2019ko apirilaren 17a

Gobernuak 2019ko “Vianako Printzea” saria eman dio Tomás Yerro Villanueva idazle eta irakasleari

Nafarroako Kultura Kontseiluak hautagaitzat proposatu zuen apirilaren 5ean

Nafarroako Gobernuak onarturiko Foru Dekretuaren bitartez, Kulturaren 2019ko “Vianako Printzea” saria eman dio Tomás Yerro Villanueva idazle eta irakasleari, Nafarroako Kultura Kontseiluak apirilaren 5ean egindako proposamenari jarraiki.

Golardoa maiatzaren 4an jasoko du Vianan. Sari honen bitartez, foru Exekutiboak Kulturaren munduko hainbat esparrutako pertsona edo erakunde aipagarriek sormen, azterlan eta ikerketaren arloan nahiz kulturaren sustapenean egindako ibilbidea nabarmendu eta aitortu nahi du. Aurtengo edizioan, sei hautagai aurkeztu dira guztira.

Tomás Yerro Villanueva

Gaur onarturiko foro dekretuak nabarmendu duenez, Yerro “Nafarroako azken hogei urteotako idazleendako erreferente bihurtu da, irakasle eta ikertzaile bezala zein literaturaren eta bereziki poesiaren dibulgatzaile bezala egin duen lanagatik”.

Halaber, Gobernuak, Espainiako Hizkuntza eta Literaturako Batxilergoko katedradun bezala eta hainbat unibertsitateko irakasle gisa, “letren sustapenean izan duen dedikazioagatik nabarmendu” dela gogoratu du, “idazketa landuz zein irakurmena sustatuz. Nabarmentzekoa da hainbat kultura erakunde nafarrekin irakasle, idazle zein hizlari gisa izandako lankidetza, horien jarduera eta proiektuetan parte hartuz edo literatura lehiaketa eta sariketetan aholkulari edo epaimahai gisa parte hartuz”.

Gainera, Exekutiboaren iritziz, Yerrok “bizimodu bihurtu ditu irakaskuntza, ikerketa eta Kulturaren sustapena. Haren bizitza-ibilbidetik, gizarte-kolektiborik ahulenen alde, adinekoen alde eta askotariko gaitasun funtzionalak dituzten pertsonen alde hartutako konpromiso pertsonala azpimarra daiteke”. Ildo honetan, Gobernuak aitortu du “alderdi sozial hau arras nabarmengarria dela haren ibilbidean, Kultura horretarako sarbiderik izan ohi ez duten sektoreei hurbiltzearen alde egin duen etangabeko lanaren ondorioz”.

Gobernuaren hitzetan, “Tomás Yerrok kulturan nahiz gizarte arloan egindako lanarekiko atxikimendua Foru Komunitateaz haraindikoa da. Haren ibilbide pertsonal eta profesionalaren aldarrikapen honek Espainiako Idazleen Elkargo Elkartearen aitorpenaren bermea du, baita haren lorratza agerikoa den zenbait liburutegi erakunderen bermea ere, Bartzelonako Gizarte Liburutegi Fundazioa tarteko”.