Descárgate la app
Natura arte garaikidearen inspirazio gisa eta emakumeen konpromisoa, Nafarroako Liburutegiko udaberriko egitarauaren gai nagusiak
2019ko apirilaren 26a
Natura arte garaikidearen inspirazio gisa eta emakumeen konpromisoa, Nafarroako Liburutegiko udaberriko egitarauaren gai nagusiak
Nafarroako Liburutegiak hiru hitzaldi ziklo programatu ditu udaberri honetarako: “Muga difusoak”, “Natura inspirazio gisa” eta “Emakumea eta konpromiso soziala XX. mendearen lehen erdialdean”. Hitzaldiak apirileko azken astean eta maiatzean eta ekainean eginen dira. Horiez gain, bestelako saioak ere antolatu ditu; hala nola, liburu aurkezpenak, dastaketak eta solasaldiak, besteak beste.
"Muga difusoak" zikloak autofikzioak literatura garaikidean izan duen goraldiari buruz gogoeta egitera gonbidatzen du eta Iruñeko Nafar Ateneoarekin batera antolatu da. Berrikitan “Una cierta edad” deritzon dietarioa argitaratu duen Marcos Ordóñez idazle eta antzerki-kritikariak niaren inguruko generoei buruz (egunerokoak, gutunak, etab.) hitz egingo du asteartean, apirilak 29, 19:00etan. Biharamunean, apirilak 30, ordu berean, bizitzako esperientzietan inspiratuta “El invitado amargo” eta “El joven sin alma” gisako eleberriak sortu dituen Vicente Molina Foix idazleak “Escribir la propia vida” izenburuko hitzaldia emanen du. Ziklo honen aurreko saioetan, hitzaldi bana eman zuten Anna Caballé ikertzaileak eta Fernando Marías idazleak.
Bigarren zikloa, “Natura inspirazio gisa” deritzona, maiatzaren 7an abiatuko da arkitekturan aditua den Anatxu Zabalbeascoa kazetariaren hitzaldi batez, naturak diseinuaren zein hirigintzaren arloko inspirazio iturri gisa izan duen garrantzia aztertzeko. Maiatzaren 14an, eko-nekazaritza izanen da hizpide Marc Badalen hitzaldian. Badalek landa munduak historian izandako bilakaera aztertu du “Vidas a la intemperie” liburuan.
Santiago Beruetek naturaz eta arteaz hitz egingo du maiatzaren 20an, Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi duen Eva Lootz artistarekin. Hilaren 21ean, Beruete, “Jardinosofía” eta “Verdolatría” liburuen egilea, naturak filosofian eta pentsamenduan izandako garrantziaz solastatuko da. Sorkuntzan aditua den Angélica Sátiro pedagogoa, “Juanitaren lorategia” delako proiektuaren arduraduna, eskolan natura kontuan hartzearen garrantziaz mintzatuko da maiatzaren 28an.
Ziklo honen barnean, bi hitzaldi osagarri era “Natura larria” izenburuko poesia errezitaldia ere eskainiko dira. Lehendabiziko hitzaldia Iruñeko lorategiez arduratu eta Zentzumenen Parkea nahiz Galaxiako Lorategia gisako proiektuak abiarazi dituen Mikel Baztanek emanen du maiatzaren 13an. Gainera, Yamaguchi parkea ezagutzera etorritako Teresa Pérez eta Joaquín Rodero ikertzaile sevillarrek “Lorategia Japoniako kulturan” izenburuko hitzaldia emanen dute.
Azkenik, hirugarren zikloak “Emakumea eta konpromiso soziala XX. mendearen lehen erdialdean” izenburua darama. Lau hitzaldi eta erakusketa baten bitartez, hainbat esparrutan garrantzi handia duten lau emakumeren biografiak errepasatuko ditu. Luis Garbayok María Lacunzari buruz hitz egingo du Pedro Charrorekin maiatzaren 27an; eta Arantzazu Amezaga Xabier Irujorekin solastatuko da maiatzaren 29an María Ana Bidegarairi buruz. Halaber, Manuel Martorellek Uriz Pi ahizpei buruzko hitzaldia emanen du ekainaren 3an, eta Joseba Eceolazak errepresaliatutako Camino Oscoz maistraren bizitzako zenbait une aztertuko ditu ekainaren 4an.
Liburu aurkezpenak
Arestian aipaturiko zikloez gain, “Naturalean” izenburua daraman beste saio bat izanen da (kateaturiko elkarrizketei buruzkoa), baita liburu aurkezpenak ere. Adibidez, duela bi urte hil zen Víctor Urrutia poeta eta politikariarena, Pedro Charrorena, edota Mexikon bizi eta Amado Alonso nazioarteko saria jaso duen Marco Perilli italiarrarena.
Halaber, Nafarroako Liburutegiak bat egin du sare publiko osoko liburutegiek 2030eko Agendako edukiak ezagutzera emateko eta horiei buruz sentsibilizatzeko abiarazi duten “Harrerako liburutegia” lankidetza bidezko proiektuarekin. Horretarako, liburutegi nagusiak dastaketak eta hitzaldiak (Patxi Zubizarretarena, kasu) antolatuko ditu, baita maiatzean eginen duen “Liburutegi Humanoa” deritzon jarduera interesgarria ere.