2019ko apirilaren 17a

Gobernuak, Osasunbideko 74 ibilgailu berrietarako 2,7 milioi bideratuko ditu

Diru-laguntza gehienak larrialdi eta ospitaleratze profesionalentzako zuzenduta daude

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran akordioa onetsi du, zeinaren bidez, Osasunbideko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zaio, 74 ibilgailu berrietarako 2,7 milioi euroko alokatze-kontratua egiteko. Diru-laguntza gehienak larrialdi eta ospitaleratze profesionalentzako izanen dira.

Alokairu honen xedea larrialdietarako osasun-zerbitzuetako (etengabeko arreta-guneak) eta etxez etxeko ospitalizazio-ekipoetako profesionalen mugikortasun-arazoak konpontzea da.

Ibilgailuak “renting” bidez hornitzea erabaki da, eta, beraz, enpresa esleipendunarenak izango dira ibilgailu horiek eta haiekin hornitutako osagarriak, eta haren erantzukizuna izango da haien kudeaketa eta mantentzea. Aurreikusten da ibilgailu horiek prest egotea urtea amaitu baino lehen.

Ibilgailuen ezaugarriak

Ibilgailuek zamaketarako espazio bat eduki behar dute, irisgarritasun oso eta nahikoa bolumenarekin, behar bezala ainguratuta eramateko honakoak: osasun-materiala eta gaixoen diagnostikorako, tratamendurako eta erreanimaziorako aparatu elektromedikoak, karga-motxilak, oxigenoterapia-ekipoak, aire eta zain bideko eta sendaketen maletak, lepokoak eta hainbat tamainako ferulak, monitore desfibriladorea, elektrokardiografo eramangarria, pulsioximetroa eta gas-botila sendagarriak.

Horrez gain, aginte-mahaian irrati-transmisorea eta GPS geolokalizazio-sistema edo “Tetra” ezartzeko tokia utzi behar dute, gidariak zein albokoak erabiltzeko moduan.