Descárgate la app
Pirinioetan zehar ibilbideak eta izaren zein hegaztien behaketa, Ingurumen zuzendaritzako proposamenetako batzuk hilabete honetarako
2019ko maiatzaren 2a
Pirinioetan zehar ibilbideak eta izaren zein hegaztien behaketa, Ingurumen zuzendaritzako proposamenetako batzuk hilabete honetarako
Ingurumen zuzendaritzak hilabete honetarako naturara hurbiltzeko zenbait proposamen eskainiko ditu, hala nola, Pirinioetan zehar ibilbideak eta izarren zein hegaztien behaketa.
Hileko lehendabiziko jarduerak heldu den astebururako aurreikusita daude. Zehazkiago esanda, larunbatean, hilak 4, “10 ibilbidea Pirinioan zehar” programaren barnean, Otsagabiko Natura Interpretatzeko Zentroak antolatutako Aintzioa-Larrogain haitzeetarako bisita eginen da; baita Burgiko erreka-zintzurrerako eta ofizien herrirako bisita gidatua, Belaguako izarren behaketa Erronkariko NIZen eskutik, Irunberriko NIZeko haurrendako tailerrak eta Erronkariko NIZek ibaxa ezagutzeko antolaturiko bisita ere. Igandean, hilak 5, bisita gidatua eginen da Pitillasko Urmaela eta hegaztien behatokia ezagutzeko.
Ondorengo multzoa hilaren 10, 11 eta 12rako aurreikusita dago. Ostiralean, hilak 10, hegaztien bide atlantikoko migrazioari buruzko hitzaldia eskainiko du Arroiletako NIZek, eta larunbatean, maiatzak 11, Erronkariko NIZek bisita gidatua antolatuko du ibaxa ezagutzera emateko. Igandean, hilak 12, “Erantzukizuna gurea da” deritzon jardueraren barnean, Europako ugaztunik mehatxatuenetakotzat jotzen den bisoi europarraren Nafarroako bizilekuetarako bisita eginen da, espezie honen biziraupena errazteko egin diren jarduketak tarteko. Tafalla-Zangozako Basozaingoak zuzendutako jarduera honek 2-3 orduko iraupena izanen du, eta plaza-kopuru mugatua duenez gero, nahitaezkoa izanen du aurretiaz izena ematea. Igande berean, bisita gidatua egiten ahalko da “Las Cañas” urtegira eta Vianako “El Bordón” hegazti-behatokira, eta “Geolodia” deritzon jardueraren bitartez, geologoek gidatutako publiko guztiendako doako txango geologikoak eskainiko dira. Azken honetarako erreserbak Iratiko NIZen egin behar dira 948 89 06 41 telefonoan edo oit.ochagavia@navarra.es helbide elektronikoan.
Hilabete erdiko jarduerak maiatzaren 15ean hasiko dira, asteazkenez, Otsagabiko NIZek antolatutako ingurumen arloko sentsibilizazio eta formakuntza irteerarekin; larunbatean, hilak 18, Jurramendiko natur balioak ezagutzeko aukera izanen da, Lizarra hegoaldeko Basozaingoaren eskutik (aldez aurretik izena eman behar da) eta Erronkariko NIZek bisita gidatua antolatuko du ibaxa ezagutzeko. Igandean, hilak 19, bisita gidatua eginen da “Las Cañas” urtegira eta Vianako “El Bordón” hegazti-behatokira, eta Erronkariko NIZek Azanzorea haitzuloa ezagutzeko aukera eskainiko du.
Maiatzeko azken jarduerak hilaren 25ean, 26an eta 29an izanen dira. Hartara, larunbatean, hilak 25, Erronkariko NIZek eguneko bi jarduerak antolatuko ditu: naturteka bat eta ibaxa ezagutzeko bisita bat. Igandean, hilak 26, bisita gidatua eginen da “Las Cañas” urtegira eta Vianako “El Bordón” hegazti-behatokira. Eta asteazkenean, maiatzak 29, ingurumen arloko sentsibilizazio eta formakuntza irteera antolatuko du Otsagabiko NIZek.
Azkenik, gogoan izan, hilabete osoan, ikusgai izanen dela Lindus 2 (INTERREG-POCTEFA) proiektuari atxikitako “Euskal mendia: zeruaren eta lurraren artean” erakusketa Irunberriko Arroiletako NIZean.