Osasun Departamentuak 2 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Alergologia Zerbitzua berria eraikitzeko

Larrialdietako eraikinaren hirugarren solairuan kokatuko da eta lanak udan hastea aurreikusi da
2019ko apirilaren 29a

Departamentuak Nafarroako Ospitaguneko (NOG) Larrialdi Orokorretako eraikinaren hirugarren solairuan kokatuko den Alergologia Zerbitzu berrirako lokalak egokitzeko lanen litazioa abiarazi du. Proiektuak 2.155.620 euroko inbertsioa izanen du 1.817 metro koadroko esparruaren erreforma eta egokitzapen lanetarako, Galar-Vélaz-Gil enpresak landutako proiektuan zehaztutakoaren arabera. Lanak heldu den udan hasi eta 2020ko lehendabiziko seihilekoan bukatuko direla aurreikusi da.

Egun, Alergologia Zerbitzua Olivetoko Kondearen kaleko Osasun Zentroan kokatuta dago, Iruñean, eta kokapen aldaketari esker, instalazio erabilgarriak hobetu eta erantzuna emanen zaie zerbitzuaren beharrei nahiz espezialitatearen aurrerapenei.

Solairu berria eremu irekia izanen da, banaketa funtzional antolatua, modulatua eta malgua izanen du, baita pazientearentzako esparruak ere. Itxarongelak argi naturalaz hornituriko tamaina egokiko bi eremutan kokatuko dira.

Zirkuitu bikoitzeko banaketa argia

Lan proiektuaren arabera, solairu berriak banaketa argia izanen du, arloko profesionalekin batera zehaztu den Plan Funtzionalean ezarritakoa aintzat hartuz. Hartara, zirkuitu bikoitza izanen du, pazienteen (arrisku txiki eta ertainekoak) eta profesionalen eremuak ongi bereizteko.

Lehendabiziko zirkuitu asistentziala eraikinaren mendebaldeko multzoan kokatuta dago, eta bigarrena ekialdeko multzoan, asistentziaz kanpoko eremuarekin batera. Harrera eta administrazioa sarbide nagusiaren ondoan daude eta esparru komunak kontrako muturrean, langileen zirkuituaren barnean. Zirkuitu honetan dago, halaber, Larrialdiekin loturiko eremua, arras beharrezkoa solairuko pazienteekin konplikaziorik sortzekotan.

Zirkuitu bakoitzean aurreikusitako aretoei dagokienez, lehendabizikoak 10 mediku-kontsulta eta 4 erizaintza-kontsulta izanen ditu, baita proba kutaneoak egiteko bi laborategi, birikako arnasketa probak egiteko beste bi, proba epikutaneoetarako gela bat eta birika-azterketa aurreratua egiteko laborategi bat ere. Horrez gain, 65 pertsonarendako lekua duen itxaron-gela eta pazienteentzako komunak izanen ditu.

Bestetik, bigarren zirkuituan, Immunoterapia eta farmako biologikoen unitatea kokatuko da, elikagai zein sendagaiekiko tolerantzia neurtzeko probak egiteko unitatearekin batera. Bi itxarongela izanen ditu: bata haurrendako, 10na paziente eta laguntzailerendako lekua duena, eta bestea helduendako, 15 pertsonendako lekua duena. Bata zein bestea kristalez estalita egonen dira, erizaintza-gelarik aisa asko ikusi ahal izateko, prozeduren zainketa eta segurtasunaren mesedetan. Zirkuitu honek bizi-euskarri aurreratuko eremua ere izanen du, bi tratamendu-boxez eta bihotz-birikak bizkortzeko box batez osatua, bi zirkuitutako edozeinetan erreakzioak izan ditzaketen pazienteak tratatu eta ebaluatzeko.

Zerbitzu berriek profesionalei zuzendutako eremu esklusiboak izanen ditu: hiru bulego, batzar-gela bat, atseden-gela bat eta komunak.

Kalitate eta segurtasun handiagoa

Hornidura berri honekin, Alergologia Zerbitzuak ohiko jarduera klinikoaren kalitatea eta segurtasuna handitzea aurreikusi du, ospitalea gertu egotea eta beste zerbitzu edo espezialitateekiko lankidetza behar dituzten prozedurak zerbitzu-zorroan sartu eta sustatzeko xedez.

Halaber, bertan egiten den ikerketa kliniko aplikatuaren kalitatea hobetu eta horren inpaktua areagotzea ere espero da, izan ere, instalazio berriek harremanak erraztuko ditu gainerako ikertzaile taldeekin nahiz egitura osoari eutsi eta Ospitalegunean bertan kokatuta dagoen Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroarekin.

25.000 mediku-kontsulta baino gehiago 2018an

Egun, Alergologia Zerbitzua Olivetoko Kondearen kaleko Osasun Zentroan kokatuta dago, Iruñean, eta 11 mediku espezialista (zerbitzuko burua, ataleko burua eta ataleko mediku espezialistak), Erizaintzako 17 profesional (EUD), erizaintzako laguntzaile bat, laborategiko bi teknikari, hiru administrari laguntzaile eta bi zaindari ditu. Bestalde, Tuterako Osasun Eremuan, arreta Reina Sofialko Alergia Unitateak ematen du, Iruñean kokaturiko zerbitzuaren mende dagoelarik, eta 3 mediku espezialista, 5 EUD eta admnistrari laguntzaile bat ditu.

2018an, Iruñean, kanpoko pazienteen 19.611 bisita erregistratu ziren (7.472 lehendabiziko bisita eta 12.139 azterketa), eta horien ondorioz 25.000 proba kutaneo baino gehiago egin ziren (17.745 prik, 3.798 intradermorreakzio eta 1.271 proba epikutaneo), baita 7.191 arnasketa-proba, 3.671 birika-azterketa aurreratu eta elikagai nahiz sendagaiekiko tolerantzia aztertzeko 5.553 proba ere. Tuteran, 5.762 mediku-kontsulta izan ziren (1.842 lehendabiziko bisita eta 3.920 azterketa), dagozkien proba kutaneoekin nahiz arnasketa eta tolerantziari buruzko probekin. Gainera, 1.858 kontsulta ez-presentzial egin ziren, eta horietarik, 1.365 kontsulta Lehen Mailako Arretarekin egindako lehen bisitetako kontsultei buruzko proiektu batekin lotuta daude.

Tuterako Unitateak eta Lehen Mailako Arretak dituzten “in vitro” diagnosi-tekniken inguruko beharrak ere estatzen dituen laborategi propioak 12.323 lagin prozesatu eta 45.214 determinazio egin ditu.

Halaber, espezialitateari dagozkion berariazko tratamenduetan, 5.153 dosi baino gehiago banatu dira 1.000tik gora pazienteren artean, estraktu alergenikoak eta txertoak (gehienak) nahiz farmako biologikoak barne hartuta.