2019ko maiatzaren 4a

Tomás Yerrok Vianako Printzea 2019 saria jaso du, kulturarekiko konpromisoz beteriko bizitzarengatik, irakasle, ikerlari zein dibulgatzaile gisa

Barkos presidenteak irakasle eta idazleak literatura zailtasun gehien dituzten kolektiboetara hurbiltzeko duen gizarte bokazioa nabarmendu du
Irudi galeria

Uxue Barkos Nafarroako Presidenteak Tomás Yerrori eman dio gaur 2019ko Kulturaren Vianako Printzea saria, literatura irakasle, ikerlari eta dibulgatzaile gisa egin duen lanarengatik eta erakutsi duen konpromisoarengatik.

Uxue Barkos izan da, gaur goizean, Foru Komunitateak kulturaren alorrean eta Nafarroako Kultura eta Arte Kontseiluaren proposamenez ematen duen sari gorenaren entrega ekitaldiaren buru Vianako San Pedro eliza zaharrean. Bertan egon dira, baita ere, Ainhoa Aznarez Nafarroako Legebiltzarreko presidentea; Yolanda Gonzalez Vianako alkatea; Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gazteria Sailburu eta Nafarroako Kultura Kontseiluko presidentea, eta Fatima Frutos Nafar Idazleen Elkarteko presidentea. Horrez gain, Nafarroako Gobernuko hainbat sailburu, beste agintari batzuk eta Nafarroako Kultura Kontseiluko kideak ere bertan egon dira.

Bere esku-hartzean, Barkos presidenteak Tomás Yerroren “gizatasun handia” eta Kulturaren inguruan landu dituen alderdi anitzak azpimarratu ditu: sortzaile gisa egin duen lana, poesiaren arloan, batez ere, bere bizitzako parte gehienean lanbide izan duen ikerlari lana, eta gaztelaniaz idatzitako literaturaren dibulgatzaile nekaezin jarduna, Nafarroako literaturari dagokionez, batez ere.

“Erreferentea izan da –jarraitu du Presidenteak–, baina ez goi mailako kulturaren erreferentea, oinarrizko kulturarena baizik, eta hori prestakuntzaren ondoan doa beti. Gazteen eta nagusien irakasle, urte luzez transmititu du, eta horrela jarraitzen du oraindik, ezagutzaren aurreko grina, letren bitartez; letrek duten indar eraldatzailea besteei erakusteko grina”.

Uxue Barkosek azpimarratu duenez, hori guztia “gizarte erantzukizunetik” egin du Tomás Yerrok, kultura, kultura horretara heltzeko zailtasun gehien duten sektoreetara helarazteko xedez. Esfortzu hori bere hautagaitza aurkeztu dutenek, Nafar Idazleen Elkarteko kideek, azpimarratu eta baloratu dute, eta baita, sarituaren alde agertu diren kultura eta gizarte arloetako elkarte anitzek ere.

Azkenik, Presidenteak aurtengo bi ospakizun gogorarazi ditu. Alde batetik, sariaren hogeita hamargarren edizioa eta, bestetik, Vianaren Sorkuntzaren 800. urteurrena. Hori dela eta, aurten entrega ekitaldia udalerri horretan egin da.

Tomas Yerrok, bere aitari, Francisco Yerrori, zuzendutako gutuna irakurriz luzatu ditu esker oneko hitzak, "haurra nintzenetik jabetu naiz bera izan dela nire irakaslerik hoberena, nahiz eta sekula ez nizun liburu bat irakurtzen ikusi". Saridunak bere haurtzaroa hartu du gogoan, eta emozioz aipatu du behin Tuteran batxilergoko ikasketak amaituta Lerinera itzuli zenean, aitak nola ulertu zuen bera ez zela nekazaritzan jardungo eta eskatu zion, "ez ahaztu inoiz non duzun jatorria", sekula ahaztu ez dituen hitzak Yerrok aipatu duenez. 

Azkenik, esker ona adierazi du sari hau jasotzea ahalbidetu duten guztiekiko eta saria eskaini die bere irakasle guztiei, lagun, Lerineko bizilagunei, bere kuadrilari "La Revoltosa" eta familiari. Gainera, gogoan izan du Vianako lagun eta idazle eta 1996an Vianako Printzea Saria jaso zuen Pablo Antoñana. 

Aurretik, Fátima Frutos Nafar Idazleen Elkarteko presidenteak, Tomas Yerroren balioak azpimarratu ditu laudatioan, gizaki eta intelektual gisa, eta baita Kulturari egin dion ekarpena ere, hiru ardatzetan: “ongi eginiko lanaren aurreko maitasuna, gure sustraien eta aniztasunaren errespetua eta Iberoamerikatik Europa erdialdera doazen kultur korronteen aurrean irekirik egotea”. Horrela, azpimarratu duenez, “gure sustraien eta aniztasunaren aurrean beti erakutsi duen errespetua, eta horrek Nafarroako letren aitzindarien legatua baloratzen ikasten lagundu digu”. Frutosek adierazi duenez, Tomas Yerrok jarduera asko eta askotan hartu du parte, eta beti aritu da “pertsonen zerbitzura egongo den, elkarren artean gehiago ezagutzen lagunduko digun eta enpatia eta elkartasun gizarte zientzia desberdinen arteko kontziliazioaren eskutik etorriko den kulturaren” diziplina anitzeko ikuspegia bultzatzen. Laudatioari amaiera emateko, Fatima Frutosek, askatasunari eskainitako Ingeborg Bachmann poeta austriarraren bertsoak errezitatu ditu.

