen lekukotzako tokia bezala.
2019ko apirilaren 25ean, Nafarroako Gobernuak Sartagudako Memoria Parkea erregistratu zuen Nafarroako Memoria Historikoaren lehen Lekua bezala.