Descárgate la app
Nafarroak dagoeneko Memoria Historikoaren sei leku ditu
2019ko apirilaren 26a
Nafarroak dagoeneko Memoria Historikoaren sei leku ditu
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Memoria Historikoko lehen sei Leku behin betiko inskribatzea onartu du, horiek babesteko, kontserbatzeko eta hedatzeko helburuarekin. Modu horretan, Nafarroako Memoria Historikoko Lekuen Erroldan inskribatu dira Sartagudako Memoria Parkea, Otsoportilloko amildegia, Olabeko hobia, Igaritik Bidankozerako errepidearen Memoriala, Erreniegako hilobien Memoriala eta Emakumearen errepresioaren memoriaren eskultura Azkoienen, espazio horien arautzeko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeari jarraiki.
Prozesua audientziara eta jendaurrera atera eta Memoria Historikoaren arloko Koordinazioko Batzorde Teknikoak berretsi ondoren egin da inskripzioa.
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Olloren hitzetan, “memoriak paper protagonista izan behar du ez errepikatzeko bermeak ezartzeko eta gizarte zuzenagoa, etikoagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko orduan”. Ildo horretan, lehen sei leku horiekin, “horien ezagutza sustatu nahi dugu, beldurrezko lekuak bake eta bizikidetza balioak transmititzeko eta oroitzapenerako gune bilakatzearren”.
Halaber, kontseilariak nabarmendu nahi izan du toki horiek duten balioari esker, “gertatutakoaren memoria transmititu dezakegula Memoriadun eta horien inguruko bestelako jardueren Eskolak Programaren bitartez, memoria ez baita iraganeko kontua, etorkizunekoa baino”.
Amaitzeko, Ollok gogoratu du Nafarroako Gobernua, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, jada lanean ari dela Memoriaren beste zazpi leku inskribatzeko.
Memoriadun Eskolak eta belaunaldi arteko transmisioa
Bestalde, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria den Josemi Gastonek azpimarratu nahi izan du Memoriadun Eskolak hezkuntza-programa, “irakaskuntza eguneratzea bultzatu nahi duena, belaunaldi berriei memoria transmititzeak protagonismo berezia hartzen duten metodologiak sartuaz”. Programan iradokitzaileena honako hau da haren ustez: “biktimen senitartekoen eta gazteen arteko topaketak egitea, hezkuntza-lanaren ardatz nagusi moduan. Topaketa horiek iraganean gertaera traumatikoak gertatutako lekuetan eszenaratzen dira, eta, kasu honetan, 1936ko udako altxamendu militarraren ondorengo errepresio-prozesuekin lotuta daude”.
Era horretan, Gastonek apirilaren 10ean egindako belaunaldi arteko topaketa nabarmendu nahi izan du; bertan, 350 gazte baino gehiagok hartu zuten parte Sartagudako Memoria Parkean. Halaber, honako hauek aipatu ditu: ikasleek Teileria, Valcardera, Otsoportillo, Ibero edo Olabeko hilobiak bisitatzea; “Askatasunaren botilak” jarduera (400 gaztek GR-225 ibilbidea egin zuten); edo barrakoiaren inguruko landa-lanak; eta Igaritik Bidankozerako errepideko monolitoa, 100 ikasleren parte-hartzearekin.