Descárgate la app
Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren lehen urtearen Segimendu txostena aurkeztu dute
2019ko apirilaren 17a
Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren lehen urtearen Segimendu txostena aurkeztu dute
Nafarroako Hondakinen Planaren lehen aplikazio-urtean, hondakinen kudeaketa eta kontrola hobetu egin da Foru Komunitatean, baina gehiago sortzen jarraitzen da. Horrela ageri da Hondakinen 2017-2027 Planaren Segimendu Txostenean. Bertan, 2017ko hondakin guztien inguruko datuak eta 2018ko aurrerapenak jasotzen dira, Etxeko Hondakinei eta Hondakin Komertzialei dagokienean, Foru Komunitatean.
Planean ezarritako helburuei dagokienez, txostenaren arabera, egoera egokia da ontzietan, TEEHetan, pneumatikoetan, pila elektrikoetan, olio erabilian, araztegietako lohietan eta hondakin fitosanitarioetan; aurreratzen ari da erabilerarik gabeko ibilgailuetan, hondakin sanitarioetan eta hondakin industrialetan, eta lehentasunezko arreta behar da eraikuntzako hondakinetan, materia organikoan, errefusan era nekazaritza eta abeltzaintzako plastikoetan.
Hondakinen sorkuntzan dagoen goranzko joera bere horretan mantendu da 2014az geroztik, ekonomia suspertzen ari den seinale, eta ondorioz, behar-beharrezkoa da, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko teknikarien esanetan, Nafarroak ahalegin berezia egitea Planean ezarritako nahitaezko murrizketa eta birziklapen helburuak betetzeko eta hazkunde ekonomikoa hondakinen sorkuntzatik bereizteko.
Jarraipen Batzordearen urteko bileran aurkeztu eta webgunean eskuragarri dagoen txostena gaur eman diete ezagutzera mankomunitateetako lehendakariei Departamentuko Zuzendaritza Nagusiarekin izandako bilkuran, hondakinen funtsaren banaketari nahiz ingurumen zerbitzu nahiz instalazioen konpentsazioari dagokien lan-planteamendua aztertzeaz gain.
Hondakinen kudeaketa eta kontrola hobetu da, baina sorkuntza areagotu da
Hondakinen sorkuntzari dagokionez, Nafarroan 2017an 2,39 milioi tona sortu ziren, eta portzentajerik handienak eraikuntza sektorearekin lotuta jarraitzen du, guztizko hondakinen % 49rekin; industriak hondakin guztien % 35 eragiten du, eta etxebizitzek eta saltokiek % 11.
Hain zuzen ere, etxebizitzetan nahiz saltokietan, hodakinen sorkuntza % 2 gehitu da, eta horren arabera, Nafarroan, urteko 432 kilo hondakin sortzen dira biztanle bakoitzeko, Europako (487) eta Estatuko batezbestekoaren (462) azpitik, baina Planean 2027rako ezarritako 375 kiloko helburutik urrun.
Bilketa selektiboak ere igoera nabarmena izan du 2018an hondakin mota nagusietan (papera/kartoia, ontzi arinak, beira, materia organikoa, traste handiak, ehunak) eta errefusa % 0,4 murriztu da. Ontziei buruz, txostenak nabarmendu “Nafarroa ontzien bilketa selektiboaren buru dela autonomia-erkidegoen artean eta alde handia ateratzen diola Espainiako batezbestekoari, herritarren lankidetza eta partaidetza eredugarriari esker eta toki entitateen ahaleginari esker”.
Hondakin Planaren lehendabiziko urtean, birziklapen tasak ere gora egin du, % 37tik % 38ra igoz 2017. eta 2018. urteen artean, aurrerapauso txikia baina adierazgarria 2020an lortu nahi den % 50eko helburuari begira.
Hondakinetan deuseztatzeko prozesuak beheranzko joera hasi du eta puntu bat egin du behera 2018an, % 54an kokatuz, 2027rako % 25eko helburua lortu nahi delarik.
Materia organikoari dagokionez, sistema Nafarroako mankomunitateetan hedatzen jarraitu da (2014an % 24 eta % 53 2017an), eta 2022rako helburua % 100ekoa da, baina atxikimenduen igoera oso mantsoa da oraindik eta % 30ekoa baizik ez da.
Planean aurreikusitako helburuek eta neurriek betetze-maila handia mantendu dute, ekintzak gauzatzean ere: Planean 2027ra arte aurreikusita dauden 239 ekintzetatik 149 abian daude; gehienak prebentzioaren arlokoak (38), balorizazioari loturikoak (29), hondakin-bilketa selektibokoak (23) eta komunikazioaren arlokoak (24).
Azkenik, txostenak Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren sorrera eta honek egindako lana azpimarratu ditu, baita Nafarroa osoan abiarazi diren 13 garbigune berriak eta 19 garbigune txikiak, Emausko Trapuketariek Berriozarren irekitako berrerabilpenerako pretaketa zentroa, hiru konpostatze-gune berritarako proiektuak eta dauden ontzi-lantegien hobekuntza ere.
Gomendioak datuen kalitatea eta trazagarritasuna hobetzea
Berrikitan, Jarraipen Batzordeak eginndako urteko bileran, Nafarroako mankomunitate eta toki entitateek, enpresa publikoetako eta departamentuko pentsonalak, herritarren erakundeek, enpresarien elkarteek, elkarte profesionalek, enpresek eta hondakinen kudeatzaileek parte hartu zuten.
Batzordeari Planaren jarraipen Txostenaren xehetasunak ezagutzera emateaz gain, teknikariek datuen kalitatea eta trazagarritasuna hobetu behar direla nabarmendu eta hondakinei buruzko datuen behatokiaren berri eman zuten, izan ere, lanean hasita daude informazioaren bilketa eta tratamendua bateratzeko eta horren gardentasun eta kontrol homogeneoa bermatzeko. Ildo horretan, kudeatzaileei, mankomunitateei eta interesdun pertsona eta entitateei Hondakinen Planaren jarraipena egitea erraztuko dien tresna informatiko berria aurkeztu zuten.
Bileran, Ministroen Kontseiluak plastikozko poltsen erabilera prebenitzea xede duten Hondakinen buruzko Foru Legearen bi atalen aurkako errekurtsoa jartzeko hartu duen erabakiaren harira, Jarraipen Batzordeak Foru Lege horrekiko “atxikimendu eta sostenguzko” mozioa onartu zuen aho batez, gai honen inguruan dagoen “legerik aurreratuenetakoa dela” iritzita, bereziki plastikoaren arazoari dagokionez, “itxaroterik ez duten neurri politikoak eta sozialak behar baititu”.