Descárgate la app
Gobernuak Nazio Batuen Garapen Iraunkorrari buruzko 2030eko Agendarekiko Nafarroaren atxikimendua berretsi du
2019ko apirilaren 30a
Gobernuak Nazio Batuen Garapen Iraunkorrari buruzko 2030eko Agendarekiko Nafarroaren atxikimendua berretsi du
Nafarroako Gobernuak Nazio Batuen Garapen Iraunkorrari buruzko 2030eko Agendarekin bat egiteko erabakia onartu du gaurko bilkuran, baita politika publikoak Agendarekin lerrokatzeko txostena eta Nafarroan inplementatzeko Ekintza Plana ere.
Nazio Batuen goi-bilerak 2015ean onarturiko Garapen Iraunkorrari buruzko 2030eko Agenda, pobrezia gainditzeko, desberdintasunaren eta justiziarik ezaren aurka borrokatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko bide-orri unibertsala da. Agiria sinatu duen estatu bakoitza arduratzen da dagokion garapen ekonomikoaz, sozialaz eta ingurumen arlokoaz, eta ondorioz, Agendako helburuak eta helmugak inplementatzeaz.
Gaurko bilkuran onarturiko erabakiaren bitartez, Nafarroako Gobernuak Agendan ezarritako garapen iraunkorrerako helburuekiko atxikimendu eta konpromisoa egiaztatu eta berretsi du, horri buruzko koordinaziorako Batzorde Betearazlea sortu du eta 2030eko Agendaren ikurra gaineratu dio irudi korporatiboari.
Nafarroa Agendan bildutako Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lerrokatuta dago Parlamentuak 2016an onartutako erabakiaren harira. GIHen eta horietan zehazturiko helmugen araberako politika publikoak garatu eta inplementatzeko, foru Gobernuak departamentuen arteko Batzordea sortu zuen, Nafarroaren barneko politikagintzan zein Garapenerako Lankidetzaren arloan helburuak betetzen ote diren aztertu eta horretarako jarraibideak proposa zitzan.
Helburuak: pobreziari, desberdintasunari eta klima aldaketari aurre egitea
Pertsonen garapena bermatzea eta bakebidezko gizarte zuzen eta barneratzaileei atxikitako duintasuna eta berdintasuna dira Nazio Batuen Garapen Iraunkorrari buruzko 2030eko Agendaren eduki eta helburuen ardatz, eta arreta berezia ematen dio Planetaren zainketari, erakundeen eta herritarren arteko nahitaezko aliantzen beharra azpimarratuz, “Inor atzean utzi gabe” lema nagusiari jarraiki.
Horretarako, Agendak 2030ean mamitu beharreko Garapen Iraunkorrerako 17 Helburu (GIH) finkatu ditu, pobreziaren kausei aurre eginez eta pertsona guztien garapenaren beharra nabarmenduz. GIH horiek unibertsalak dira eta herrialde guzti-guztiei dagozkie, edozein garapen-maila dutela ere. Horrez gain, helburuen izaera integratzailea eta bereizezina da eta garapen iraunkorraren hiru dimentsioak uztartzen dituzte: ekonomikoa, soziala eta ingurumenaren arlokoa.
Europar Batasunak 2030eko Agenda aintzat hartzea adostu zuen 2016an, eta honi loturiko barne zein kanpo politiken jarraipena egiteko adierazle-sistema landu zuen. Bestetik, Espainiako Gobernuak 2030eko Agendarako Maila Altuko Taldea eratu zuen 2017an, Espainiaren posizioa eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak betetzeko bideratu beharreko ekintzak koordinatzeko xedez. Erakunde honek aurrerapausoei buruzko borondatezko lehendabiziko txostena argitaratu du, Estatu mailako Ekintza Plana prestatu du eta, berrikitan, 2030eko Agendarako Goi Komisionatua eratu du.