2019ko maiatzaren 6a

Suhiltzaileen 38 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia atera du Nafarroako Gobernuak

Eskaerak telematikoki aurkeztu daitezke ekainaren 5era arte eta probak irailetik aurrera izanen dira
Suhiltzaileak lanean.
Suhiltzaileak lanean.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak suhiltzaileen 38 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia argitaratu du, funtzionarien araubideko C mailakoak dira lanpostuak, erdia txanda irekian eta beste 19ak igoera txandan. Deialdia, apirilaren 29ko 1107/2019 ebazpenean onartua, gaur argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

38 lanpostu hauek 2018ko abenduaren 12ko 102/2018 Foru Dekretuan onarturiko Lan Eskaintza Publikoko 751 lanpostutako guztizko eskaintzaren barnean sartuta daude, horixe baita Estatuko legeriak onarturiko ordezkatze-plaza kopururik handiena.

100 lanpostu deituta

Honela, 2015-2019 legealdian suhiltzaileen 100 plaza betetzeko deialdia osatu da, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumontek Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren Mahai Sektorialean ordezkatuta dauden sindikatuekin adostu eta 2017ko martxoaren 24an sinaturiko Akordioan jasotakoa betez. Akordio hori langileen % 82,6k babestu zuen eta Nafarroako Gobernuak berretsi zuen 2017ko apirilaren 5eko erabakiaren bitartez.

Horren harira gogoratu behar da, 2015eko abuztuaren 28an, Gobernu honek aurreko Gobernuak onarturiko 2013-2014-2015 LEPeko lanpostu kopurua 10etik 30era igotzea erabaki zuela, 2017an 15 plaza eta 2018an beste 17 deitu zituela, eta gaur deituriko 38 lanpostuei gehituta, adostutako ehun lanpostutako kopurua bete duela.

Hautaketa-prozesurako izena eman nahi dutenek eskaera modu telematikoan aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoko fitxaren bitartez. Bihar hasi eta ekainaren 5era arte aurkezten ahalko dute.

Oposizioaren lehen faseko hautekate-probak

Hautaketa-probak irailaz geroztik hastea aurreikusi da. Lehendabiziko proba teorikoa izanen da, eta gehienez 51 gairi buruzko 150 galdera izanen ditu, test modukoak, honako multzo tematiko hauetan banatuta: Nafarroako lege esparrua eta erakundeak, salbamendua eta suak itzaltzea, Foru Komunitateari buruzko ezagutza, eta ezaguera teknikoak.

Bigarren proban, ariketa fisikoak eginen dira hautagaiak uretan ongi moldatzen ote diren eta beraien arintasuna, pisua jasotzeko ahalmena, indarra-erresistentzia eta koordinazioa, oreka, indar erlatiboa eta erresistentzia egiaztatzeko.

Proba hauetariko batzuetan, apirilaren 26ko 965/2018 Ebazpenaren bitartez onarturiko 17 lanpostu betetzeko azken deialdian jasota zegoen baremoa eguneratu da. Hartara, gizonezkoendako probaren bat edo beste gogortu da eta 38 kilotik 30 kilora jaitsi da emakumezkoek jaso beharreko pisua, emakumezkoak suhiltzaileak izatera animatuko dituen diskriminazio positiboa ezarriz.

Azkenik, ariketa psikoteknikoak eta banakako zein taldekako elkarrizketak eginen dira, hautagaiak lanpostuaren lanbide-profileko betekizunetara egokitzen ote diren zehaztu ahal izateko.

Oposizioaren lehendabiziko fasea gaindituta, Barneko zuzendari nagusiaren martxoaren 28ko 86/2019 Ebazpenaren bitartez onetsitako lekualdatze lehiaketako lanpostu hutsak hautatzeari ekingo zaio. B2 euskara maila atxikia duten lanpostuen hautaketan, maila hori dagokion titulazioaren bitartez egiaztatzen ahalko da, edota Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren laguntzaz egindako ezagutza-probaren bitartez.

Halaber, oposiziaren lehen fasea gainditu duten hautagaiek Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eginen duen gaitasun psikofisikoaren azterketa gainditu beharko dute, apirilaren 29ko NAOn argitaraturiko Beaumont kontseilariaren Foru Aginduan partzialki berrikusitako salbuespen medikoen taula kontuan hartuz.

Oposizioaren bigarren fasea

Azkenik, lehendabiziko fase honetako kalifikaziorik onenak ateratzen dituzten hautagaiek oinarriko formakuntza ikastaroa gainditu beharko dute Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan.

Ildo horretan gogoratu behar da, egun, aurreko deialdiko 17 hautagai 1.166 eskola-ordutako sarbide ikastaroa egiten ari direla Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan, eta abenduaz geroztik, ikastaroa bukatu eta gaindituz gero, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko kideak izanen direla.