2019ko apirilaren 29a

Foru-aginduak Nafarroako faunaren eta basoko floraren filmazioa eta argazkigintza arautuko ditu

Nafarroako Ingurumen Kontseilua gaiaren alde agertu da gaurko bileran.

Nafarroako Ingurumen Kontseiluak basoko faunaren eta floraren behaketa, filmazioa eta argazkigintza arautzeko Foru Aginduaren aldeko txostena egin du. Horren helburua da balio naturalen kontserbazioa bermatzea jarduera horiek sustatzearekin batera.

Txostena lantzerakoan, Kontseiluak kontuan hartu du jarduera horiek “baldintza egokietan garatuz gero, lurraldearen garapen sozioekonomikoan laguntzen dutela”.

Gobernu Irekian dagoeneko kontsultatzen ahal den foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster sartuko da indarrean, eta horri atxikita daude “basoko flora eta fauna lur azaletik zein airetik (drone edo bestelako aparatu hegalarien laguntzan) behatzeko, filmatzeko eta argazkietan islatzeko jarduerak”, baimena behar dutenak zehazteaz gain.

Hartara, foru aginduak azaldu du Natur Inguruneari buruzko eskuduntza duten zerbitzuaren ageriko baimena beharko dutela Natura 2000 Sareko eremuetan egindako jarduerek, baldin eta eremu horietako araudiek jarduera horietarako murritzapenak ezarriak badituzte, baita fauna hartu edo atxikitzea behar duten jarduerak ere, edota fauna behatzeko, filmatzeko nahiz argazkiak ateratzeko egitura finkoak (hideak) jartzea behar duten erabilera komertzialetarako jarduerak. Bestetik, erantzukizunezko aitorpena beharko dute tranpa moduko kameren instalazioak edo mehatxatu gabeko espezieei zuzendutako behineko hide edo itxaronguneek.

Halaber, etorkizuneko Foru Aginduaren testuak argi utzi du zeintzuk diren basoko fauna eta floraren behaketa, filmaketa eta argazkigintzarako jardunbide egokiak; hala nola, jarduera egiten duenaren segurtasuna, espeziearen portaera, biologia eta betekizunei buruzko ezagutza, eta paisaiaren eta honen balioen atzeraezinezko manipulazioak eta alterazioak saihestea, baita basa-faunako aleekiko soberako hurbiltasuna ere.

Nitrato bidezko kutsadurak kaltetzen ahal dituen eremuei buruzko Foru Aginduaren berrikusketa

Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren bilera berean, aldeko txostena agertu da nekazaritzatik datozen nitratoen bidezko kutsadurak kaltetzen ahal dituen eremuei buruzko Foru Aginduaren aldaketaz.

Aipaturiko aldaketa 2018-2021ko Ekintza Programan nitrato bidezko kutsadura prebenitzea xede duen I. eranskinari dagokio, izan ere, Europako Batzordeak zenbait zehaztapen eskatu ditu programa ezagutzera emateko jardueretan laborantza-mota berri batzuk sartzeko eta nitrogenoaren aplikazioaren mugapen batzuk berrikusteko aukera antzeman ondoren.

Azkenik, Kontseiluko kideek hiri-erabilerako uraren ziklo integralari buruzko Plan Zuzentzailearen aldeko irizpena eman dute.

Nafarroako Ingurumen Kontseilua ingurumenari buruzko aholkularitza, parte-hartze eta kontsultarako funtzioak betetzen dituen organo kolegiatua da, erakundeen eta Administrazioaren ordezkariek osatutakoa eta lau urtez behin berritzen dena. Zehazkiago esanda, bertan daude ordezkatuta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazio, Nafarroako mendi, ehiza eta arrantza federazioak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Enpresarien Konfederazioa, Lan Enpresen Elkartea, Irache Kontsumitzaileen Elkartea, Nafarroako Ehiztarien Elkartea, UAGN, EHNE, UGT, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek eta Lurra, Ekologistak Martxan Iruña, Ecologistas en Acción de la Ribera eta Yesa + No erakundeak.