Ekitaldiaren nondik norakoa

Ekitaldia goizeko 11:30ean hasi da, Nafarroako ereserkiarekin, Erresumara sartzeko Martxarekin, Iruñeko Orfeoiak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretaturik, Igor Ijurraren zuzendaritzapean. Talde horiek izan dira ekitaldiaren musika partearen protagonistak. Emanaldi horren ondoren, Fátima Frutos Nafar Idazleen Elkarteko presidenteak bere laudatioa egin du. Ondoren, Barkos presidenteak saria eman dio Tomas Yerro Villanueva idazle eta irakasleari, eta hark eskerroneko hitzekin erantzun du. Ekitaldiari Nafarroako Presidenteak eman dio amaiera.

Zeremonian hiru musika pieza interpretatu dira: Lonrezo Ondarraren (1931-2012) ‘Arri arri mandoko’; Aurelio Sarasetaren (1935) ‘Pelegría’; eta Raimundo Lanasen (1908-1939) ‘Navarra mía’.

Amaitzean, Vianako Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak eta Vianako Gaiteroak elkarteak emanaldia eskaini dute San Pedro plazan, ‘Jota de Viana’, ‘Baile de la Magdalena’ eta ‘Pasacalles’ interpretatuz.

Tomas Yerro Villanueva

Tomás Yerro Villanueva (Lerin, 1950) Filologia Erromanikoan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, Espainiar Hizkuntza eta Literatura katedraduna izan da Batxilergoan eta irakaslea Nafarroako Unibertsitatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Urruneko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean eta Nagusientzako Francisco Induráin Unibertsitatean.

Ohiko zutabegilea Nafarroako prentsan, hainbat aldizkari zientifikotan argitaratu ditu artikuluak, ‘Cuadernos de Pedagogía’, ‘Revista de Filología y su Didáctica’ edo ‘Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra’ aldizkarietan, besteak beste. ‘Río Arga’ poesia aldizkaria zuzendu zuen, eta sarritan argitaratu du bertan, eta Hezkuntza eta Kultura Ministerioak argitaraturiko ‘Ítaca’ aldizkariaren sortzaile eta lehen zuzendaria izan zen. Horrez gain, Nafarroako Geriatriako eta Gerontologiako Nafarroako Elkarteak argitaraturiko ‘Cuadernos Gerontológicos’ koadernoen argitalpen batzordeko kide ere izan zen. Tomás Yerrok Nafar Ateneoaren sorkuntzan ere hartu zuen parte, eta Amado Alonso Fundazioaren patronatuko kide da. Nafarroako Gobernuaren Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria izan zen 1991 eta 1995 artean, eta Kultura zuzendari nagusia 1995 eta 1999 artean.

Beste lan batzuen artean, lan hauen egilea da: ‘Aspectos técnicos y estructurales de la novela española actual’ (1977), ‘Río Arga’, revista poética navarra: estudio y antología (Charo Fuentesekin, 1988); ‘Escritores Navarros Actuales’: antologia (koord. 1990); ‘Narrativa Española Actual 1993-1997’ (1998); ‘Por la senda del Quijote’ (koord. 2005) eta ‘Amado Alonso: el español de las dos orillas’ (koord. 2014). Talde lan askotan hartu du parte, eta beste egile batzuen argitalpen askoren hitzaurreak edo sarrerako azterlanak idatzi ditu.

Vianako Printzea Saria

Kulturaren Vianako Printzea Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen 1990ean, kulturaren edozein arlotan pertsonek, taldeek edo erakundeek aurrera eramandako lana aintzatesteko xedez, sorkuntzaren, azterketaren edo ikerketaren bitartez, eta baita sustapenaren bidez ere. Saria, kultur jardueraren edozein arlotan aurrera eramandako lan jarraituak eta ibilbide garrantzitsuak saritzera bideratzen da batez ere.

Urtero Kulturaren Nafarroako Kontseiluaren proposamenez ematen den Saria hauek jaso dute aurreko edizioetan: José Goñi Gaztambide (historiagilea), Eugenio Asensio Barbarin (hispanista), Iruñeko Orfeoia, Rafael Moneo Vallés (arkitektoa), Francisco Ynduráin Hernández (filologoa), Julio Caro Baroja (antropologoa), Pablo Antoñana Chasco (idazlea), Pedro Miguel Echenique Landiríbar (fisikaria), Montxo Armendáriz Barrios (zine zuzendaria), Álvaro d’Ors Pérez Peix (Zuzenbide Erromatar katedraduna), Concepción María García Gaínza (Artearen Historia katedraduna), Miguel Sánchez-Ostiz Gutiérrez (idazlea), María Bayo Jiménez (sopranoa), Juan José Aquerreta Maestu (margolaria), Fernando Redón Huici (arkitektoa), Javier Manterola Armisén (ingeniaria), Javier Tejada Palacios (zientzialaria), Pedro Iturralde Ochoa (musikaria), Alfredo Landa Areta (antzezlea), Agustín González Acilu (konposatzailea), Jürgen Untermann (hizkuntzalaria), Faustino Menéndez Pidal de Navascués (historiagilea), Antonio López García (margolari eta eskulturagilea), Daniel Innerarity Grau (filosofoa), Tarsicio de Azcona (historiagilea), Ramón Andrés González-Cobo (musikologoa), Ignacio Aranguren Gallués (irakaslea eta antzerki zuzendaria), José Lainez eta Concha Martínez (dantzariak eta koreografoak) eta Iruñeko Ganbera Abesbatza.