Descárgate la app
58 pertsonak hasi dituzte “Poliziakideen Oinarrizko Prestakuntza” eta "Inspektoreorde kargura igotzea" ikastaroak
2019ko maiatzaren 10a
58 pertsonak hasi dituzte “Poliziakideen Oinarrizko Prestakuntza” eta "Inspektoreorde kargura igotzea" ikastaroak
Toño García Malumbres, Beaumont kontseilaria eta Izaskun Cibiriáin irekiera ekitaldiaren buru izan dira.
Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari Mª José Beaumont buru, polizia, inspektoreorde eta inspektore izan nahi duten 58 pertsonak ondorengo hilabeteetan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan (ESEN) egingo dituzten “Poliziakideen Oinarrizko Prestakuntza (2019)” eta "Inspektoreorde kargura igotzea (2019)" ikastaroaren hasierako ekitaldia egin da.
Hauxe da hautake-prozesuen ondoren aukeratutako 58 pertsonek eman beharreko azken pausoa. Oinarrizko prestakuntza hartuko duten 51 pertsonetarik 17 Foruzaingoko kideak izanen dira eta gainerako 34ak udaltzainak hainbat herritan: 5 Altsasun, 4na Burlatan eta Tuteran, 3na Barañainen, Lizarran, Zangozan eta Tafallan, 2na Cascanten eta Noainen (Elortzibar) eta 1na Antsoainen, Cintruenigon, Corellan, Funesen eta Mendabian. Gainera, 7 pertsonak egingo dute inspektoreorde kargura igotzeko ikastaroa: 5 gizonezkok eta emakumezko batek Iruñerako eta gizonezko batek Tuterarako.
Ekitaldian, kontseilariarekin batera agertu dira Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendari Izaskun Cibiriáin eta Segurtasun Politikak Garatzeko Zebitzuko zuzendari Toño García Malumbres, Barneko zuzendari nagusiaren ordez. Bertan izan dira, halaber, poliziakide horietako batzuk hartuko dituzten udaltzaingoen udalen ordezkariak.
Beaumont kontseilariak ikasleei ongietorria eman eta formakuntza egokia hartzearen garrantzia nabarmendu die, “izan ere, prestakuntza horrek lanbideari segurtasunez eta kalitatez ekiteko aukera emango dizue, herritarren mesedetan. Formakuntza da herritarrak eta poliziak lerrokatzeko tresna nagusia, poliziaren prozedurak garai eta sentiberatasun berrietara egokituz”.
Bestalde, kontseilariak azpimarratu duenez, oraingo Nafarroako Gobernuak 2015ean aurkitu zuen Foruzaingoko kide-kopuruaren beheranzko joerari buelta ematea lortu du Lan Eskaintza Publikoetan 137 lanpostu onartuz: agente izateko 85 lanpostu, kabo izateko 14 plaza, inspektore izateko beste 14 –hauek guztiak deituta daude– eta inspektoreorde izateko 24 plaza, inspektore karguetarako hautaketa-prozesuaren ondoren deituko direnak.
Halaber, ikastaro hauek "Nafarroako Polizien arteko koordinazioaren paradigma" direla adierazi ondoren, legealdi honetan koordinazio hori indartzeko egin den ahalegina azpimarratu du, "Nafarroako udaltzaingo guztiak Foruzaingoaren informazio-sistemetan txertatzeko udalekin sinatu ditugun 29 hitzarmenei esker".
Oinarrizko prestakuntza ikastaroari dagokionez, hainbat urtez ikastarorik eta deialdirik egin gabe egon ondoren (Foruzaingorako azken deialdia 2010ekoa izan zen eta Udaltzaingoetarako azkena 2013koa), hauxe da azkenaldian antolaturiko ondoz ondoko bigarrena. Lehendabiziko ikastaroa iazko azaroan bukatu zen 81 polizia berrirekin: 43 foruzain eta 38 udaltzain.
Eskola orduak
“Poliziakideen Oinarrizko Prestakuntza” deritzon ikastaroa 51 pertsonak egingo dute azaroaren bukaerara arte, eta ESENen lokaletan nahiz Foruzaingoaren instalazioetan emango diren 920 eskola-orduz osatuta dago, 8 modulutan banatuta. Horrez gain, praktikak antolatuko dira lanpostuetan.
Lehendabiziko modulua, ‘Polizia Komunitarioa eta Asistentziala’ deritzona, genero-berdintasuna, aniztasunaren arreta, herritarrekiko harremanak eta polizia-bitartekaritza gisako prestakuntza-unitateek osatzen dute. Bigarren moduluak ‘Poliziaren misioa eta funtzioak’ du izenburu, eta Nafarroako segurtasun publikoko sistemaren ulermena, poliziaren antolaketa eta funtzioa eta etika eta deontologia profesionala ditu ardatz.
Hirugarren eta laugarren moduluek prebentzioa, babesa eta poliziaren esku-hartzeari buruzko alderdi teknikoak dituzte aztergai, betiere dagokien esparru profesionalari atxikita.
Bosgarren moduluak, juridiko eta polizia-ikerketari buruzkoak, polizia-lanari dagozkion zereginei eutsi behar dion arau-esparrua du ardatz. Seigarren moduluak polizia ezaguerak eta trebetasunak ditu aztergai. Bertan landuko dira, besteak beste, informazio-teknologiaren erabilera, prestakuntza fisikoa, ibilgailuak gidatzea edota euskarazko eta ingelesezko polizia-hizkuntza teknikoa, herritarrekiko komunikazioa hobetzeko asmoz.
Bukatzeko, programak “funtsezko” beste bi modulu ere eskainiko ditu, praktikak eta jarrera, lanpostuari dagozkion funtzioak eta zereginak ikasi eta garatzeko, betiere profesionalen laguntzaz.
Bestalde, zazpi pertsonak poliziako inspektoreorde kargura igotzeko ikastaroa egingo dute maiatzean eta ekainean. Honek 231 eskola-ordu ditu bost modulutan banatuta: polizia eta gizartea, juridikoa eta polizia-ikerketari buruzkoa, poliziaren prebentzioa eta esku-hartzea, agintzeko gaitasunen garapena, eta ezaguera eta trebetasun sozialak.