Descárgate la app
Europako estatuen gobernuek aldi berean aurkezten dute Share proposamena, migrazio-erronkari laguntzeko
2019ko maiatzaren 6a
Europako estatuz beheko gobernuek aldi berean aurkeztu dute Share proposamena, migrazioaren erronkari lankidetzan oinarrituta erantzuteko
Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak publikoki aurkeztu du Europar Batasuneko estatuz beheko hainbat gobernuk migrazioari buruz egindako eta aldi berean aurkeztutako Share proposamena. Agerraldi horren helburua, Estatuko gobernu zein amankomuneko instituzioetara jotzea izan da.
Lehendakariordeak nabarmendu duenez, inplikatzeko proposamen zehatz honen bitartez, autonomia-erkidegi zein eskualde mailako erakundeek hiru ideietan laburtzen ahal den mezua igorri nahi dute, behetik gora igorri ere: “Migrazioaren arloan, Europan zerbait gehiagoi eta zerbait hobeta egin daite. Egungo erantzuna ez da nahikoa”. “Erantzunkidetasunaren printzipioa partekatzea da gakoa, eta guk konpromisoa eskaini nahi dugu”. “Estatuz beheko gobernuak inplikatzeko prest gaude eta badugu zer esanik eta zer eginik”.
Nafarroakoaz gain, hauexek dira orain arte ekimen honekin bat egin duten gobernuak: Kanariar Uharteak, Katalunia, Melilla, Euskal Hirigune Elkargoa, Attica, Akitania Berria eta Euskadi. Beste hogei bat gobernu baloratzen ari dira proposamenari atxikitzeko aukera, egun hastapenetan eta arras irekia dagoen prozesu baten barnean.
Share Proposamenaren edukiak migrazioaren erronkari atxikitako errealitaterik gordinenei buruzko erantzukizuna partekatu eta banatzeko mekanismo zehatza adostea iradokitzen du. Ahalegina banatzeko formula hau hiru parametrotan oinarritu da:
- zerga-bilketa (edo Batez Besteko Errenta Erabilgarria edo BPG), % 50eko pisuarekin;
- biztanleria, % 30eko eraginarekin;
- eta langabezia-tasa, % 20ko eraginarekin.
Formula horren arabera, erantzunkidetasun-mekanismo orekatu samarra lor liteke. Jakina, proposamen hau abiapuntu irekia baizik ez da. Honen parametroak nahiz portzentajeak ahalik eta adostunik handiena lortzearen mesedetan egokitzen ahal dira.
Share Proposamena zeharka aplikatzen ahal da hiru esparru tematiko hauetan: (1) errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak, (2) migratzaile ekonomikoak larrialdi, kalte-arrisku nahiz soberako pilaketa egoeretan, eta (3) bakarrik iristen diren atzerritar adingabeak edo gazteak. Baita hiru lurralde esparru hauetan ere: EBaren barneko estatuen artean, estatu beraren barneko eskualde edo autonomia-erkidegoen artean, eta eskualde edo autonomia-erkidego beraren barneko udalerri eta eremuen artean.
Bizikidetza eta inklusioa bultzatzea da proposamen honen abiapuntuko esparrua eta bukaerako helburua. Hori da erakundeen jardunaren helburu nagusia migrazioaren arloan. Zeharkakotasuna da proposamen honen berritasuna, eta berria da, halaber, Europako estatuz beheko hainbat gobernuk estatuetako gobernuei eta batasuneko erakundeei konpromiso horretaz arduratzeko prest daudela jakinarazi izana.
Share Proposamena Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen iazko irailaren 19an. Geroztik, hainbat bilera eta topaketa antolatu dira. Otsailaren 27an, Bilbon egin zen lehendabiziko bilera, eta bigarrena apirilaren 2an, Bruselan. Azken topaketa honetan, proposamena estatuz beheko hogei gobernuren baino gehiagoren aurrean aurkeztu zen. Bertan egon ziren ordezkatuta, Europako Batzordearekin batera, Eskualdeen Batzordea, ERLAI (European Regional and Local Authorities on Asylum and Migration), EARLALL (European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning) eta Conference of Peripheral Maritime Regions (CPMR).
Bruselako bileran, honako ondorio hauek adostu ziren:
- Ondorengo hilabeteetan lanean jarraitzea, estatuez beheko hainbat gobernuk Share Proposamena batera bultza dezaten.
- Maiatzaren 6an, ekimenaren hasierako eta jendaurreko aurkezpena egitea, eskualde guztietan aldi berean.
- Atxikimenduak biltzen jarraitzea eta, horretarako, beste bilera bat antolatzea Europako Parlamenturako hauteskundeen ondoren.
Share Proposamena autonomia-erkidego gehienek 2016an onartutako adierazpenarekin lerrokatuta dago. Agiri horretan, eginkizun handiagoa eskatu zuten autonomia-erkidegoentzat, errefuxiatuak jaso eta gizarteratzeko prozesuaren kudeaketari dagokionez, eta arazo hori gainditzeko konpromiso handiagoa erreklamatu zieten Europar Batasun osoari zein Estatu kideei.
Egun, 581 pertsona parte hartzen ari dira Nafarroan, nazioarteko babesa eskatu eta eskuratu duten pertsonendako harrera etaa gizarteratze programan.
21 pertsona giza-laguntzarako programan artatzen ari dira.
Inoren ardurapean ez dauden adingabeei dagokienez, Nafarroak 126 artatzen ditu gaur egun.