2019ko apirilaren 26a

Nafarroak akordioa itxi du Foru Erkidegoan 50 milioi euroko balioko bonu jasangarrien jartze aitzindarirako

Era berean, Nafarroako Gobernuak bonu horiekin finantzatuko diren proiektuak arautzeko “Finantzaketa Jasangarrien Esparrua” landu du

Nafarroako Gobernuak akordioa itxi du Foru Erkidegoan 50 milioi euroko balioko bonu jasangarrien jartze aitzindarirako eta Finantzaketa Jasangarrien Esparrua zehaztu du. Bertan, 2019ko Aurrekontuarekin egin daitezkeen proiektuak eta bonuak jasotzen dira, bonu berdeak eta gizarte bonuak barne. Esparrua Sustainalytics enpresak aztertu du eta iritzi baikorra eta oso positiboa emateaz gain, ICMA Gizarte eta Bonu Berdeen Printzipioen estandarrekin betetzen dutela adierazi du.

Halaxe iragarri du gaur goizean Ogasun eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburuk, operazioa “atsegingarritzat” jo duelarik, “ez bakarrik nolako baldintzetan itxi den kontuan harturik, baizik eta Nafarroa Europan kokatzen duelako, zor jasangarria jaulkitzen duten eskualdeen artean sartuz. Bonuen jartze hau gizartearekin arduratsua den inbertsiogile europarrari zuzenduta dago”. Halaber, Mikel Aranburuk “finantza politika jasangarritasunarekin lerrokatu eta zorraren kudeaketan gardentasuna sustatu izana” nabarmendu du.

Akordio honen bitartez, Nafarroa finantzaketa jasangarriaren merkatuan sartu eta proiektu honi ekin dion Estatuko hirugarren autonomia-erkidegoa bilakatu da, tamaina txikiko lehendabizikoa, alegia. Hartara, 50 milioiko kapitala duen operazio hau Alemaniako inbertsiogile batekin itxi da % 2,1eko interes-tasarekin eta 25 urteko epearekin eta ordainketa apirilaren 30ean eginen da.

Finantzatu beharreko proiektuak

Zor honen bitartez finantzatuko diren proiektuei dagokienez, Finantzaketa Jasangarrien Esparruan araututa daude, 13 kategoriaren arabera: etxebizitza irisgarria, aurrerapen sozioekonomikoa, energia berriztagarriak, garraio garbia edo kutsaduraren prebentzioa eta kontrola, besteak beste. Kategoria bakoitzean, helburuko proiektuek bete beharreko inpaktuari buruzko adierazleak ere bildu dira.

Esparru hau modu ireki eta zabalean landu da, hainbat finantza-instrumentutarako baliagarria izan dadin: bonu berdeak, bonu sozialak, maileguak eta bestelakoak. Ondorioz, horretan oinarrituta, kopuru handiagoko zorpetzea egiteko aukera egongo litzakete, izan ere, Nafarroako Gobernuaren finantza-politika jasangarritasunaren ikuspegitik gidatuko duen etorkizuneko esparrua balitz bezala diseinatu da.

50 milioi euroko lehendabiziko jaulkipen honen bitartez finantzatuko diren proiektuak urtebeteko epean zehaztuko dira. Horrez gain, proiektu bakoitzari dagozkion adierazleak emango dira ezagutzera, izan ere, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa ez da mugatzen proiektuak esleitzera, baizik eta proiektu bakoitzari dagokion ingurumen nahiz gizarte inpaktuari buruzko txostena ere argitaratuko du.