2019ko apirilaren 30a

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan bi titulazio ofizial berri ezartzeko baimena eman du

Historia eta Ondarea Gradua eta Elikadura Industriako Teknologia eta Iraunkortasunaren Unibertsitate Masterra dira, azken hori Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Kalitatearen egungo Unibertsitate Masterraren ordezkoa

Nafarroako Gobernuak, gaurko bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) bi titulazio berri ezartzeko baimena eman du: bata gradukoa eta bestea masterra. Hain zuzen ere, Historia eta Ondarea Gradua eta Elikadura Industriako Teknologia eta Iraunkortasunaren Masterra dira, azkena Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Kalitatearen egungo Unibertsitate Masterraren ordezkoa.

Bi titulazioek Kalitatearen eta Akreditazioaren Ebaluazioko Agentzia Nazionalaren (ANECA) aldeko ebaluazioa jaso dute, Unibertsitateen Kontseiluak positiboki egiaztatu ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kontseilu Sozialak ere horien aldeko txostena egin du.

Historia eta Ondarearen Graduarekin NUPeko eskaintza akademikoa eguneratzen lagundu nahi da, Artea eta Humanitateen adarreko titulazioa sartuaz. Bi aipamen eskaintzen ditu: Kultur Proiektuen Kudeaketa Ekonomikoko aipamena eta Ondarearen Bitartekaritzaren eta Interpretazioaren aipamena.

Halaber, gradu hori abian jarrita, NUPeko Historia eta Ondarearekin loturiko gradu-ondoko ikasketak indartu nahi dira; esate baterako, Iberus Campusean, nazioarteko bikaintasun-campusean, ematen den "Mugako Ondarea, Gizarteak eta Espazioa" doktorego-programa. Campus hori Zaragozako, Nafarroako, Errioxako eta Lleidako Unibertsitateek osatzen dute, eta bertan parte hartzen dute, baita ere, Université Toulouse- Jean Jaures eta Université de Pau et des Pays de I'Adour Unibertsitateek.

Beharko diren langileei dagokienean, NUPek Giza Zientzietako eta Hezkuntzako Departamentuko irakaskuntza-ahalmenarekin bete nahi ditu premia horiek, bost laguntzaile doktore kontratatuta eta kontratatutako bitarteko doktorearekin, lau urteetan zehar.

Bestalde, Elikadura Industriako Teknologia eta Iraunkortasunaren Unibertsitate Masterrak orientazio bikoitza du: profesionala eta ikertzailea. NUPeko Agronomia Ingeniarien Goi Eskola Teknikoak (AIGET) 2010. urteaz geroztik eskaini du Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Kalitatearen Unibertsitate Masterra. Elikadurako Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Gradua ezartzearekin, enplegu-emaileek ikasle atera berrien profilaren gainean eskatutako aldaketak gehituta, egungo masterra eguneratu beharra etorri zen, eta, horrela, horren ordez master berri hau ezartzea proposatu da.

Titulazio horren irakaskuntza-premiak egungo masterrean inplikatutako departamentuetako langileek beteko dituzte; oraingo masterra 2019-2020 ikasturtean jada ez da eskainiko.