2019ko apirilaren 30a

Nafarroako Gobernuak merkataritza eta hirigintza arloko suspertze-mekanismo berrietan lan egiten du nafar herrietan

Lankidetza publiko-pribaturako formula berri hau arautzen duen Sustapen Ekonomikoko Eremuei buruzko lege aurreproiektua informazio publikoan jarriko da ostegunean, maiatzak 2

Nafarroako Gobernua administrazioen eta sektore pribatuaren arteko lankidetza-formula berriak arautzeko lan egiten ari da Foru Komunitateko herrien merkataritza eta hirigintza arloko suspertzea bultzatzeko. Mekanismo berritzaile arautuko duen lege aurreproiektua informazio publikoan jarriko da ostegunean, maiatzak 2.

Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik Nafarroako Gobernuari eman dizkio ezagutzera astearte honetako bilkuran Sustapen Ekonomikoko Eremuei buruzko Foru Lege aurreproiektuan zehaztutako fórmula honen alderdi nagusiak.

BID (Business Improvement District, ingelesez) edo SEE (Sustapen Ekonomikoko Eremuak) deritzonak, Toronton (Kanada) duela 50 urte sorturiko lankidetza publiko-pribatuaren aldeko elkartegintza arloko intrumentuak dira. Munduan zehar zabaldu dira eta Europan, Erresuma Batua eta Alemania dira formula hau errotuen daukaten herrialdeak. Hauexek dira SEE delakoen helburuak: ekonomia dinamizatzea, gizarte nahiz ingurumenaren ikuspegitik iraunkorrak diren jarduera ekonomikoak garatzen laguntzea, enpresen lehiakortasuna areagotzea eta herritarrei zuzendutako ondasun eta zerbitzuen horniketa hobetzea. Hiriguneetan ez ezik, eredu hau jarduera ekonomikoa eta komertziala dagoen beste ingurune batzuetan ere aplika daiteke; adibidez, industrialdeetan edo helmuga turistikoetan.

Foru Legearen aurreproiektuaren testuaren esanetan, SEEak al define las SEE como las “jarduera ekonomikoen titularrek eta eremu geografiko jakin batean udalaren baimenaz jarduera ekonomikoak biltzen ahal dituzten higiezin hutsen jabeek eraturiko entitate pribatuak dira, eta udal zerbitzuen osagarri diren jarduerak eta zerbitzuak gauzatuz, eremu jakin horren erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea dute helburu”.

Garatzen ari den testuaren arabera, sustapen ekonomikoko eremuak inguruko jarduera ekonomikoen titularren ekimenez sortuko lirateke, batzorde sustatzaile baten bitartez, eta honek eremua sortzeko eskaera aurkeztuko luke udalaren aurrean.

4 urteko iraupena eta kontuak ematea

Udal administrazioak eremuaren sorrera onartuz gero, ekintza plana eta aurrekontua lantzen dituzte elkarrekin, aldez aurreko hainbat txostenen laguntzaz eta informazio publikoan jarriz, herritarrek horren berri izan dezaten. Udalbatzarrak berresten baldin badu, hitzarmena formalizatuko da. Agiri horretan zehaztuko dira aurreikusitako ekintzak, Udalak eremuko organoetan parte hartzeko eta kontrolatzeko moduak eta hitzarmenaren iraupena, izan ere, aurreproiektuaren testuaren arabera, gehienez lau urte irauten ahalko du. Honek mekanismoak kontuak ematea erraztuko du.

SEEaren aurrekontuaren zatirik handiena horren jarduketaz profitatuko direnek ordaindu beharreko kuotetatik dator; hots, eremuko jarduera ekonomikoen titularrengandik eta jarduerarako egokiak izan litezkeen higiezinen jabeengandik, hutsak egon ala beteak egon. Neurri honen bitartez, baterako ekintzen kalteko elkartegintza maila baxua gainditu nahi da, horixe baita etorkizuneko legearen helburu nagusietako bat. Nahitaezko kuotez gain, SEEak bestelako diru-sarrerak ere izaten ahal ditu; hala nola, dirulaguntzak eta laguntza publikoak, borondatezko ekarpenak eta dohaintzak eta abar.

SEEak administrazioen aurreko solaskide zuzendak dira, eta hobekuntzak proposatzen ahal dituzte dagokien eremurako; hiri-mugikortasunerako estrategietatik esparru publikoen kudeaketaraino, administrazio publikoen jarduna inoiz ere ordezkatuko ez duten jarduera osagarriekin batera. Horrela, sorturiko entitateek garatzen dituzten jardueren artean aipatzen ahal dira mix komertziala hobetzeko eta lokal hutsen kopurua murrizteko inbertsioen erakarpena, eskaera dinamizatzea xede duten ekintza eta ikuskizunen antolaketa, markaren irudiaren eraikuntza, hiri-paisaiaren itxuraren hobekuntza edota zerbitzuen kudeaketa partekatua.

Lankidetza malgua

Ayerdi lehendakariak SEE ereduak eremu bakoitzaren beharretara egokitzeko duen malgutasuna eta nahitaezko lankidetzaren balioa nabarmendu ditu: “SEE ereduak sorturiko forma juridikoak taldea batean dauden free riders deritzen kideen kontzientziarik eza konpontzen laguntzen du, izan ere, kide horiek interes partekatuak dituzte, baina egindako ekintzez profitatzen dira erakundeari inongo ekarpenik egin gabe”. Adierazi duenez, “hitz gutxitan esanda, hiriko hurbiltasunezko merkataritza sustatzeko erabiltzen diren egungo tresnen mugapenak gainditzea xede duen instrumentu bat dira”.

Adiministrazioentzat ere, SEE ereduak begi-bistako abantailak ditu, bereziki udalentzat. Hiriaren suspertze ekonomikoa sustatzeaz gain, talentua atxiki eta erakargarritasuna handitzen dute negozio berriei begira. Gainera, komunikazio oparoa errazten dute SEEan kokaturiko eragile ekonomikoekin, politiken aplikazioaren mesedetan. Administrazioek SEEaren jarduketak gainbegiratzen dituzte interes publikoarekin lerrokatzeko.

Etorkizuneko legearen ibilbidea

Foru lege aurreproiektuaren edukia aldez aurreko kontsulta publikoan izan da martxoaren 14tik apirilaren 23ra bitartean, eta heldu den ostegunean, maiatzak 2, parte-hartze publikoaren lau hilabeteko prozesua irekiko da Gobernu Irekiaren webgunearen bitartez, gai honi loturiko herritarrek eta sektoreko elkarteek ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera izan dezaten.

Gobernu bilkuraren ondoko prentsaurrekoan, Ayerdi lehendakariordeak iragarri du, maiatzaren 10ean, Garapen Ekonomikoko Departamentuak legearen testua azaltzeko beste saio tekniko bat antolatuko duela interesatutako entitate eta toki administrazioendako, "II. Jardunaldi teknikoa: Nafarroarentzako proposamen" delakoari jarraipena eta segida emanez.