2019ko maiatzaren 6a

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasketetarako sarrera probak deitu ditu Hezkuntzak

Eskaerak maiatzaren 9tik 17ra bitartean egin daitezke eta probak ekainaren 10ean hasiko dira

Hezkuntza Departamentuak NAOn argitaratu du gaur Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako ikasketak egiteko sarrera proben deialdia. Ikasketa horiek egin nahi dituztenek maiatzaren 9etik 17ra, biak barne, aurkeztu beharko dituzte eskaerak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko idazkaritzan. Probak ekainaren 10ean hasiko dira.

Deialdi honetan, espezialitate hauetarako sarrera probak zehaztu dira: Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Interpretazioa, ibilbide hauetan: Akordeoia, Harpa, Jazzeko Baxu Elektrikoa, Jazzeko Bateria, Kantua, Jazzeko Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Jazzeko Kontrabaxua, Fagota, Moko-flauta, Zeharkako Flauta, Gitarra, Jazzeko Gitarra Elektrikoa, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Jazzeko Pianoa, Saxofoia, Jazzeko Saxofoia, Tronboia, Jazzeko Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Jazzeko Tronpeta, Tuba, Txistua, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko beharrezkoa izanen da batxiler-titulua izatea edo 25 urtetik gorakoen unibertsitaterako sarbide proba gainditua izatea eta berariazko sarrera proba gainditzea. Gainera, 16 urtetik gorakoek eta ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituztenek heldutasun proba gainditu beharko dute. Halaber, sartzeko aukera izanen dute 2008tik 2018ra bitartean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko azterketa gainditu dutenek edo Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko 2019an proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

Gainera, ekainaren 13an emanen zaie hasiera Musika eta Arte eszenikoen katedratiko kidegoan sartzeko 22 plazen deialdiari, horren ostean egonkortuta geratuko da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko lantaldea.