Hezkuntza Departamentuak Abartzuzako Ikastetxe Publiko berria eraikitzeko lanak esleitu ditu

Lanak maiatzean hasi eta eskola 2019-20 ikasturtean zehar martxan jarriko da
2019ko apirilaren 17a
Abartzuzako etorkizuneko Ikastetxe Publikoaren errekreazioa.
camera_alt Abartzuzako etorkizuneko Ikastetxe Publikoaren errekreazioa.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Hezkuntza Departamentuak, Azpiegituren Zerbitzuaren bidez, Abartzuzako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa eraikitzeko lana, Aldi Baterako Enpresa Batasuna osatzen duten ondorengo enpresei esleitu die: Construcciones Boreste S.A; BECSA, S-A eta Electricidad Fija, S.Lri. 1.710.940 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) eraikitze lana maiatzean hasi eta 7 hilabete luze iraunen du. Deierri, Lezaun zein Gesalatz bailaretako ikasleek eraikin berria 2019-20 ikasturtean zehar estreinatu ahal izango dute.

Ikastetxe berria 2.700m2-koa izango da, eta Abartzuzako Pieza Roya inguruan kokatuko da. Zentroa solairu bakarrekoa izango da, landa-inguruneko estetikari jarraiki, eta kontsumo ia deusezekoa; "baserri-eskola" kontzeptupean eraikiko da. Abartzuzako Eskola Publikoak Haur eta Lehen Hezkuntzako 5 unitate izango ditu, eta gelak eta tailerrak bereizten dituzten bloketan eraikiko da. Modu horretan, Haur-zikloak bi gela eta arte eta sormenerako tailerra izango ditu, eta Lehen Hezkuntzak hiru gela eta arte eta sormenaren tailerrerako espazioa. Horrez gain, denek erabiltzeko guneak eraikiko dira; hala nola, patio estalia, sukaldea, jangela eta erabilera anitzeko gela (gimnasioa, psikomotrizitate gela eta ekitaldi-aretoa), edota administraziorako eta irakasleentzako espazioak. Eraikin berria baliabideen kudeaketa adimentsura egokituko da, eta guneak hezkuntza-metodologia berrietara moldatuko dira, Hezkuntza Departamentuak bultzaturiko lan-ildoa jarraituz.

Ikastetxe berria Abartzuza, Gesalatz, Lezaun eta Deierriko ikasleek erabiliko dute; orain arte, ikasleek Lizarrako ikastetxeetara joan behar izan dute.